Jorge Cortes Izal (Otsagabia, Nafarroa) zendu da gaur, Iruñean, 79 urte zituela. Nafarroako ikastolen sortzaileetakoa izan zen. Amigos del País Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide egin zen, ikastolen aldeko mugimenduan parte hartu ahal izateko. "Borrokatu beharra zegoen orduan. Borroka klandestinoa zen, ahoz ahokoa, baina konfiantzako jende askorekin egindakoa. Garai haietan 'agur' esatea ia bekatua zen. Oraingo belaunaldiek euskara jakitea eta hitz egitea lortu dugu. Zerbait lortu da, eta jarraitu beharra dago", zioen duela bi urte.
1965-1966 ikasturtean San Fermin Iruñeko ikastolako lehendakari hautatu zuten. 50 ikasle zituen ikastolak garai hartan.
Euskaltzain urgazlea zen Cortes Izal 1969tik, eta Euskalerria Irratiaren sortzaileetakoa ere bazen -irratiaren Larreko Saria eman zioten 1997an-. Nafarroako Gobernuaren Principe de Viana erakundeko euskara sustatzeko sailean parte zuzena izan zuen; euskararen sustatze lanetan eta erakundearen izena zeraman aldizkariaren euskarazko gehigarrian, batik bat.
Asisko Urmeneta irakasle zuela, euskara ikasten saiatu zen, Pablo Antoñanarekin eta Jimeno Juriorekin.
2008an Jimeno Jurio saria jaso zuen Artaxoan (Nafarroa), euskararen alde egindako lanagatik. Juan Zelaia kultur proiektu asko bultzatu izan dituen lagunari ere eman zioten saria orduan, laugarren edizioan.
Joan den azaroan Euskal Memoria Fundazioa aurkeztu zuen Iruñean, beste hainbat lagunekin batera, XX. mendetik honako Euskal Herriaren historia berreskuratzeko asmoz.
Beste sari edo omenaldi batzuk: Euskariako domina, 2004ko ekainean Noaingo (Nafarroa) borrokaren urteurrena ospatzeko ekitaldian omendu egin zuten eta 2004ko uztailean Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Lizarra Ikastolak omendu egin zuten.
kulTURA
Jorge Cortes Izal hil da
Nafarroako ikastolen sortzaileetakoa izan zen. 79 urte zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu