Iñaki Irigoien (Euskal dantzen ikerlaria)

"Jende askorentzat, dantza izan da euskal kulturara hurbiltzeko lehen pausoa"

Euskal folklorea oinarri hartuta moldatzen diren ikuskizunak eta tokian tokiko benetako folklorea desberdintzen ditu Irigoienek; azken urteotan herrietan egiten ziren dantza eta erritu asko "inoiz baino gehiago" berreskuratzen ari direla dio, "herri bakoitzak bere nortasuna mantenduta".

gotzon hermosilla
2013ko ekainaren 9a
17:02
Entzun

Euskal dantzen arloan lan eskerga egindakoa da Iñaki Irigoien Etxebarria (Bilbo, 1935). Lehenbizi, dantzari eta irakasle gisa; geroago, euskal dantzen ikerketan. "Euskal jantza bikañen maitale sutsua, abertzale zintzoa, euskaldun prestua", halaxe definitu zuen Gabriel Arestik 1960an argitaratutako olerki batean. Bizitza osoan "saltseroa" izan dela aitortu du Irigoienek, ingurukoei adorea ematen eta haiek akuilatzen jardundakoa. Baina antolatzaile eta sustatzaile aparta izateaz gain, berak ez dio inoiz muzin egin lanari. Ikerkuntzan, batez ere, historiaren azterketan hutsune handia zegoela ikusi zuenean, buru-belarri sartu zen langintza horretan, lanak eta familiak uzten zizkioten tarte apurrak baliatuta soziologia ikasketak egin ondoren.

Duela gutxi, omenaldia egin zioten Irigoieni Bilboko Euskal Museoan, eta omenaldi horren karietara argitaratutako katalogoak argi erakusten du Irigoienen uztaren tamaina: dozenaka liburu, liburuxka eta artikulu argitaratu ditu, betiere dantzak, ohiturak, tradizioak eta euskal folklorea ardatz hartuta. Orain, omenaldiaren inguruko zurrunbiloa apur bat baretuta, lanari lotzeko gogoz dago berriro.

Bilbon jaiotakoa zara.

Bai. Bueno, zuzen-zuzen esanda, Abandon [Abando udalerria izan zen Bilborekin bat egin zuen arte, 1890ean]. Gure aitak-eta beti esaten zuten "Bilbora goaz", orduan Bilbo beste gauza bat zelako.

Dantzari moduan, Dindirri taldearekin hasi zinen, 1952an. Zelako garrantzia izan zuen Dindirrik garai hartako Bilbo erdaldunean?

Bilboko talderik handiena izan zen Dindirri. Gerra aurrean dantzan ibilitako jendeak sortu zuen, Eusko Gaztedin ibilitako dantzariek, eta, geroago, indarra hartu zuen. Kontuan hartu behar da frankismoaren urte latz horietan dantza eta abestiak, orfeoiak-eta, izan zirela egiten lagatzen zituzten euskal kulturaren adierazpide bakarrak. Euskara bera ere jazarria zegoen, eta, beraz, euskal kultura zen dantza. Orduan ez zegoen elkarteen legerik edo antzekorik, eta talde gehienak elizaren babespean antolatzen ziren. Dindirri bera orfeoi baten babespean sortu zen; gero, beste koru batera pasatu zen, Coral del Ensanche izenekora; gero, ez batean eta ez bestean ibili zen, eta polizia noizean behin pasatzen zen handik.

Hurrengo hamarkadetan asko ugaritu ziren dantza taldeak. Garai hartako oroiminik ba al duzu?

Nik dantzaren arloan beti bereizten ditut folklorea, hau da, herrietan urterik urte egin denari jarraituz egindako dantza, eta Bilbon eta horrelako hirietan dantza taldeek egiten zutena. Orain, folklorearen arloan egiten den dantza inoiz baino gehiago egiten dela uste dut, eta, gainera, nork bere nortasuna mantenduta.

Dantza talde kaletarrei dagokienez, orduko jarduera nagusia dantza erakustaldiak edo, orduan esaten zen bezala, alardeak egitea zen.

Guk, Bizkaian, horrelakoak egin ditugu, batez ere jendea batzeko. Mende hasieran EAJ hedatzen hasi zenean, dantzak izan ziren jendea euskal kulturara hurbilarazteko tresna. Hori zen lehenengo maila. Eta gerra ostean ere alarde handiak antolatzen ziren Euskal Herri osoko dantzak erakusteko. Irizpide hori oso argi eduki dute beti Dindirrik eta gainerako dantza taldeek: gure dantzak dira Euskal Herriaren mugen barnean egiten direnak, eta Zuberoako dantzak gureak diren moduan, Bizkaiko mugan egiten direnak ere gure dantzak dira. Seguru asko, mugan egiten diren dantza horiek eta Santander aldean egiten direnak oso antzekoak izango dira, baina gureak Lanestosakoak (Bizkaia) dira, ez besteak.

Dantza taldeek sekulako gorakada izan zuten 60ko hamarraldian. Zure ustez, zein izan zen susperraldi horren une gorena?

