Donostiako 60. Jazzaldia

Jazzaldia Trinitate plaza sakratuan

Steve Coleman, osteguneko kontzertuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
Steve Coleman, osteguneko kontzertuan. MAIALEN ANDRES / FOKU
2025eko uztailaren 26a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

steve coleman & five elements / kurt elling and yellowjackets celebrate weather report

Lekua: Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 24.

Steve Coleman & Five Elements taldeak eman dio hasiera 60. Jazzaldiari, jazzaren plaza sakratu horretan. Hasiera bikaina bezain sotila: sekulako plazera haize instrumentuak entzutea —hau da, saxoa eta tronpeta entzutea— atsegin dutenentzat.

Azken hamarkadan, Coleman (Chicago, AEB, 1958) eta haren lagunak jotzen entzuteko parada izan dugu behin baino gehiagotan Trinitate plazan bertan. Duela bederatzi urte aipatu nuen gazte itxurarekin azaldu zela Coleman jauna. New Yorkeko edozein auzo marjinalekoa zela zirudien, txapela atzera botata, zapatilak soinean... orain, 68 urte ditu, eta, sinisterik ez badago ere, gero eta gazteago dirudi. Duela bi urte rap kantari baten laguntzaz etorri zen; oraingoan sotilago, biluziago azaldu zaigu. Eta esango nuke haren doinuak, haren erritmoen lilura, hain justu, liluraren aurkako norabidean doazela, ikuskizunetatik urrun; gordina dirudi, baina izugarri sortzailea eta beroa da. Musikara hurbiltzen bazara, belarriak erne jarriz gero, entzumenezko mundu bereziaz gozatuko duzu. Jonathan Finlayson (Berkeley, Kalifornia, AEB, 1982) jazz tronpetistak laguntzen dio Coleman jaunari. Tronpeta eta saxoaren arteko duoak izugarriak dira, koordinazio bikaina erakusten dute, ezusteko birak eta jokoak, notak hegaldatzen dituzte xaramela geometrikoak irudikatuz. Arritmiarekin jolasten dute, errepikapen erritmikoak tarteka. Ikusgarria!

Eliza luterano bateko kapellmeister-en semea izanik, Kurt Elling jaunak (Chicago, AEB, 1967) koruetan abestu zuen haurtzarotik. Egun, jazzaren bokalista garrantzitsuenetakoa dugu; Broadwayko ikuskizun garaikide batera garamatza abesteko era sendo baten bidez. Batzuetan tinbre leuna erakusten du, eta beste batzuetan, oihukaria. Vocalese-aren lanetan (jazzean solo ospetsuei hitzak jarri eta kantatzeko artea) eskarmentu handia du.

Bai, Elling hitzak sortzen bikaina dugu. Oraingoan Weather Report taldeari eskainitako bere baritono ahots bereizgarria eta beroaz gain, hitzez bete du gaurko errepertorioa. «Egunez Kant ikasten nuen, eta gauez jazz klubetan inprobisatzen nuen», esan zuen behin. Nonbait, eta gure mesedetarako, larunbat gauek irabazi zuten igande goizeko liturgia luteranoen aurka. Hori dela eta, haren abestiez gozatzeko aukera dugu zaleok. Musika eta poesia uztartzeko trebetasun handia du. Inprobisatzeko duen gaitasun aparta azaldu digu; garraztasun zakar batekin jolas dezake scate jostagarriak eginez; ondoren, nota grabe bati infinituraino eusten dio abestia amaitzeko... Sinatra gaurkotu baten aurrean gaude. Abeslari aparta da, zalantzarik gabe, hitz bikainak jarri dizkio hainbat abestiri. Gau honetan Weather Report ospetsuen doinuei idatzi dizkie.

Yellowjackets taldearen lana Elling jaunari laguntzea izan da. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea du taldeak, eta haren historia luzean Russel Ferrante izan du buruetako bat. Teklatuarekin eta pianoarekin bikain jardun da Ferrante jauna. Nortasun handia erakutsi digu bere akorde ederrekin. Bob Mintzer denboraren bidaian eraman gaitu saxo tenor eta saxo elektroniko batekin (EWI), ahantziak genituen giro eta atmosferak gogora ekarriz. EWI delako saxo elektroniko berezi horrekin jazz rockak zuen kutsu elektronikoa eman dio, berriz sentiarazi dizkigu Weather Reporten eta Jaco Pastoriusen musika zoragarria, eta hor ezin utzi aipatu gabe Alderson australiarraren baxu elektrikoarekin bikain jardun dela, zehatz. Baxua eta Ellingen ahotsa elkarrekin aritu direnean izugarria izan da.

Gau zoragarria izan dugu jaialdiari hasiera emateko. Giro bikaina ez da zapuztu sekulako euri jasa bota duenen ere. Eskerrak istant bat baino ez dela izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.