Musika

John Coltrane berritu bat

Saxofoi jotzaileak 1963an grabatutako disko bat argitaratuko dute hilaren amaieran. Orain arte ez zegoen haren berririk, eta bi konposizio ezezagun biltzen ditu, besteak beste

mikel lizarralde
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Martxoaren 6a zen, 1963koa. Garairik gorenetako batean zegoenean, John Coltraneren (1926-1967) laukote mitikoa —McCoy Tynerrek (pianoa), Jimmy Garrisonek (baxua) eta Elvin Jonesek (bateria) osatua— Englewoodeko Van Gelder estudiora sartu zen (New Jersey, AEB), disko bat prestatzeko. Zazpi pieza grabatu zituzten egun hartan bertan. Hurrengo egunean, berriz, laukoteak balada sorta bat grabatu zuen Johnny Hartman kantariarekin batera. Argia, ordea, bigarrenak besterik ez zuen ikusi. Impulse zigiluko arduradunek indar komertzial handiagoa ikusiko zioten bigarren saioari, eta aurrenekoa artxibatzea erabaki zuten. Gaur arte. Hilaren 29an argitaratuko dute Both Directions at Once: The Lost Album. Izenburuak ondo adierazten duen moduan, Coltraneren disko galdua.

Ez da izango artxiboetan arakatu ostean grabatu eta urte askotara argitaratzen den aurreneko bilduma. Coltranerekin gertatu da hori, eta baita beste hainbat musikarirekin ere. Disko honek baditu, halere, berezitasunak. Nabarmenena, disko bat izateko grabatu zutela, hasi eta buka, eta ez dela, beraz, batetik eta bestetik hartutako piezen bilduma bat.

Garai hartan, laukoteak sarri grabatzen zuen, eta martxoaren 6 hartan zazpi piezaren bina bertsio egin zituzten. Konposizio horietako bi inoiz argitaratu gabeak dira, eta Impulsek kaleratuko duen diskoan Coltranek izendatu zituen bezala agertuko dira: Untitled Original 11383 eta Untitled Original 11386. Gainera, bost piezak ezagunak dira arrazoi ezberdinengatik. One Up, One Down, esaterako, Live at The Half Note zuzeneko diskoan azaldu zen, eta Impressions, Coltraneren izen bereko diskoan agertzearekin batera, saxofoi jotzailearen piezarik enblematikoenetako bat bilakatuko zen denborarekin. Both Directions at Once: The Lost Album-en, baina, hirukote formatuan grabatuta ikusiko du argia, pianorik gabe. Bestalde, Coltranek Lush life (1958) diskorako grabatu zuen aurretik Slow blues.

Diskoan izango dira, era berean, bi bertsio: Nature Boy, gerora 1965ean berriro grabatuko zuena, eta Vilia, Franz Leharren The Merry Widow operetako pieza bat.

Gela bat piramide handian

Diskoetxeak jakinarazi duenez, Coltranek saio haren kopia bat eraman zuen etxera, baina masterra desagertu egin zen. Gerora, musikaria Naima emazteaz banandu zen, eta hura geratu zen zinta haiekin. Denborarekin, Antonia Naimaren aurreko harreman batetik jaiotako alabaren eskura iritsiko ziren, eta harekin lortutako akordio bati esker argitaratu ahal izango dute orain diskoa.

Sonny Rollins saxo jotzaileak egindako adierazpen batek agerian uzten du diskoak zer-nolako garrantzia duen: «Hau Piramide Handian beste gela bat aurkitzea bezalakoa da». Ravi Coltrane saxo jotzailearen seme eta haren ondarearen zaintzaileak ere baimena eman du Van Gelderreko saioa argitaratzeko. Impulse-ko arduradunek azaldu dutenez, ezin zuten argitaratu Ravi Coltranek onartuko ez lukeen diskorik: «Baina kontrakoa gertatu da. Zirrara izugarria eragin dio zinta horiek entzuteak».

John Coltraneren laukotea aldaketa garaian zegoen diskoa grabatu zuenean, iraganeko bebopa eta blues ahaireko jazza uzten eta espiritualtasunerako bidea hartzen. Bi urte geroago ikusiko zuen argia joera horren adibiderik gorenak, A Love Supreme (1965) maisulanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.