Seguru asko, Deban (Gipuzkoa) egin zen agerraldia [1965eko maiatzean]. Jende asko batu ginen han. Garai hartako gazteontzat, garrantzi handia zeukan Ipar Euskal Herritik zetorren [Mixel] Labegerieren Gu gira Euskadiko gazteri berria kantuak, ondo laburbiltzen zuelako orduko giroa. Euskal kulturaren susperraldi handia zegoen oro har, Ez dok amairu eta abar, eta dantzan ere antzeko zerbait gertatzen zen. Hurrengo urtean, Debakoa debekatu egin zuten.

Euskal Dantzarien Biltzarra ere 1965ean sortu zen. Pentsatzekoa da elkartea Baionan sortzea ez zela kasualitatearen ondorio izango.

Frankismoaren denboran, legeztatu zuten lehenengo elkartea txistulariena izan zen. Eta guk, Dindirrikook eta beste zenbait taldetakoek ere, antzeko zerbait nahi genuen. Mugimendu bat eratu zen zenbait eskakizunekin, baina debekua egon zen beti. Orduan Xabier Gereñok, horretaz oso abila zenak, pentsatu zuen hemen ez zegoela legeztatzerik baina Iparraldean bai. Harentzat garrantzia zeukana aldizkari bat argitaratu ahal izatea zen, eta horrela egin zen. Hasieran taldeak bazeuden Biltzarrean, baina ez zeukan bizitasun handirik, frankismoaren garaian ezin zelako gauza handirik egin; dena den, Gereñoren bultzadaz lortu zen Dantzari aldizkaria sortzea, eta hamabi zenbaki argitaratu ziren.

Garai nahasi haietan, batzuek uste zuten euskal dantzak besterik gabe sustatzea folklorekerian aritzea zela.

Bai, ETAk ere idazki moduko bat atera zuen horrelakoak esaten. Nik beti oso argi eduki dut jendea euskal kulturara erakartzeko lehenengo pausoa, eta errazena, dantza zela. Euskara ikastea baino errazagoa izan da dantza batzuk ikastea, eta, alde horretatik, garrantzia eduki du. Horrek ez du esan nahi horretan geratzen garenik.

Franco hil ostean, zertan aldatu zen Euskal Dantzarien Biltzarraren jarduera?

Lehenengo legearekin, gipuzkoarrek zeukaten zuzendaritza, eta besteok ordezkariak ginen. Neu, adibidez, Franco hil eta segituan izendatu ninduten Bizkaiko ordezkari. Baina han ez ziren taldeak batzen, eta guk taldeak batu nahi genituen behetik gora, goitik beherako funtzionamendua izan beharrean. Nafarrekin hitz egin genuen, Dantzari Egun handi bat antolatu zen Iruñean, 1978an, denak baturik, Euskal Herri osoko herrialde guztietako taldeekin, eta hortik aurrera hasi ziren taldeak mugimendu horretan sartzen eta beste era batera funtzionatzen.

Folklore autoktonoaren eta dantza talde kaletarrek egiten zutenaren arteko desberdintasuna aipatu duzu lehen.

Bai. Egia da neurri handi batean biak direla espektakulua, baina tokia, momentua eta abar guztiz desberdinak dira. Desberdina da Dindirrik Arriaga antzokian egiten zuen ikuskizuna, edo Oñatin bertakoek egiten dutena. Han ez dago dantza desberdinik: momentu konkretu batean herrian dantza egin behar da, eta, gainera, badakizu duela urte asko egiten dela hori. Beste esangura bat du. Bestea hainbat dantzarekin osatutako erakustaldi bat baino ez da.

Eta zuk, talde kaletar batean ikasia izaki, noiz eta nola egin zenuen topo dantzaren beste errealitate horrekin?

Gauza bat hartu behar da kontuan. Gerra ostean, Eusko Ikaskuntza desegin zen, beste erakunde batzuk desegin ziren, baina Euskaltzaindia ez. Horren zuzendaritzan karlista batzuk egon ziren, eta horiek Francok Euskaltzaindia ez desegitea lortu zuten; beste aldetik, lehendakaria [Resurreccion Maria] Azkue zen, gerra aurrean politikan asko sartu ez zena. Azkuek lokal txiki batean lan egiten zuen Bilbon, Erribera kaleko 6.ean, eta garrantzi handia eduki zuen euskal kulturarentzat. Gure anaia zaharra [Alfonso Irigoien euskaltzaina] oso sartuta zegoen euskara eta euskal kulturaren kontuetan; hara joan zen beharrera, eta han, Euskaltzaindiaren babesean, gauza asko egin ziren, esaterako euskara eskolak eta legeztaturiko lehenengo Bilboko ikastola. Ni ere hara joaten nintzen, eta hasi nintzen hango liburuei hautsa kentzen.

Eta liburuez gain?

