kulTURA

Jende asko pastoralean

'Belagileen trajeria' lana antzeztu zuten atzo Aloze-Ziboze-Oinazegainen 95 bat lagunek. Abuztuaren 2an eginen dute berriz ere.

2009ko uztailaren 27a
14:07
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtero bezala, jende asko bildu da aurtengo pastoralean ere Zuberoan. Atzo arratsaldean egin zuten, Aloze-Ziboze-Oinazegainen Belagileen trajeria pastorala. Ttittika Rekaltek idatzi du lana, eta 95 bat lagunek hartu zuten parte antzezpenean. Bero egin zuen, baina itzalik ere bazen, eta ondo etorri zen.

Altzairako bidean izan zen, 15:30etik aitzina. Aurretik, meza 10:30ean, arizaleen desfilea 11:30ean eta bazkaria 12:00etan.

Abuztuaren 2an eginen dute berriz ere.

Tragedia bat gogorarazten du pastoralak, Lapurdiko gogo argitu eta askeko dozenaka emakumek jauntxoen bekaizkeriaz eta botere gosez itzelki jasan zutena. 1609an, Urtubieko eta Amueko jauntxoen nagusikeriei eta gehiegikeriei oldartu ziren herritar asko, arrantzaleak tartean. Horiek Ternua aldera arrantzara joan izana baliatuz, Urtubie eta Amue arrantzaleen emazteei oldartu ziren eta Elizaren eta Errege agintearen aitzinean deabruari emaniko sorgin gisa salatu zituzten. Garai haietan ez zegoen akusazio larriagorik, sorginkeriariaz erruduntzat emanak zirenak sugarretan bizirik erretzerat kondenatzen baitzituzten.

Jauntxoek eta horiek sustatzaile Etxauzeko apezkikuak zein Elizako goi agintaritzak Enrike IV. erregeari "sorginak" ehizatzeko eta zigortzeko eskaria egin ziotelarik, honek Pierre de Lancre epaile zibila bidali zuen Lapurdira. Jatorrizko deitura Pierre Rostegi zeukanak ikaragarriko basakeriak egin zituen, epe laburrean, bere arbasoen sorlekua zen Euskal Herrian. Gertakari itzel horiek amaitu ziren Ternuako uraldeetan arrantzan zabiltzan euskal arrantzaleak etxeratu zirelarik eta De Lancre epailea haizatu zutelarik. Ankerkeria haiek zauri sakonak utziko zituzten euskal gizartearen baitan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.