Jende gutxiago bildu arren, EHZk ontzat jo du aurtengo jaialdia

Datorren larunbatean urteroko bilketa egingo dutela oroitarazi dute antolatzaileek, «Heleta atzeman bezala uzteko»

Heletako kontzertu, eztabaida eta animazio guztiak giro bikainean igaro dira aurten ere. GAIZKA IROZ.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hiru egun eta hiru gau iraun duen festa batere arazorik gabe igaro dela eta, Euskal Herria Zuzenean jaialdiko antolatzaileek ontzat jo dute 17. goa, nahiz eta, aurreko urtekoekin alderatuta, jende gutxiago hurbildu den Heletara (Nafarroa Beherea). «Euriaren eragina izango da seguruenik, baina hausnartuko dugu publikoaren jaitsieraz», adierazi zuen Eneko Etxegarai jaialdiko lehendakariak. «Hala ere, ez izan dudarik, EHZk hemen jarraituko du datozen urteetan ere». Era berean, eskerrak eman zizkien jaialdiaren 700 laguntzaileei, «haiek direlako EHZren indarra».

Kontuak kontu, bildutako jende kopurua —14.500 lagun inguru— alde batera utzita, dena irten da primeran, antolatzaileen irudiko. Sorgin proiektuaren barruan laguntzaileek ekoitzitako antzezlanak arrakasta izan du; mota anitzetako animazio eta kontzertuetan ibili dira festibalariak; Erregelun izandako hitzaldi, tailer eta dokumentaletan jende askok hartu du parte; eta gogoeta ere egin da, «zinez lorpen handia izan dena», Izarne Molina antolatzailearen ustetan. Hain justu, gogoeta gunean 160 lagun bildu ziren larunbatean, eta, «eskaera badagoenez», aurrerantzean ere hori lantzeko asmoa dute.Philippe Etxepare Heletako alkatea ere «kontent» agertu zen, batez ere jaialdiak herrian duen pisu ekonomikoagatik. Oraingoz, 2014ra arte jarraituko du toki berean.

Bestalde, antolatzaileek azpimarratu zuten euskal preso eta iheslariak gogoan izan dituztela aurten ere, babes zabala eman dietela, eta horren erakusgarri dela igandean eginiko lipdub «jendetsua».

Amaitzeko, gogora ekarri zuten jaialdia ez dela igandean amaitzen, eta aste osoan desmuntaketa lanetan arituko direla, «Heleta atzeman bezala uzteko». Gauzak horrela, datorren larunbatean, hilak 7, egingo dutenbilketa erraldoirako deia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.