kulTURA

Jose Saramago idazlea hil da

Literaturaren Nobel sariduna Espainian zendu da, etxean. Portugaldarrak 87 urte zituen eta gaixorik zegoen. Azkenaurreko nobela idazten ari zela atzeman zioten gaitza. "Bake egoeran autodeterminazioaz eta independentziaz ere hitz egin daiteke, baina bestela, ezertaz ez", zioen BERRIAn 2006an, azkeneko bake prozesuan; "herriak egin behar du indarra, herritarrek esan behar dute, ozen, bakean bizi nahi dutela".

2010eko ekainaren 18a
18:12
Entzun
Jose Saramago idazle portugaldarra eta Literaturaren Nobel sariduna hil da gaur, 12:30ean, Lanzaroteko bere etxean (Kanariar Uharteak, Espainia). Han bizi zen azkeneko urteetan.

Saramagok 87 urte zituen, eta leuzemia kronikoaren ondorioz zendu da, familiak jakinarazi duenez.

1922ko azaroaren 16an jaio zen, Azinhagan. Lehen eleberria 1947an argitaratu zuen: Terra de pecado. Ondoren hogei urtean egon zen ezer argitaratu gabe -1948an Clarabóia idatzi zuen baina ez zioten argitaratu-. 1998an Literaturaren Nobel saria eman zioten.

Europako literaturaren egilerik garrantzitsuenetakoa da. Poesiak, eleberriak, ipuinak, antzerkia eta saioak landu izan ditu. Haren libururik aipagarrienetakoak: História do Cerco de Lisboa (1989; Jon Alonsok euskarara itzuli zuen 1999an, Lisboako setioaren historia), O Evangelho Segundo Jesus Cristo (1991), Ensaio sobre a Cegueira (1995) eta A caverna (2000).

Hain zuzen, Ensaio sobre a cegueira nobela egokitu eta zinemara eraman zuten, Blindness izenarekin, Fernando Meirellesen zuzendaritzapean.

A Viagem do Elefante (2008) da Saramagoren azkenaurreko nobela. "Liburu honetan ez dira ditudan 86 urteak islatzen, ezta pairatu behar izan dudan gaixotasuna ere". Lana idazten ari zela, biriketako gaitza diagnostikatu zioten; horrek ez zuen kikildu, ordea. "Argiz beteriko liburua dela dio jendeak. Tetrikotasunik ez duen liburu bat da, eta izan zezakeen. Umorea du".

Bere burua "idazle antolaketa gabekotzat" zeukan. "Sekula ez dut izan buruan idatzi beharreko liburuen zerrenda. Beti amaitu izan dut liburu bat gerora zer etor zitekeen pentsatu ere egin gabe. Beti gelditu izan naiz nobela berri baterako ideia noiz etorriko zain. Eta gaur artean behinik behin beti etorri izan da".

Egunen baten inspirazioa agortuko zitzaiola aitortu zuen Saramagok. "Egun horretan emango dut amaitutzat idazle modura egindako ibilbide profesionala".

Politikoki aktiboa

Politikoki oso pertsona aktiboa zen. 1969an Portugalgo Alderdi Komunistan afiliatu zen. "Ateoa, komunista eta ezkortzat" definitzen zuen bere burua. Azkenaldian Espainiako Estatuan bizi zenez, bertako politikari buruz maiz mintzatu zen. Kasu, "ustelkeria ez zaio inori axola; PP, ustelkeriak zamatua, onik atera da" zioen iaz.

2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Ezker Batuari babesa adierazi zion. "EBk, berandu izan baino lehen mundu hobe bat eraikitzea proposatzen dutenen arrazoia du".

2006an Ahotsak Euskal Herriko emakumeen ekimenaren ekitaldi batean parte hartu zuen. "Bakebidean sortzen den ekimen orok on egiten dio edozein prozesuri. Euskal Herrian aurrena bake egoera bat lortu behar da, bake egoerarik gabe ezin baitaiteke ezertaz hitz egin. Gehiegi hil dira. Bake egoeran autodeterminazioaz eta independentziaz ere hitz egin daiteke, baina bestela, ezertaz ez. Prozesu hau bururaino eramateko, herriak egin behar du indarra. Herritarrek esan behar dute, ozen, bakean bizi nahi dutela. Atzera eta aurrera buelta asko egingo ditu prozesu honek, baina bururaino joango dela uste dut", esan zion Saramagok BERRIAri 2006ko irailean.

Haren fundazioa literaturaz, ingurumenaz eta, batez ere, giza eskubideez arduratzen da. Izan ere, Saramagoren ustez, giza eskubideen alde egiteko gaur egun "inarrosi" beharra dago. 2007an sortu zuten erakundea.

Globalizazioaren aurkako mugimenduez ikuspegi kritikoa azaldu zuen Saramagok 2004an Mexikon, idazleen kongresu batean. "Jendea kontzientziatzeko mugimendu kritiko bezala ongi dago, baina ideiak jaio behar dira. Beste mundu bat posible dela esaten denean, ongi dago, baina hasi behar dugu pentsatzen nola egiten dugun beste mundu hori eta, batez ere, mugitu behar da gizarte zibila, gizarteak nabarmendu beharko luke foro hauen eragina, ez da nahikoa jende asko biltzea horrelako foroetan. Lortuko bagenu mundu osoan iritzi publiko bat inarrosi, iratzarri, sortu, orduan ez lukete gure lepora irri egingo, haiek ezin dutelako ezer egin iritzi publiko indartsu baten aurka".

Bloga sortu zuen duela bi urte

Irakurleekin harremanetan jartzeko asmoz, bloga sortu eta abian jarri zuen 2008n bere izena duen fundazioaren webgunean (www.josesaramago.org). O coaderno de Saramago izena jarri zion blogari. Idazleak zioen "ziberespazioko edozein blogarik bezala" jokatzeko asmoa zeukala: gertakariak komentatu, gogoetak egin, iritziak eman...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.