Hilberria

Jose Luis Zumeta margolaria hil da, 81 urte zituela

Euskal artistarik esanguratsuenetariko bat zen. Gaur taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta ibilbide oparoa izan zuen margolari gisa, figurazioaren eta abstrakzioaren artean mugitzen diren kolore biziko irudiak sortuz. Kulturaren munduan samina eragin du haren heriotzak. Zumetatarren estudioa barrutik erakutsi zuen BERRIAk kronika eta bideo honetan.

Ibai Maritxalar Urkia pintoreak BERRIAren gaurko azalerako atzo espresuki egina. IBAI MARITXALAR URKIA
Andoni Imaz
2020ko apirilaren 23a
15:26
Entzun

Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) ibilbide luzea eta oparoa izan du margolaritzan: informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa landu izan zituen, eta abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen azken urteetan. BERRIAk jakin duenez, gaur hil da, 81 urte zituela. Haren heriotzak samina eragin du kultur munduan.

1960ko hamarkadaz geroztik, euskal artista nagusietako bat izan da Zumeta. Horregatik, probokazio puntu nabarmena du 2014ko azaroan egindako elkarrizketa batean BERRIAn esandakoak: «Ez dakit nola pintatu». Azaldu zuen ia egunero aritzen zela estudioan, zirriborrorik gabe, aurrez pentsatutako eredurik gabe, «ekintzako pintoretzat» baitzeukan bere burua. «Literatura gehiegi dago gaur egun pinturan, eta, nire ustez, literatura kaltegarria da pinturarentzat».

[YouTube]https://youtu.be/shqGnzwyTAI[/YouTube]

Iazko ekainean, Azken Zumetak izeneko erakusketa jarri zuen Donostian. Orduan azaldu zuen bere lan egiteko modua ez zela askorik aldatu urteen poderioz, eta «intuizioari» segitzen ziola. «Ni gidatzen nauen haria zoria da; ez dago aurretik ideia bat. Urratsez urrats doa sortzen. Azkenean, bide bat ikusi, eta hari segitzen diozu. Obrak berak esaten dizu nora iritsi behar duzun. Oso berezkoa da dena».

Urte batzuk lehenago esana da beste hau: «Ni hasten naiz pintatzen jakin gabe zer egingo dudan, eta gero pinturak berak eramaten nau. Ez dago batere arrazionalizaziorik. Nire lana izaten da problema bat sortu eta gero bere lekura ekarri, edo konpondu».

Usurbil inguruko mendialdean jarri zuen estudioa, Usoa Zumeta alabarekin batera, Txikierdi auzoan. 2017an, espazio berri bat zabaldu zuten eraikin berean, erakusketak egiteko. Aurrez, Atallun (Nafarroa) jardun zuen lanean urte luzez, han izan baitzuen estudioa, eta han margotu zituen bere lanetako asko eta asko.

[youtube]https://youtu.be/BkoBnf9OpD4[/youtube]

Zumeta 14 urterekin hasi zen lanean, Donostiako Graficas Valverden, marrazkilari grafiko. Pinturarekiko zaletasunak hartaratuta, izena eman zuen Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan eta Gipuzkoako Artisten Elkartzean. 19 urterekin, Espainiako Urrezko Domina irabazi zuen Madrilgo Pintura Joven lehiaketan.

1959. urtean, Parisera joan zen, abangoardia artistikoak ezagutzeko irrikaz. Orduan ezagutu zituen gertutik nazioarteko abangoardien joerarik berrienak. Handik urtebetera itzuli zen Euskal Herrira, Hondarribira (Gipuzkoa), eta Remigio Mendiburu eskultorearekin hasi zen lanean. Urtebete geroago egin zuen bakarkako lehen erakusketa, Donostiako Udal Arte Aretoan.

Egun, Zumetaren obrak ikusgai daude hainbat museotan: Bilboko Arte Ederren Museoan, Donostiako San Telmon eta Gasteizko Artiumen, besteak beste.

1965an, Euskal Eskolako Gaur taldearen sorreran hartu zuen parte, Amable Arias, Nestor Basterretxea, Remigio Mendiburu, Jorge Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Jose Antonio Sistiaga eta Eduardo Txillidarekin —orain, soilik Sistiaga dago bizirik—. Talde horren asmoa zen nazioarteko abangoardiarekin harremana estutzea. Aitzindariak izan ziren, eta erreferentziazkoak, Euskal Herrian zein nazioartean.

Ez Dok Amairu taldearekin kolaboratu izan zuen. Hark margotuak dira, gainera, Mikel Laboaren diskoetako azal asko. Laboa hil zenean, Zumetak haren heriotza gertatu berritan margotu zuen lamina bat atera zuen BERRIAk. Zumetarenak dira Joxan Artzeren poemei jarritako txori ezagunak ere.

Harreman estua izan zuen musikarekin, eta kartel ugari egin izan zituen. Musikaren ingurukoak hainbat, eta bestelakoak ere bai. Estiloan bilakaera nabaria izan zuen, informalismotik figuraziora pasatu baitzen. Gainera, karikaturak egiteko joera nabari zitzaion. Pertsonaiak deformatuta, aurpegi handiak eta keinuak ohi baino gehiago ageri dira haren karteletan. Dena dela, gehienbat neurri handiko oihaletara egokitu zuen bere lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.