Azken momentura arte kolokan egon da Mari-Eli zarzuelaren estreinaldia. Bilboko Orkestra Sinfonikoko langileek greba deialdia egina zuten gaurko eta biharko, eta orkestra ikuskizunaren parte oso inportantea izanik, nekez aurkeztu ahal izango zuen Arriaga antzokiak bere denboraldiko ekoizpen propio inportanteenetako bat: Jesus Guridiren zarzuela. Azkenean, baina, Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendaritzak eta langileek akordioa lortu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala lan hitzarmenaren negoziazioetan inplikatzea hitzartu dute. Horrek ez du gatazka desagerrarazi, baina Mari-Eli zarzuela taularatzea bermatu du. Gaur emango dute lehendabizikoz, 19:30ean, eta bihar bigarrengoz, 19:00etan.
Mari-Eli proiektu berezia izan da Arriaga antzokiko kideentzat. Guridiren zarzuela nahiko ezezagun bat du oinarrian, eta haren partitura berreskuratu ondoren eraman du proiektua aurrera Bilboko antzokiak. «Berez, balio aipagarria zera da, XX. mendeko euskal konpositore garrantzitsuenetako baten ondare musikala berreskuratzea, hemendik aurrerako legatuari egindako ekarpenagatik beragatik, baina oso garrantzitsua da halaber, bere horretan, hainbat osagai erakargarri dituen ikuskizun bat estreinatu ahal izatea», adierazi dute Arriaga antzokikoek, ohar baten bitartez.
Calixto Bieito Arriaga antzokiko zuzendari artistikoa da ikuskizunaren eszena zuzendaria, eta Jon Malaxetxebarria arduratu da musika alderdiaz. Solistak, berriz, hauek izango dira: Andrea Jimenez, Botond Odor, Gexan Etxabe, Fernando Latorre, Lara Sagastizabal, Christopher Robertson eta Julen Garcia. Iñaki Maruri, Mitxel Santamaria eta Ugaitz Alegria aktoreek ere parte hartuko dute zarzuelan, baita Bilboko Elkarte Koralak ere.
Adiskidetasun istorio bat
Mari-Eli Madrilen estreinatu zuten 1936ko apirilean, Carlos Arniches eta Eloy Garayren libretoarekin, eta, Espainiako gerraren ondoren, 1941ean antzeztu zen aurrenekoz Bilbon, Bilboko Koral Elkartearen denboraldi lirikoaren barruan. Arriaga antzokikoek azaldu dutenez, obrak «beste Guridi bat» erakusten du lanaren izaerari dagokionez, baina «oso ezaguna» haren idazkera musikalaren kalitateagatik. Jesus Maria Arozamena kritikari eta zarzuela idazleak honela definitu zuen: «Itsas kutsuko euskarazko zarzuela, melodia gogoraerrazak eta pasarte komikoak dituena, garaiko gustuen araberakoa».
Mari-Eli haurtzaroko hiru lagunen inguruko istorio bat da: mutil batekin ezkondu nahi duen baina beste bat maite duen emakume baten istorioa kontatzen du. Ikuskizuna taulara eramateko orduan, Bieitok adiskidetasunaren balioa azpimarratu nahi izan du, maitasunaren balioaren gainetik. «Maitasunak eragiten dituen buruhauste emozionaletatik harago, adiskidetasuna gailentzen da: ideia horrek laburbiltzen du obraren kontzeptu narratiboa».

Zarzuela oholtzaratzean, Bieitok hainbat diziplina nahastu ditu agertokian: musika, kantua, aktoreen antzezpena, eta baita dantza ere. Eszenografia, Bieitok berak sortua, oso eskultorikoa da, eta, pasarte jakin batzuetan, instalazio baten antza hartzen du. Horrez gain, Bieitok zenbait elementu eta eszena erantsi dizkio ikuskizunari, eta horien bidez, nolabait, gaur egunera ekarri du Guridiren obra. Isla errealista horiek agerian geratzen dira Oscar Armendarizek diseinatutako jantzietan ere. Abesbatza zarzuelaren garaiko jantziekin azalduko da agertokian; solistek, ordea, gaur egungo arropa garaikideagoak izango dituzte soinean.
Gainera, Sergio Verdek sortutako bideo proiekzioak ere izango dira ikuskizunean. «Irudiek izaera nahiko onirikoa duten elementu zinematografikoak ematen dizkiote Mari-Eli obrari, eta ametsen, oroitzapenen, benetakoa ez den horren eta abarren ideia iradokitzen duten irudiak erakutsi».
Musikalki, berriz, oso zarzuela melodikoa da, eta, batzuetan, musikalaren generora hurbiltzen da estilistikoki, Arriaga antzokiko kideek azaldu dutenez. «Abesbatzaren emanaldi oso alaiak ditu, zeinak ederki uztartzen baitira abestien gaiarekin».