Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa jokatu dute gaur Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, eta Jone Uriak jaso ditu puntu gehien: 508,5. Horrekin, finaleko aulki bat eskuratu du zuzenean, Miren Amurizak eta Nerea Ibarzabalek aurreko finalaurrekoetan egin bezala.
Uriaren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Etxahun Lekue (502 puntu), Ibon Ajuriagojeaskoa (468,5), Ander Elortegi (462,5), Txaber Altube (457) eta Arrate Illaro (455). Lekue ere, lortu duen puntuazioari esker, finalean izango da.
Gaurko puntuazioak kontuan hartuta, hilaren 15eko Bilboko Miribillako Bilbao Arenan jokatuko den finalean arituko dira, Amuriza, Ibarzabal eta Uriaren ondoan, Xabat Galletebeitia, Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo eta Aitor Bizkarra.