Taldea da inportanteena, hala estiloa eta nortasuna eragiten duen izaki sortzailea, nola eguneko 24 orduetan bizi dena. Ez da nire zeregina talde horrek zer eta nola jo behar duen esatea». Bere jardunbidea zehatz adierazten dute Steve Albiniren (Kalifornia, AEB, 1962) hitzek. Pixies-ek Surfer Rosa (1988) diskoa graba zezan aukeratu eta nolabaiteko oihartzuna izan zuenetik, hori izan du arau lan egin duen grabazio guztietan. Musikaria da bere lorpen eta porroten erantzulea; beste inor ez. Hark kokatzen ditu mikroak, betiere taldeak zuzenean izan beharko lukeen soinua eta intentsitatea jasotzeko helburuarekin. «Ez dut inoiz taldea bere nahietatik aldenduko. Disko batean lan egiten dudanean berdin du musika gustatzen zaidan ala ez. Profesionala naizen aldetik, lan ona egitea dagokit. Besterik gabe».
Profesionala. Langilea. Hori da Albini. Eta behargin autonomo batek bezala egiten du lan. Alde horretatik, ospetsua da In Utero diskoa grabatu aurretik Nirvana taldeari igorritako gutunean bere soldataren gainean emandako azalpena: «Iturgin bati ordainduko zenioketen bezala ordaintzea nahiko nuke. Nik nire lana egingo dut eta zuek horrek balio duena ordaindu». Albinik ez zuen nahi diskoaren salmentei lotutako portzentajerik. Horretan bere iritzia irmoa da: «Ez dut grabatu dudan disko bakar batengatik royalty-rik onartu. Salbuespenik gabe. Kito. Etikoki defendaezina da ekoizle edo soinu ingeniari batiroyalty-ak ordaintzea. Taldeak idazten ditu kantuak. Taldeak jotzen du musika. Taldearen jarraitzaileek erosten dituzte diskoak. Taldearen ardura da diskoa, bai zoragarria bai negargarria denean. Royalty-ak taldearentzat dira». Langilea. Horregatik, agian, bizkarrean E erraldoi bat duen buzo urdina janzten du lanerako. Iturgin bat balitz bezala.
Azkeneko 25 urteetan artista ugari pasatu da Albiniren eskuetatik: PJ Harvey, Low, Nirvana, The Wedding Present, Joanna Newsom, Slint, The Jesus Lizard, The Auteurs, Pussy Galore, The Fleshtones, The Jon Spencer Blues Explosion, Shannon Wright... eta ia guztiek euren disko esanguratsuenetakoak grabatu dituzte harekin. Hobeak ala eskasagoak, Albinik bere grabazioei ematen dien soinu gordin eta zuzena daukate guztiek. Berri Txarrak-ek ere Albini aukeratu zuen Payola diskoa (2009) grabatzeko, eta Shellaceko abeslariak Chicagon duen Electrical Audio estudiora jo zuen Lekunberriko taldeak. Gorka Urbizuk BERRIArentzat idatzitako kronikan arrazoitu zuen orduko hartan erabakia: «Gu albinizaleak bai, baina Albiniren groupie-ak ez gara sekula izan, gauzak diren bezala. Berak egindakoak asko gustatzen zitzaizkigun, halere: soinu gordina, bateria lodiak eta irratietan etengabe entzuten den soinu estandar horretatik aldentzeko ahalegina. Hori dena gehi In Utero, nahikoa zen guretzat».
Musikaria, teknikoaren isla
Albini ez da bakarrik oso modu propioan lan egiten duen soinu ingeniaria. Albini musikaria ere bada. Eta musikari gisa, zarata, indarkeria, erritmo errepikakorrak, riff takikardikoak eta mina eragiten duten soinu ostikoak egin ditu bere proiektuen ezaugarri nagusi. Big Blackekin estreinatu zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta EP sorta batekin nahiz bi LPrekin (Atomizer eta Songs about Fucking) jarri zuen mahai gainean bere egitekoaren funtsa: basa.
Rapeman proiektuarekinetsaiak egin zituen, taldeari Bortxatzaile izena jarri izana ez zelako izan askoren gustuko —ale bakarra atera zuen: Two Nuns and a Pack Mule (1988)—, eta azkeneko 20 urteotan Shellac deituriko makina bat gidatzen du. Aurten du kaleratzekoa bosgarren diskoa: Dude, electric.
Albini eta bere bi lagun banaezinek (Todd Trainer eta Bob Weston) Bilboko Kafe Antzokian joko dute etzi.
Jende arruntarentzat lan egiten duen iturgina
Steve Albini. Big Black, Rapeman eta Shellac basapiztien atzean ezkutatzen den gizonaren izenak aura berezia transmititzen du, industriaren presioei izkin eginda bere bidea egin duenarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu