Ana Malagon. Idazlea

«Jendea hobeto ulertzen saiatzeko modu bat da idaztea»

Mikroipuinen bilduma batekin atera zen plazara Malagon. Molde laburra utzi gabe, narrazio luzeagoak ondu ditu 'Gelditu zaitezte gurekin' bigarren lanean. Tonu iluneko istorioak dira gehienak, baina ironiaz beratuak.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Gaztetatik idatzi izan du Ana Malagonek (Donostia, 1978). Hainbat alditan Urruzuno saria irabaztea ekarri zion horrek, eta urteotan ez du zaletasuna bazter utzi. 2014an eman zuen argitara bere lehen liburua, Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar); tonu iluneko mikroipuinak bildu zituen izenburu ustez lasaigarriaren azpian. Bigarrena aurten ekarri du plazara, Gelditu zaitezke gurekin (Elkar), eta narrazio luzeagoetara jo du oraingoan. «Erronka» izan da harentzat aldaketa; eroso dabil molde laburrean, eta zaila egiten zaio bere burua are luzeagoan irudikatzea. «Lanak bere denbora hartzen dit, eta ezingo nuke beharrezkoa den tartea hartu. Ipuinak idazteak, aldiz, aukera ematen dizu sartu-irtenak errazago egiteko». Edonola ere, oraingoz buruan ez du beste lanik; «Oraintxe bertan, nire asmoa gehiago da irakurtzea».

Gaztetatik idatzi duzu, eta egun bi blog dituzu, bi Twitter kontu... Beharra da zuretzat idaztea?

Ez nuke hainbeste esango. Badago jendea bere barrenak husteko idazten duena, terapia gisa... Idazteko arrazoi asko daude, eta ez nuke esango bakarra dudanik. Niretzat idaztea neure burua ordenan jartzeko modu bat da, neure burua gauzak modu ordenatu batean pentsatzera behartzeko modu bat, eta, irakurtzea den bezala, mundua eta jendea hobeto ulertzen saiatzeko modu bat. Pertsonaia bat sortzean, saiatzen zara bera ulertzen. Alde horretatik beharra den? Bueno, igual bai; jendea ulertzeko beharra daukat, eta, batez ere irakurketak, baina idazketak ere ematen dit hori.

Bigarren liburua publikatu duzu jada. Aurreko lanean, Lasai, ez da ezer gertatzen hartan, mikroipuinak bildu zenituen. Neurri horretan eroso sentitu zara?

Bai, luzeagoetan baino erosoago, esango nuke. Oso modu labur eta kondentsatuan idazteko joera dut oro har, gauzak trinkotzekoa, eta zerbait luzeagoa idaztean beti iruditzen zait luzatzen ari naizela, gauzak kendu behar direla... Baina mikroipuinetan ez hainbeste. Naturalagoa egiten zaidan formatu bat da ipuin luzea baino.

Orduan, zergatik aldaketa? Lan berrikoak ere narrazio laburrak dira, baina luzeagoak, hala ere.

Alde batetik, aldatzeagatik, gauza bera ez egiteagatik. Ez nuen neure burua ikusten beti gauza bera egiten; gustatzen zait neure buruari erronkak jartzea, eta beste formatu bat probatzea erronka bat zen, batez ere eroso sentitzen naizen formatu batetik aterata. Eta, bestetik, kontatu nahi nituen gauzak mikroipuinetan kontatzea zailagoa dela uste dudalako. Mikroipuin batean lor dezakezu ideia bat edo pertsonaien arteko harremanak gehiago garatzea, baina harremanen mundu hori azaltzeko mikroipuinen formatua pixka bat txikia geratzen zitzaidan. Luzeagoetan aukera gehiago nituen gauza horiek esploratzeko.

Idazteko orduan, oso ariketa ezberdina iruditu zaizu?

Denboran gehiago luzatzen den prozesua da. Ez beti, baina mikroipuin bat arratsalde batean egiten dudan gauza bat izan daiteke, gutxi gorabehera. Ipuin luzeago baterako denbora gehiago behar da; koherentzia gorde beharra, xehetasun gehiagori erreparatzea, geruzak jarri edo kentzea... berridazketa gehiago dago, eta prozesu luzeagoa da. Hariari eustea, niretzat hori zen erronka handienetakoa: hari bat dago hemen, eta ea nola eusten diodan, edo beste leku batetik banoa ea itzultzen naizen kontatu nahi nuen horretara.

