Jon Cazenave: «Iparraldeko argia uterinoa da; babestuta sentiarazten zaitu»

Ipar Euskal Herrian hartutako argazkiak Koldo Mitxelenan jarri ditu ikusgai Jon Cazenavek, 'Herri ixilean' erakusketanEmaitzari baino gehiago, prozesuan sentitutakoa islatzeari eman dio garrantzia

Zuberoako Altzai herrian hartu zuen irudi hau Jon Cazenavek, iazko udan. Herri ixilean erakusketan ikus daiteke orain, Donostian. JON CAZENAVE.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Bere abizenaren jatorriaren bila abiatu zen iaz Jon Cazenave argazkilaria (Donostia, 1978), baina hori baino askoz ere gehiago aurkitu zuen Ipar Euskal Herrian barrena. «Argazkien bidez nire euskaltasuna eta Cazenavetasuna berreraiki ditut». Kanpo eta barne bidaia egin zituen aldi berean, eta unean uneko sentipenak leku bakoitzari ateratako zuri-beltzeko irudietan islatu zituen. Argazki horiekin osatu du Herri ixilean erakusketa, eta Donostian jarri du ikusgai, Koldo Mitxelenako Ganbaran, maiatzaren 7ra arte.

Cazenave izenak Biarnon du jatorria, baina asko dira Ipar Euskal Herrian abizen hori dutenak. Iazko urtarrilean hasi zuen bidaia, Biarnoko Salies herriko Cazenave auzoan. Handik Zuberoara, Junes Casenave abadearengana jo zuen; hark beste lagun batekin hitz egitea gomendatu zion, eta hurrengo mintzalagunak beste izen bat aipatu zion, eta beste leku bat ondorengoak... Kate moduko bat sortu zen horrela, eta katebegi bakoitzaren bila, lurralde osoa zeharkatu zuen. Baigorri, Garazi, Atharratze, Ahüski, Santa Grazi, Ainhoa, Itsasu, Aldude, Baiona, Ligi, Urepele, Altzai, Miarritze... Abizenaren jatorria bilatzearena «aitzakia hutsa» bihurtu zen. «Nire intentzio osoa herria usaintzea zen».

Ordu asko eman zituen argazkilariak inspirazio bila, nahiz gutxitan aurkitu zuen; «autoan herriz herri, irakurtzen, Zuberoako kantu zaharrak entzuten eta larre busti haiek usaintzen», bizpahiru asteko bidaian. Izan ere, haren ustez, «garrantzitsuena ez baita klik egitea, bide bat jorratzea eta zauden lurraldea sentitzea baizik». Horregatik, bere irudiek ez dutela «une erabakigarririk» agertzen dio, baina atzean «karga bat» dutela. «Iparraldea dago, baina, aldi berean, ni ere hor nago. Nire baitan sortutako irudiak dira; nire mundua eta imajinarioa dago argazkietan, nire beldurrak eta momentu magikoak».

Zeru hodeitsuaren azpian mendian gora doan bidexka, ilunpean dagoen agurea, basoan bidea egin duen errekastoa eta behe lainoan galdutako paisaia jaso ditu tartean argazkilariak, zuri beltzean denak. Zuriari beltza gailentzen zaio erakusketako 30 argazkietan, Cazenavek berak dioenez, Iparraldean aurkitu zuen argiaren eraginez. «Babestuta sentiarazten zaituen argia da», haren irudiko. «Argazki ilunak dira, bai, baina argi berezi bat dugu hemen, gure herrian. Nik esaten dut argi uterinoa dela, nolabait amaren sabelean sentitzen baitzara gure mendi lainotu horietan. Nik amatasun hori jaso nahi izan dut nire argazkietan, eta, horretarako, argi iluna erabili dut».

Babesa edo beldurra

Berak bidaian aurkitutako babes sentimendu hori gizaki orok bilatzen duen zerbait dela uste du Cazenavek, eta babestuta sentiarazten zaituen hori «guztiz kontrakoa» izan daitekeela. Herrialde Katalanetako bere lagun batek Arantzazun beldurra sentitu zuela kontatu zuen, Oteizaren apostoluak behe laino artean ikusita. «Niretzat, euskaldun gisa, nire habia da hori». Horregatik, bere argazkiek beldurra eragitea ere onartuko luke. Argazkietan islatu duena berak sentitutako Iparraldea baino ez dela nabarmendu du. «Egiarik ez dago; nire egia sentimendua, burua eta bihotza dira, eta, noizean behin, nire begia. Baina ondorio gutxi dago, galderak dira».

Biarnotik kostaldera bere arbasoek egin zuten ibilbide bera egin, eta bidean sentitutakoa islatzen saiatu da argazkilaria, ikuslearengan ere sentipen bat eragiteko. Sentimenduei ematen die garrantzia. «Askotan galdetu didate ea nire helburua lortu ote dudan. Niri helburua ez zait batere interesatzen, bidea interesatzen zait, eta bide horretan oso momentu bereziak igaro ditut». Bildumatik argazki jakinik ez luke nabarmenduko, istorioa bere osotasunean baita inporta zaiona. «Argazkiak ez dira garrantzitsuena, bizitako uneak baizik. Nire amets bat izan da».

Bere amets hori herri izaerarekin lotu du. «Gure herria ere gure amets baten gisan ikusten dut. Ez dakigu nola deitzen garen, Euskadi, Euskal Herria... eta euskaldunak zeintzuk garen ere ez dakigu, baina badakigu gure mendiak nolakoak diren, gure jendea nolakoa den, itsasoak nola markatzen gaituen. Uste dut euskaltasuna eta gure herria mendian, zuhaitzetan eta itsasoan aurki ditzakegula».

Getxotik Donostiara

Getxon (Bizkaia) izan zen iaz Cazenaveren erakusketa, EKE Euskal Kultur Erakundeak, Getxoko Udalak eta Getxophotok antolatutako Iparra galdu gabe jardunaldien karietara. Koldo Mitxelenan azken hamar urteotan egin den Iparraldea Bertan zikloaren barruan iritsi da Donostiara, Pantxoa Etxegoin EKEko ordezkariak azaldu duenez.

Cazenaveri eskerrak eman dizkio Etxegoinek, proiektua «biziki bere barnetik» hartzeagatik. Argazkiak Miarritzeko Mediatekara eta ondoren Ipar Euskal Herriko barnealdera eramateko asmoa dute. Erakusketaren katalogoa ere argitaratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.