Jean Haritxelharri elkarrizketa luzea egin diote 'Jakin' aldizkarian

Estatuaren, ideologien eta alderdi politikoen inguruan Amaia Inzak idatzitako artikulu batek osatzen du zenbaki berria

Jean Haritxelhar, Miarritzeko Mediatekan, 1988an. BOB EDME.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Jean Haritxelharri elkarrizketa luze eta sakona egin dio Imanol Murua Uriak Jakin aldizkariaren 186. zenbakian, Historia bizia sailean. Jean Haritxelhar 1929an jaio zen, Baigorrin. Akizen, Baionan, Mont-de-Marsanen, Tolosaneta Parisen ikasi zuen. 1952an Agengo Institutuan hasi zen, gaztelaniako irakasle. Doktore tesia egiteko gaitzat, Rene Lafon eta Piarres Lafitteri jarraiki, Etxahun Barkoxekoa hautatu zuen.

Elkarrizketak Haritxelharren bizitzan eta obran sakontzen du: haurtzaroa Baigorrin; Bigarren Mundu Gerrako aleman okupazioari buruzko oroitzapenak; bigarren mailako, unibertsitateko eta gaztelaniako ikasketak Akize, Baiona, Mont-de-Marsan, Tolosa eta Parisen; hizkuntzalaritzaren arloan egindako ikerketak, Etxahun Barkoxekoari buruzko doktore tesia barne; Bordeleko Unibertsitatean gaztelania departamentuko irakaslea eta euskarazko katedraduna; Euskal Erakustokiko eta Ikas elkarteko zuzendaritza; Udako Euskal Unibertsitatearen sorreran izandako parte hartzea; Baigorriko alkate gisa bizi izandako esperientzia politikoa; Euskaltzaindiaren barruan egindako ibilbide luzea, akademiko eta euskaltzainburuorde gisa lehenik eta euskaltzainburu gisa ondoren; Herria eta Enbata aldizkarietan argitaratutako artikulu eta zutabeak... Azken batean, haren bizitza eta lanari buruzko testigantza jasotzen du elkarrizketak.

1962an egin zuten euskaltzain oso, Bordeleko Unibertsitateko gaztelaniako departamentuan irakasle sartu zen urte berean, eta aldi berean eskaini zioten Baionako Euskal Erakustokiko zuzendari izatea. Unibertsitatean, 1969an, Lafon erretiratu zenean, euskarazko katedraren jabe egin zen. Ardura horietan zelarik, euskararen eta euskal kulturaren eremuko hainbat egitasmotan eragile erabakigarria izan zen: Ikas, Udako EuskalUnibertsitatea, Pizkundea, Baionako Unibertsitateko euskal ikasketak, Euskal Kultur Erakundea...

Honoris causa doktore izendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak 1988an, eta UNEDek 2010ean. Manuel Lekuona saria eman zion Eusko Ikaskuntzak 2004an. Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kidea da 2007tik, erakundea sortu zenez geroztik.

Historia bizia sailaren hamabosgarren emanaldia da honako hau. Aurreko urteetan, hauen bizitzari eta lanari buruzko testigantzak bildu ditu Jakin-ek: Piarres Xarriton, Federiko Krutwig, Juan San Martin, Jesus Atxa, Antonio Zabala, Jean Louis Davant, Xabier Gereño, Iñaki Beobide, Gotzon Garate, Imanol Urbieta, Jose Antonio Arana Martija, Balendin Lasuen, Ander Manterola eta Joseba Intxausti.

Ideologien eraketa

Historia bizia sailaz gain, Amaia Inzaren artikulu bat dator Gaiak sailean. Estatuaren, ideologien eta alderdi politikoen arteko erlazioak aztertzen ditu. Estatuek ekonomian duten jokabidearen arabera egokitu behar izaten dituzte alderdi politikoek beren ideologia eta ezker-eskuin ardatzean duten posizioa. Egileak argudiatzen duenez, globalizazioak ongizate gizartearen ereduan eragin dituen egokitzapen eta erreformek diskurtso hegemoniko neoliberalerantz bultzatu dituzte ideologia eta alderdi politikoen jarrerak.

Azkenik, Egunen gurpilean saileko orrialdeetan, ohi bezala, arte, teknozientzia, literatura, soziolinguistika eta globalizazioaren inguruko berriak dituzte aipagai, estilo arin eta bizian, Haizea Barcenillak, Inaki Irazabalbeitiak, Goizalde Landabasok, Lionel Jolyk eta Josu Larrinagak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.