Eta, emaitzan, ariketa aldaketa horren eraginik sumatu al duzu estiloan, tonuan...?

Tonuan agian... Mikroipuinetan, espazio gutxiago duzunez kontatu nahi duzuna kontatzeko, askoz ere zuzenagoa da, muinera zoaz. Hemen dena da pausatuagoa, bestelako tonu bat dauka, uste dut malenkoniatsuagoa ere badela, ez dela hain... bueno, ez nuke esango Lasai, ez da ezer gertatzen liburukoak tonu bortitzeko ipuinak zirenik, baina hemen lauagoa da dena. Susmo hori daukat.

Fideltasunaren gaiaz hitz egin nahi zenuela azaldu izan duzu, baina zaintzak pisu handiagoa hartu duela azkenean liburuan. Dena den, zergatik interesatzen zitzaizun fideltasunaren gaia?

Iruditzen zait gaur egungo gizartean badugula garenari, izan nahi genuenari eta ditugun harremanei eutsi nahi izateko behar bat, baina baita hausteko behar bat ere. Eta uste dut zaintzak eta fideltasunak asko baldintzatzen dituztela ditugun harremanak, bai senide, lagun, bikotekide eta abarrekin, baita —eta hau garrantzitsua zen niretzat— norberak bere buruarekin duen harremana ere. Nor naizen, zer izan nahi nuen, eutsi ote diodan horri edo ez, koherentea ote naizen neure buruarekin edo ez... Gauza horiek oso presente daude gaurko munduan, eta pentsatu nuen hor bazegoela gai bat jorratzeko.

Fideltasuna eta zaintza lotuta ikusten dituzu, beraz?

Uste dut oso lotuta daudela. Azkenean, gizakiak animalia sozialak gara, eta, zaintzari eta fideltasunari dagokienez, etapa desberdinetatik pasatzen gara bizitzan. Kontzeptu horiekin dugun harremana ere desberdina da bizitzan zehar. Zaintza fideltasunaren parte da, eta, alderantziz; oso lotuta daude, baita bakoitzak bere burua zaintzeari dagokionez ere. Azkenean, ez dakit bi kontzeptu diren, edo, nolabait, bakarra den azkenean.

Zaintzaren gaia, orain arte, feminismotik ekarri izan da erdigunera. Gogoeta horien eraginik ba al da zure ipuinetan?

Bai, esango nuke badagoela eragin bat. Adibidez, ipuinetako batean, gaur egun zaharren zaintza dela eta, immigrazioaren kontua ere agertzen da. Kalera ateratzen zara, eta ikusten duzu; zeintzuk ari dira gure edadetuak zaintzen? Ikusten duzu gure gizartea zahartzen ari dela, eta zeintzuk ari diren rol hori hartzen, zeintzuk hartu duten historian, eta beti izan dira emakumeak haur eta edadetuak zaindu dituztenak. Eta hori ere zalantzan jarri beharreko zerbait dela iruditzen zait, zeren inposatuta datorren zerbait baitirudi, eta egiten ez baduzu gainera... Hor dago erruaren kontua, ipuin batean ere agertzen dena; hau da zure rola, agian ez zenuen nahi, baina zuri dagokizu.

Minak, ezinak, eta are, heriotzak presente daude istorio askotan.

Azkenean, jaiotzarekin batera, bizitzako momenturik nagusiena da heriotza. Oso une esanguratsua da, eta jartzen gaitu bakoitza... tira, ez dut esango gure lekuan, baina nolabait bai. Heriotzarekin daukagun harreman horrek asko esaten du garenari buruz. Badaude heriotzak, eta baita heriotzari erantzunak ere: nola egiten dion aurre bikote batek bere alabaren heriotzari, nola egiten dion aurre emakume edadetu batek bere bizitzaren amaierari, edo supituki hilko den norbaitek une horri nola erantzuten dion... Heriotzak ematen du aukera pertsonaiak hobeto ezagutzeko, haren aurrean duten jarrerari erreparatuta edo beste norbaiten heriotzari nola erantzuten dioten ikusita.

Adin eta mota askotako pertsonaiak sortu dituzu. Nondik hasten zara bakoitza eraikitzen?

