Musika

Joseba Tapiak 'Tranpaldo' diskoa plazaratu du

Zuzenean grabatutako hamar kantu bildu ditu lanean. Bakarkako hogei urteko ibilbidean zortzigarren albuma du musikariak.

Joseba Tapia, lan berria eta trikitia eskuetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko abenduaren 4a
09:39
Entzun

Ia lau hamarkada dira Joseba Tapia lehen aldiz plazetan jotzen hasi zela. Xabier Berasaluze Leturia lagunarekin aritu izan da urte luzez, baina bakarkako ibilbideari ere aspaldi ekin zion, duela hogei urte. Urteotan guztiotan bakarkako zazpi disko plazaratu ditu, eta, ibilbide hori ospatzeko, zortzigarrena aurkeztu berri du, Tranpaldo izenburupean.

Zuzeneko diskoa da plazaratu berri duena; joan den urrian, Usurbilen (Gipuzkoa) zuzeneko bi saio egin eta grabatu zituen, eta bertan jotako hamar kantu aukeratu ditu lan berrirako. Hamar laguneko taldea osatu du oraingoan Tapiak, eta, gitarrarekin aritu ondotik, trikitia hartu du berriro esku artean. Berak ez ezik, Leire Berasaluzek, Nerea Erbitik eta Kristina Aranzabek jarri dituzte ahotsak. Musikarien artean, berriz, Ion Celestino (tronpeta), Ibon Irixoa (saxofoia), Asier Ituarte (tronboia), Jexux Aranburu Txus (organoa), Iñigo Telletxea (baxua) eta Iker Uriarte (jazpana) aritu dira. Eta diskoaren berezitasuna, hain zuzen, taldearen nolakotasunarekin lotu du Tapiak: «Alde batetik metala dago, tronpeta, saxofoia eta tronboia; eta beste alde batetik, koruak. Eta erdian trikitia, aita santua bezala, sermoia ematen».

Grabazioa orain gutxikoa bada ere, abiapuntua lehenagokoa du diskoak. Ion Celestino eta Nerea Erbiti ezagutu izana dago, Tapiaren hitzetan, lanaren sorburuan. Orain dela hiru bat urte ezagutu zuen Celestino, eta haren bidez Erbiti, geroago. «Broken Brothers ikusi nuen Intxaurrondon, eta sorpresa eder bat izan zen niretzat; ikaragarri gustatu zitzaizkidan. Hantxe bertan esan genion elkarri noizbait zerbait egin behar genuela». Duela pare bat urte, Iruñea Nola topaketara gonbidatu zuten Tapia, eta han egin zuen topo Erbitirekin. Bi urtez aritu ziren Tapiaren hainbat kantari moldaketak egiten, bai bakarkako ibilbidekoak, bai Leturiarekin batera jo izandakoak. Behin taldea osatuta, Usurbilen egindako zuzenekoa iritsi zen, eta aurki egingo dituzte kontzertu gehiago. Oraingoz, urtea amaitu bitarte, beste hiru dituzte iragarriak: hilaren 8an, Azpeitiko Soreasu antzokian (Gipuzkoa), 18:30ean; 13an, Pausuko Xaia ostatuan (Lapurdi), afalondoan; eta 20an, Gasteizen, Jimmy Jazz aretoan, 22:00etan. Diskoa Durangoko Azokan ere salgai izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.