Hara euskal kulturako jende asko joaten zen, Gabriel Aresti edo Juan San Martin, esaterako. San Martin mendizalea zen, eta espeleologia kontuak maite zituen; behin esan zidan Arantzazutik bueltan zetorrela dantza batzuk ikusi zituela Oñatin. Nik pentsatu nuen horiek ikusi behar nituela. Hori 1960. urtea baino lehenago izan zen. Ikustera joan nintzen, eta konturatu nintzen hura, gure ikuskizunekin alderatuta, beste gauza bat zela.

Dantzari hasi eta ikerlari izatera iristea zuretzat natural egindako urratsa izan zela pentsatzen dut.

Bai. Dindirrirekin Euskal Herri osoan egondakoa nintzen, taldeak garai hartan hedapen handia izan zuelako, eta beste lagun batzuekin batera tokian tokiko dantzak ikasten ibili nintzen. Gero, hitzaldi batzuk eman beharra suertatu zen; horretan hasi nintzen, gero idazten ere bai, eta apurka-apurka sartu nintzen. Ikusi nuen artxibo batzuk badaudela ikertu gabe, eta horretan jarri nintzen. Caro Barojak esaten zuen moduan, arazoa ez dira paperak, paper horiek nork irakurri baizik. Oraindino badaude kutxa osoak zabaldu barik.

Beraz, ikerketa arloan oraindik badago zereginik?

Ahoz aho egin zitekeen ikerketa nik uste dut dagoeneko eginda dagoela. Esaterako, Durangaldeko dantzen inguruan, norbaitek esan dezake komenigarria litzatekeela hango zaharrei galdetzea. Baina zaharra neu naiz. 1958an lehenengo aldiz ikusi nituenetik idatzita daukat hango dantzak zelan egiten ziren. Eta gerta liteke hango bati itauntzea, eta ni baino gazteagoa izatea. Beraz, alde horretatik, lan gehiena eginda dago. Geratzen dena da, esan dudan bezala, paper asko ikusteko.

Eta zer ikas daiteke paper horietatik?

Artxibategietan, esaterako, aktak daude. Hortik ez dago gauza asko ateratzerik. Baina ordainketa agiriak ere badaude. Eta hor gauza gehiago dago. Aktak arakatuta, ezin da jakin Bilboko jaiak zelakoak ziren, baina fakturak ikusita, jakin daiteke zer ordaintzen zen, eta horrek pista gehiago ematen digu jakiteko zelan osatzen zituzten orduko jaiak. Orain, adibidez, Bilboko XIX. mendeko txistulariei buruzko lan bat egin gura dut, eta joan naiz ordaintze agindu eta fakturak ikustera, baina ezin ditut ikusi.

Zergatik?

Paperak kaxatan sartuta daude, uholdea gertatu zenean kaxa haiek uretan ibili ziren, eta oraindino hor dago kaxa pila garbitu barik. Hor beharbada ez da sekulako aurkikuntza egingo, baina xehetasun asko daude, fakturen bidez jakin daitezkeenak.

Dantza festarekin, ondo pasatzearekin lotu ohi da. Hori baino gehiago ere ba al da?

Herriak erabiltzen duen kultur adierazpidea da dantza. Herriak erabiltzen du, baina ez bakarrik plazan: beste egoera batzuetan ere egiten du, esaterako, norbait datorrenean, hori omentzeko. Lekeitioko kaxarranka erritu bat da, ez dauka zerikusirik ondo pasatzearekin: paperak eraman behar dira maiordomo zaharraren etxetik; horretarako, prozesio moduko bat antolatzen da, eta, tartean, dantza sartzen da. Une jakin batean eta leku jakin batean egiten da erritua: Lesakan, adibidez, zubi baten gainean egiten da. Horregatik diot gauza bat dela dantza ikuskizun gisa, eta beste gauza bat egoera jakin batean egiten den erritua.

Joan den apirilaren 13an, omenaldia egin zizuten Bilboko Euskal Museoan. Gustura egon zinen?

Niretzat ezusteko handia izan zen, azken egunera arte ez nuelako ezer jakin. Emaztea eta alabak ibili ziren hemendik dokumentuak-eta eramaten, nik jakin barik, eta omenaldia iritsitakoan, ezusteko handia hartu nuen. Niretzat politena izan zen ikustea kanpotik lagun asko etorri zirela, denak dantzaren girokoak; horrek esan nahi du lagun asko dauzkadala. Eta agintariak tartean sartzea ere pozgarria izan zen.

Zergatik?

Ez nigatik. Nik uste dut agintariek lar erraz eduki dutela euskal dantzen kontua, dantza taldeetan boluntarismo handia egon delako. Beste edozein dantza mota ikasteko, ordaindu egin behar zen, baina guk euskal dantza taldeetan doan egin izan dugu dena, eta hori ederto etorri zaie agintariei. Batzuetan, folklorismo hutsean gelditu dira kanpoko agintari bat datorrela-eta hari aurreskua dantzatzea eta horrelakoak, baina uste dut ondo egongo litzatekeela beraiek apurtxo bat gehiago egitea. Horregatik poztu nau ikusteak, esaterako, omenaldiarekin batera erakusketa bat antolatu dutela, arrakasta handia izaten ari dela eta luzatu behar izan dutela, bide batez esanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.