Julen Zelaia. Biolin jotzailea

«Jazzean ere sartuko nuke burua, ez dut soilik klasikoan pentsatzen»

gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Juan Jose Ocon Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendariak, Amaia Garcia biolontxelo jotzaileak eta Ortzi Oihartzabal Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolin jotzaileak osaturiko epaimahaiak Julen Zelaia biolin jotzaileari—Iruñean jaio zen 1995ean, baina Hondarribian (Gipuzkoa) bizi da betidanik— eman dio aurtengo Nicanor Zabaleta beka. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak bultzatzen dute beka. Madrilgo Reina Sofia Goi Mailako Musika Eskolan, Ana Chumachenco irakaslearen gidaritzapean, biolin ikasketekin jarraitzeko izango dira bekaren 18.000 euroak.

Zer ikusi zion bost urteko ume hark biolinari hainbeste erakar zezan?

Etxetik jaso dut musikarekiko zaletasuna. Aitak organoa jotzen du, eta bost urterekin solfeoa ikasten hasi nintzen. Eskoletako batean biolina entzun eta erakarriko ninduen, eta hura aukeratu aurreragorako.

Madrilen jasotzen dituzu biolin irakaspenak. Euskal Herrian zer moduz dago musika irakaskuntza?

Ez nuke esango Euskal Herrian eskasiarik dagoenik irakaskuntzan. Irungo Musika Kontserbatorioan Rafaela Acella izan dut urte luzez irakasle. Egun ere irakasle da, eta oso maila handiko irakaslea, gainera. Musikenen ere nazioarteko irakasle onenetakoak izaten dira. Europako beste herrialde batzuei ez diegu inbidiarik, baina akaso, beste leku batzuetan ikasleek aukera handiagoa izaten dute ondoren ikasitakoa erakusteko, eta emanaldiak eskaintzeko.

Zer-nolako musikaria izatea gustatuko litzaizuke?

Musika klasikoa asko gustatzen zait, baina ez hori bakarrik. Askotan pentsatzen da musika klasikoa ikasten dugunok ez dugula beste musikarik entzuten. Nik bestelakoa ere entzuten dut. Orkestra bateko kide izango nintzateke, edo ganbera musika ere egingo nuke, baita bakarlari moduan aritu ere, baina, jazzean ere sartuko nuke burua. Ez dut soilik klasikoan pentsatzen.

Zure gaztetasuna eta abilezia nabarmentzen dute epaimahiko kideek. Zertan zara desberdin?

Ez dakit... teknika aipatzen dute, baina gaur egun teknika jende askok dauka. Akaso, musikaltasuna edo transmititzeko gaitasuna aipatuko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.