Getxoko 41. Jazz jaialdia. Elkarrizketa. Mikel Urretagoiena. The Machetazo taldeko bateria jotzailea

«Jazza testuingurutik aterata dago apur bat»

Musikeneko bost ikaslek musikaren bueltan elkarrekin igarotako denboraren ondorio da The Machetazo taldea. '1290 Prospect Place' diskoa kaleratu berri dute, taldearen sorleku izandako etxean oinarrituta.

BERRIA.
Julen Aperribai.
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Etxea eta musika, bietan elkarrekin egoteak ondorio onak izan ditu The Machetazo jazz taldeko kideentzat. Herbehereetan lehenik, eta New Yorken ondoren, elkarrekin igarotako denbora luzeari esker kaleratu du taldeak 1290 Prospect Place (Errabal Jazz) bere lehen diskoa. Orduan finkatu zuten taldearen oinarria, nahiz eta aurrez ere elkarren arteko konplizitatea ondo landua zuen Dani Juarezek (saxofoia), Dario Guibertek (kontrabaxua), Mikel Urretagoienak (bateria), Nacho Fernandezek (gitarra) eta Jorge Castañedak (pianoa) osatutako boskoteak. Getxon (Bizkaia) ariko dira igandean, jazz jaialdiaren barruan.

New Yorkeko etxean igarotako bost hilabeteetan sortu zen diskoa. Aberasgarria behar du izan han bizitakoak, haren erreferentziaz josita baitago proiektua.

Etxearen helbidea bera da diskoaren titulua. Bost hilabete eman genituen New Yorkeko etxe hartan, eta han bizitakoaren fruitua da diskoa. Bi urteko master bat egiten genbiltzan Groningenen [Herbehereak], eta master hark bost hilabetez New Yorkera joateko aukera eman zigun. Esperientzia izugarria izan zen, gure erreferente ziren musikariak bertatik bertara ikusi eta haiekin harremana egiteko aukera izan baikenuen.

Horrez gain, zuen talde propioa ere eratu zenuten. Elkarrekin bizi eta, aldi berean, musika sortzeak proiektua aberastu zuen?

Bai, dudarik gabe. Taldekideon artean dagoen konfiantzak eta elkar eraginak definitzen du hobekien The Machetazo. Masterrak iraun dituen bi urteetan elkarrekin bizi izan gara. Aurretik ere klasekideak ginen, eta proiektu batzuetan ere elkarrekin aritu ginen. Laguntasuna eta konplizitatea aurretik bagenituen, beraz. Oso esperientzia bizia da musika, bizilekua eta denbora partekatzea, baina emaitza positiboa da; oholtza gainean nabari da.

Ez zenuten beldurrik elkar hainbeste ezagutze horrek ez ote zuen nolabait mugatuko zuen sortze prozesua?

Ez. Elkarbizitzan beti daude gorabeherak, baina musikan hori positiboa da, azken batean, hizkuntza bat baita. Inprobisazioa asko lantzen dugu, eta, funtsean, elkarrizketa moduko bat da. Elkar ezagutzen duten bi pertsonaren arteko elkarrizketa arinagoa eta naturalagoa izan ohi da, elkar ezagutzen ez duten biren artekoa baino. Musikan gauza berbera gertatzen da.

New Yorkeko jazz kluben zirkuitua ezagutu duzue. Aterik zabaldu dizue horrek?

Ikasle bisarekin gindoazen, eta han lan egiteko eta kontzertuak emateko beste baimen bat behar da. Kontuz ibili beharra dago horrekin. Masterraren bidez, hala ere, espazio jakin batzuetan jotzea erraztu ziguten. Eman genituen kontzertuak zenbait klubetan, baina ez genuen klub mitikoenetan jo. Azken batean, esperientziaz gozatu eta informazio asko bildu genuen. Kontaktu asko egin genituen, eta saioak ere antolatu genituen. Harreman sare horren bidez hainbat proiektu egin ditugu. Hala ere, eta gehienbat, han bildutako esperientzia azpimarratuko nuke.

Elkarrekin bizitzen egon eta gero, desberdina da orain kideon arteko harremana. Zer moduz daramazue aldaketa hori?

Neurri batean eskertu ere egin dugu distantzia hartze hori, baina proiektuak indartsu jarraitzen du. Etapa desberdin bat da orain bizi duguna, baina oso presente dugu aurrekoa ere. Ez dugu galdu laguntasuna eta konplizitatea elkarrekin gutxiago egoteagatik, eta elkartzen garen bakoitzean lortzen dugu lehengo sintonia hori.

Bi egun eskasean grabatu zenuten diskoa. Zuzenekoen bat-batekotasuna diskora eraman nahi zenuten?

Bazegoen asmo hori. Zuzeneko guztiak dira desberdinak. Kantuak berak izan arren, inprobisazio bakoitzak abestia leku batera edo bestera eramaten du.

Udako jazz jaialdiak izango al dira datozen hilabeteetan taldearen ohiko plaza?

Madrilgo zenbait aretotan aritu gara, eta, orain, Getxoko jazzaldian jotzeko aukera atera zaigu. Horrelako jaialdiak aukera paregabea dira diskoa aurkezteko. Aretoetan eta jaialdietan ariko gara, batez ere.

Neguan, jazz kontzertuetan beherakada izaten da. Zuei ere eragiten dizue lehorteak?

Bai, guztiz. Urte osoan topera ibiltzen saiatzen gara, eta, horretarako, dagoenari eusten eta gu geu mugimendua sortzen ahalegintzen gara. Mugimendurik ez badago, alternatibak sortu beharko dira. Guk, musikari bezala, kontzertuak emanez hauspotu dezakegu hori, baina komeni da jendeak ere kontzientzia hartzea.

Jazza beste espazio batzuetara eramanez lor daiteke hori?

Noski. Nik uste dut jazza apur bat testuingurutik aterata dagoela. Jaialdietako musikatzat du askok, eta herritar askorengandik urrun geratzen da. Esentzian, jazzaren jatorria guztiz kontrakoa da; inprobisazioan oinarritzen da, eta inprobisazioa ez da batere elitista, kontrakoa baizik. Gure esku dago publiko orokorrari gerturatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.