Ez dago modu bakarra, baina, normalean, egoera bat pentsatu, eta ondoren etortzen da hartan kokatu nahi dudan pertsonaia. Edo egoera eta pertsonaiaren zertzelada bat ditut, eta pertsonaian sakontzen dut gero. Bai, uste dut ia beti lehena egoera dela, eta, gero, egoera horretan erreakzionatu behar duen edo erreakzio horretan jokoa emango duen pertsonaia bat eraikiz joaten naizela.

Nahiko apatikoak atera zaizkizu agian? Kontatu nahi zenituen egoera horiek eraman zaituzte halako pertsonaiak sortzera?

Pertsonaietako asko dira erreakzionatu nahi dutenak edo zerbait egin nahi dutenak, baina, azkenean, egiten ez dutenak. Eta uste dut gure gizartearen beste gauzetako bat dela; denok ditugula gure bizitzan egoera batzuk non eztanda egin nahi dugun eta dena pikutara bidali, baina, azkenean, ez dugu egiten, zaintza horregatik, fideltasun horregatik. Hortaz, apatikoak dira ekintzetan, baina barruan badute mugitzen den zerbait, eta hor dago gatazka, egin nahi luketenaren eta egiteko gai ez diren horren artean. Hori da pertsonaia askoren gatazka.

Familia ere oso presente dago narrazio guztietan; familia askotarikoak dira, gainera. Askorako ematen duela iruditzen zaizu?

Familia?! Iturri agorrezina da [barrez]. Familia mota asko daude, eta, gainera, familia hor duzu talde gisa, eta, gero, pertsonak dituzu norbanako gisa; beraz, milaka konbinazio posible dituzu. Familia emanda datorkigun instituzio bat da; batzuetan ez genuke familia hori aukeratuko, baina hor dago, eta horrek sortzen ditu eztanda egin nahi izate horiek, gero ez ditugunak aurrera eramaten; horien testuingurua inportantea da.

Narrazio nahiko ilunak dira guztiak. Istorio alaiak, agian, ez zaizkigu hain errealistak iruditzen?

Ez dakit... Badago komertzialki funtzionatzen duen genero bat: komedia erromantikoa. Ni ez naiz kapaz ikusten hori egiteko... [barrez], baina ez dakit zergatik, iruditzen zait norbaitek kontatzen digunean istorio superpositibo eta alai bat, badugula halako mesfidantza bat, ez dakit inbidiatik datorrena edo, ez dugula erabat sinesten, beti badela zerbait... Badaude istorio alaiak; ez asko, egia esan. Nire ustez, gure inguruan ez dago gauza bereziki alairik, dena da tonu bat gutxi gorabehera... hainbestean. Bestela ere, jendea ez da bereziki alaia. Istorio alaiak idaztea zaila da, eta modu sinesgarri batean idaztea, askoz ere zailagoa. Agian, hurrengo baterako, jaitsi nezakeen dramatismo edo iluntasun hori. Saiatzen naiz ironia sartzen eta deskargatzen, bizitza ez delako horrelakoa ere, ez da klinex batekin bizi beharreko zerbait, baina orokorrean alai-alaiak istorio gutxi daude inguruan, nire ustez.

Ironia aipatu duzu. Aurreko lanean maiz agertzen zen minaren kontrapuntu gisa, edo zuk esan zenuen bezala, «autodefentsa tresna» gisa. Oraingoan badago, baina ez da hain nabarmena.

Ez da hain nabarmena, baina jendeak esan dit badagoela, eta ni ez nintzen hain kontziente. Uste dut umorea behar dugula autodefentsa moduan, egoera dramatiko bat deskargatzeko edo aurrera egiteko, bizitzen jarraitzeko. Badaude beren burua oso serio hartzen ez duten pertsonaiak, edo serio hartzen dutenak baina hain direnez patetikoak... Adibidez, telebista aurkezlearen pertsonaian, ironia presente dago bere buruarekiko ikuspegian edo bere inguruaz egiten duen irakurketan. Bai, badira hori egiten duten pertsonaiak, pixka bat horretarako, aurrera segitzeko edo nolabait benetan diren hori beren buruari barkatzeko, gertatzen zaienari garrantzia kendu nahian edo. Uste dut horretan bi liburuek dituztela antzeko osagaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.