Durangoko Azoka

Jose Antonio Sistiagak egin du Durangoko Azokaren aurtengo kartela

52. azoka izango da aurtengoa, eta 'Sormenaren lurraldea DA!' izango du leloa.

Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria, eta Jose Antonio Sistiaga artista gaur Durangon. LUIS JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko urriaren 17a
12:19
Entzun

“52 egun geratzen dira Durangoko 52. Azoka hasteko”. Atzerako kontu zehatza egin du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. Abenduaren 6tik 10era bitarte egingo dute aurten azoka, eta hura aurkezteko ekitaldia egin dute Durangoko Kurutze Santu museoan. Bertan aurkeztu dute aurtengo kartela, Jose Antonio Sistiaga artistaren irudia, eta leloa ere aurreratu dute: Sormenaren lurraldea DA!.

Sistiagak 1989an zeluloide gainean zuzenean pintatuz sortutako Impresiones en la alta atmósfera filmaren fotograma bat da berez irudia. Milaka fotograma margotu zituen artistak zazpi minutuko lan hura osatzeko, eta milaka fotograma horietako bat hautatu dute orain Gerediaga elkarteko kideek azokaren irudi modura erabiltzeko. Eta, hain zuzen ere, zeluloide gainean pintatzeko ideia nola piztu zitzaion azaldu du artistak aurkezpenean: “Ni Parisen bizi nintzen, eta joan nintzen Montparnassera, pelikula bat ikustera, eta haren aurretik film labur bat zegoen, eta nik lehen aldiz han ikusi nuen zeluloidean pintatu zitekeela, eta erabaki nuen nik ere pintatu nahi nuela pelikula”.

Ikasle Eguna, bigarren egunean

Nobedade batzuk ere jakinarazi ditu Mujikak. Ikasleen eguna, adibidez, aurten azokaren bigarren egunean egingo dutela azaldu du. Eta, Mujikak zehaztu duenez, beteta daude jadanik tailer guztiak. Eta, iaz egin bezala, aurten ere arratsaldean helduentzako ikastaroak antolatuko dituztela aurreratu du Mujikak.

Azokaren zabalpena ere aipatu dute antolatzaileek. Eta Ahotsene sortzaileen gunearen 10. urteurrenari egin diote keinu horregatik, hari esker Durangoko Azokak Durangoren mugak gainditu dituelako. Izan ere, Tafallan hasi du ibilbidea Ahotseneak bere urteurrena ospatzeko antolatu duen erakusketak, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotara eramango dute gero.

Erakundeen babesa

Azoka babesten duten hainbat erakundenderekin familia argazkia ateratzeko aitzakia ere izan da aurkezpena. Bertan izan dira, horregatik, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundietako eta Durangoko Udaleko ordezkariak. Azokak euskal kulturarentzat duen garrantzia nabarmendu dute guztiek.

Muñozek zehaztu duenez, esaterako, “oso momentu interesgarria” bizi du euskal kulturak, eta, hain zuzen ere, hori ezagutarazteko balio du azokak. “Askotan falta izaten zaigu hori agerian jartzeko modua, baina Durangok horixe egiteko aukera ematen du”.

Aurrekontua oraindik erabat itxi gabe dagoela ere zehaztu du Mujikak, eta hurrengo asteetan jakinaraziko dutela. Halere, aurreratu du ez duela uste “titularrak emateko moduko urtea izango denik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.