Abiapuntu bat eta hamaika euskal sortzaile: Joseba Sarrionandia idazlearen poemak hizpide hartu, eta kontzertu “berezia” ondu dute zenbait musikarik. Kalaportu izenpean, arinagoko egitasmo bat du oinarrian ikuskizunak. “2016an hasi zen proiektua, Kuban. Iazko Loraldian filma heldu zen, eta ondoren, disko liburua aurkeztu zen pasaden urteko Durangoko Azokan. Azkenik heldu da sentikaria: Kalaportu”. Hala laburbildu du Aitor Narbaiza Loraldiko ekoizpen arduradunak proiektuaren bilakaera. Izan ere, Sarri euskal idazlerik musikatuena dela zenbatu dute: 145 kanta egin dituzte haren poemekin euskal musikariek. Horietako batzuk igoko dira oholtzara Kalaportun: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki eta Beñat Axiari eta Audience taldea. Haiekin batera, Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano idazleek ere ekarpena egingo diote ikuskizunari.
Audience taldeko kide Gaizka Insunza mintzatu da sortzaileen izenean: “ Ikuskizun korala izango da”. Dioenez, “erronka” bat izan da ikuskizuna sortzea eta garbi du helburua zein duten artistek: “ Sarrik eragin handia izan du belaunaldi eta estilo oso anitzetako musikarietan; horregatik, gure funtzioa kohesio bat lortzea da”. Horrez gain, gaineratu du “errespetu handiz” heldu nahi izan diotela lanari; izan ere, beste batzuek sortutako kantuak egokitu dituzte kontzerturako.
Elkarlanaz, hedapena
Elkarlana azpimarratu dute egitasmoaren bi sustatzaile nagusiek: Loraldia jaialdia eta Korrika Kulturala. Batera jardutearekin pozarren azaldu da Asier Amondo Korrika Kulturaleko arduraduna. Zuzenekoen daten berri eman du Amondok. Martxoaren 15ean estreinatuko da Bilboko Arriaga Antzokian Loraldia jaialdiaren barruan, eta, ondoren, gainerako euskal hiriburuetara egingo du salto: martxoaren 21ean Gasteizen, 23an Baionan, 24an Donostian eta 28an Iruñean egongo da ikusgai Kalaportu.