Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azoka. Arre, arre Landako

Jon Irazabalen liburu irakurgailua

Juan Luis Zabala
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Durangoko Azokako zuzendari kargua utziko duela eta, despedida gisa edo, liburu irakurgailu bat eman diote opari Gerediagako kideek Jon Irazabali. Ondoren, hurrengo ekitaldia zuzenduko duenak, Aiert Goenagak, adierazi du Durangoko Azokak diskoei eta liburuei ez ezik musika entzuteko eta literatura irakurtzeko modu eta formatu berriei ere emango diela lekua etorkizunean; baita sormenaren gainerako arlo eta adierazpide guztiei, ikus-entzunezkoei, antzerkiari eta besteri ere. Azken batean, egun Euskal Liburu eta Disko Azoka deitzen dena kultur sorkuntzaren plaza bihurtu nahi du Gerediaga elkarteak, eta eginak ditu horretarako lehen urratsak, aurten, Szenatokia, Irudienea eta Kabia@rekin. Izenaren aldaketa ere aztertu beharreko gaien artean dutela esan dute.

Aurtengo berrikuntzekin eta zuzendaritza aldaketarekin, etorkizunari zuzen-zuzen begira jarri da Durangoko Azoka, lehendik ere bazuen kezkari orain are pisu eta garrantzi handiagoa emanez.

Franco hil ondoren Gerediagak egin beharreko lana egina zuela esan omen zuten askok, Durangoko Azoka antolatzearen ardura beste norbaitek hartu behar zuela aurrerantzean, erakunde ofizialen batek edo. Baina, Jon Irazabalek gaur gogora ekarri duenez, Gerediagako kideek Durangoko Azoka antolatzen jarraitzea erabaki zuten, ikusirik berek egiten ez zutena ez zuela beste inork egingo, ez behintzat behar zen ganoraz eta arduraz, ez behintzatbehar zen moduan eta zegokion neurrian. Orduan ere jakin zuten etorkizunari arduraz begiratzen.

Neuk ez dut oraindik liburu bakar bat ere irakurri liburu irakurgailu batean, ez dut jende askorik ezagutzen halakoak erabiltzen dituenik, eta kosta egiten zait Jon Irazabal oparia erabiltzen irudikatzea, nahiz eta aurrerantzean patxada hobea izango duen irakurketarako. Baina uste dut lekuko aldaketa adostu eta onartu baten sinbolo egokia izan dela Jon Irazabalen liburu irakurgailua, betikoa izateari utzi gabe egungoa eta etorkizunekoa ere izan nahi duen ekimen batena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.