Jean Echenozen 'Lasterka' eleberria euskaratu du Gerardo Markuletak

Emil Zatopek lasterkariaren bizitza fikzionatzen du lanak; «sinpletasuna eta umorea» ditu ezaugarri

Echenozen trilogiaren bigarren lana da Lasterka; hirugarrena,Tximistak, laster argitaratuko dute. GARI GARAIALDE / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Bizitza erreal baten gainean ari bazara, zergatik erabiltzen duzu eleberri etiketa, eta ez biografiarena?». Hala galdetu izan diote askok Jean Echenozi, Emil Zatopek korrikalariaren bizitzan oinarritutako nobela idatzi ondoren. Orain, Gerardo Markuletak euskarara itzuli du Lasterka (Meettok), eta hark argi azaldu du egilearen asmoa: «Pertsonaia errealak erabiltzen ditu, baina fikzioko pertsonaiak balira bezala. Berak pertsonaia bat eraiki nahi izan du hau eleberri bat delako, egiaren atzetik ibili behar ez duen eleberri bat. Materia narratibo modura erabiltzen du Zatopeken bizitza». Umorea da nagusi, baita ironia ere; Markuletaren iritziz, «oso bizitza interesgarria» izan zen Zatopekena.

Txekiarra, 1922an jaioa, eta iraupen probetan espezialista. Halakoxea zen Zatopek. «Iraupen hori lortzeko egiten zituen entrenamenduak oso garrantzitsuak dira nobelan bertan, xehetasun horrek garrantzi handia dauka». Nekatzen hasten zenean, are gogorrago egiten zuen lasterka entrenamendu bakoitzean. Hargatik jarri zioten Giza-lokomotor ezizena. Euskal Herriarekin harremana ere izan zuen lasterkariak: Lasarten (Gipuzkoa) egin zuen korrika azkenekoz lasterketa ofizial batean, 1958an, eta irabazi egin zuen. Horrez gain, 1990ean, Urrezko Danborra jaso zuen, Donostian.

«Oso bizimodu konplikatua izan zuen, eta nobelan ematen digun irudia da bere sinpletasunean duintasun izpi bat gordetzeko ahalegina». Militarra ere izan zen, baina ibilbidearen amaieran zerrenda beltzean sartu zuten sobietarrek, Pragako Udaberria defendatzeagatik; geroztik, kale garbitzaile gisa, uranio meategietan eta abarretan lan egin behar izan zuen. 2000. urtean hil zen Zatopek. «Bizitzaren erdia estatuko atleta izan zen, eta Pragako Udaberrian herriaren alde egin zuen, ez boterearen alde».

Echenoz goraipatu du Markuletak, eta «Europako eleberrigile interesgarrienetako bat» bezala definitu du. Egileak dokumentazioan egindako lanak ere eman dio balioa azken emaitzari: «Esku abila du dokumentazio pila horretatik xehetasun esanguratsu eta bitxiak ateratzeko». Dokumentatu izanagatik, ordea, ez du lana pisutsu bihurtu. «Sortzen duen literatura testua trinkoa da, baina, aldi berean, arina. Oso itxura soila dauka, eta ez du irakurtzeko arazorik ematen —ezta euskaraz ere, zailagoa izaten baita—».

Azken batean, edozein literatura eleberriren helburuak dituela azpimarratu du: «Plazer estetikoa eta giza bizitzari buruzko kezka eta jakituria». Markuletaren arabera, «sinpletasun iradokitzailean eta umorean datza liburuaren bertuterik handienetako bat». Gainera, atletismoa gustuko ez dutenek ere badute liburuaz gozatzeko aukera, «oso interesgarri suertatzen diren detaileak baititu».

'Tximistak', hirugarrena

Echenozen trilogia baten bigarren lana da Lasterka. Lehena Ravel izan zen, 2006an Meettok argitaletxeak euskaraz kaleratu zuen lana. Hirugarrena, Tximistak, Markuletak berak itzuli du, eta laster argitaratuko dutela iragarri du. «Haren lan guztia ezagutzen ez badut ere, esango nuke trilogia hau oso berezia dela Echenozen nobelagintzaren barruan. Gizakion joeren oso sorta zabala hartzen du hiru liburutan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.