John Le Carre goitizen artistiko ezagunaren atzean David Cornwell idazle britainiarra ezkutatzen da. Gaztetan espioia izandakoa gaur egun erretiratuta bizi den gizon aberatsa da, eta tarteka eleberriren bat argitaratzen du; azkena, 2009ko A Most Wanted Man. Le Carreren literatur ibilbideak 60ko eta 80ko hamarkaden artean izan zuen bere urrezko aroa. Urte horietan, mundu osoko idazlerik arrakastatsuenetakoa izan zen; espioitzarekin lotutako haren eleberriek milioika ale saldu zituzten, eta Gerra Hotzaren best seller egile ofiziala izan zen.
Zinemarekin harreman estua izan du Le Carrek. Haren liburuetako askok pantaila handirako egokitzapena izan dute. Horien guztien artean onena lehena da, 1965ean Martin Rittek The Spy Who Came in from the Cold egin zuena, Richard Burtonekin. Hurrengoak, Sydney Lumet handiak egin zuen The Deadly Affair-ek, ez zuen aurrekoaren maila eman.
Horien ondoren, oihartzun handirik gabeko beste bi film etorriko ziren, The Looking Glass War (Frank Pierson, 1969) eta The Little Drummer Girl (George Roy Hill, 1984). Urte horietan, Le Carreren lanek zinemarako bidea amaitua zutela ematen zuen.
Baina 90eko hamarkadatik aurrera, Berlingo Harresiaren desagerpenarekin eta Gerra Hotzaren amaiera ofizialarekin batera, zinemagileei idazle britainiarraren espioitza eleberrienganako interesa berpiztu zitzaien. Fred Schepisi ezezagunak dezenteko arrakasta komertziala izan zuen The Russia House kaskartxoarekin, Sean Connery eta Michelle Pfeifferrekin egin zuena. Eta milurte berriarekin etorriko zen John Boormanen The Tailor of Panama.
2005ean arrakasta komertzial eta kritiko berria ezagutu zuen John Le Carreren testua oinarri zuen pelikula batek. Fernando Meirelles brasildarrak The Constant Gardener eleberriaren moldaketa egin zuen. Besteak beste, ikusle askoren arreta piztu zuen filmak, eta Rachel Weiszi Oscar saria eman zion .
Smiley eta infiltratua
Meirellesen pelikula hori zen Le Carreren liburuen gainean egin den orain arteko azkena. Orain dela urte pare bat, zuzendari suediar batek, Tomas Alfredsonek, interesa agertu zuen 1974ko Tinker, Tailor, Soldier, Spy eleberriaren gainean pelikula bat egiteko. 2008an Alfredsonek arrakasta handia lortua zuen Låt den rätte komma in filmarekin, banpiroen gaineko proposamen berritzaile eta dotore batekin. Pelikula horrek Hollywoodeko interesa piztu zuen, eta iaz Matt Reevesek Let me inremake-a egin zuen.
John Le Carrek oniritzia eman zion Alfredsonen proiektuari, eta horrela sortu zen Gerra Hotzaren espioi film klasikoetan oinarritu den istorioa. Aurretik, liburuak izana zuen telebistarako moldaketa. BBCk egin zuen 1979. urtean, eta Alec Guinness izan zuen protagonista.
Tinker, Tailor, Soldier, Spy-n Gary Oldmanek haragitzen duen George Smiley espioia da protagonista. Smiley Le Carreren pertsonaiarik ezagunena da, haren bost liburutan protagonista izan baita, espioi isil eta misteriotsua.
1973. urtean dago girotuta istorioa, Gerra Hotza bere gordinean dago. Espioiak hara eta hona ibiltzen dira, etsaiaren sekretuen bila. Era berean, espioi infiltratuen gaineko paranoia inoiz baino handiagoa da. Hain zuzen ere, horixe da George Smileyk izango duen misioa, infiltratu bat aurkitzea.
M16 zerbitzu sekretuak Hungarian egin behar zuen misioak porrot egin ondoren, argi geldituko da infiltratu bat dagoela. George Smileyk hura aurkitu beharko du. Agente gazte baten laguntzaz ikertzen hasi, eta laster batean bost susmagarri daudela ondorioztatuko dute; Smiley bera dago susmagarri horien artean. Satorraren bila segitzen duen bitartean, Karla espioi sobietarraren itzala gero eta gertuago sentituko du Smileyk.
'TINKER, TAILOR,SOLDIER, SPY'
Zuzendaria. Tomas Alfredson.
Aktoreak. Gary Oldman, Colin Firth, Tom Hardy, John Hurt, Benedict Cumberbatch, Mark Strong, Toby Jones, Ciaran Hinds.
Herrialdea. Erresuma Batua. Urtea: 2011.
Iraupena. 127 minutu.
Estreinaldia.Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
John Le Carre, Gerra Hotzaren epelean
Idazle britainiarraren espioitza eleberri baten bertsio zinematografikoa da Tomas Alfredsonen 'Tinker, Tailor, Soldier, Spy'70eko hamarkadaren hasieran dago girotua filma, Gerra Hotzaren garai beroenetakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu