Etxean ez zuen bertsozaletasunik jaso Jon Maiak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1972), baina bai lehen bertso eskolen energia. Bertso eskolan eta gazteen sariketetan zaildu zen bertsolari modura. Bertsoa kaletartu eta rockaren bustiduraz jantzi zutenen belaunaldiko kide nabarmenenetakoa da. Txapelketan egin du bizi erdia baino gehiago. 2017koan finalaren atarian geratu zen. Berriak jaio ginen liburua plazaratu zuen iaz.
Zein da bertsoarekin loturiko zure lehen oroitzapena?
Ikastolan, 4. mailan egin nuen bertso bat, eta lehiaketa bat irabazi nuen. Auspoako liburu txiki bat zen saria. Bertso hura «Euskadin badutela jendea preso hartu» hasten zen. Bederatzi urte nituen.
Kantu bat bertsoarekin ezinbestean lotzen duzuna?
Zenbait bertso xelebre, Ruper Ordorikaren musika eta Bernardo Atxagaren hitzekin.
Kantatu ez duzun noren aurrean kantatu nahi zenuke bertso bat?
Inoiz kantatu ez badiot, edozeinen aurrean. Nahikoa erakargarria zait lehenengo aldia izatea, berdin zait nor den.
Zein doinu erabiliko zenuke azken bertsorako?
Ez dakit. Ez nuke jakin nahiko azken bertsoa denik.
Egun zer da bertsoa zuretzat?
Nire mundu ikuskeraren adierazpide nagusia, bizitzeko era bat ematen didan zerbait eta beti itzuli naitekeen leku bat.
MOTZEAN
Jon Maia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu