Joxantonio Ormazabal (Zegama, 1948) idazlea eta editorea zendu da. Bart aurkitu dute hilda, mendialdean. Orain dela 29 urte hasi zen lanean Elkar argitaletxean -Zarauzko ikastolan irakasle zebilela joan zen hara-, eta duela urtebete hartu zuen erretiroa. Tolosan bizi zen.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi du atzo gauean aurkitu zutela gorpua ertzainek, Zegama inguruan, potzu batean berrehun metroko sakoneran. Haren arabera, SOS Deiak eta Ertzaintzak ezbeharraren berri eguerdian jakin zuten, eta bilatze lanetan aritu ziren harrezkero, helikoptero eta guzti. Gorpua topatu ostean, Donostiara eman zuten, autopsia egiteko.
Haurrentzako liburuen editore lanean jardun zuen Ormazabalek, eta liburu asko idatzi zituen. Lehengo ostegunean bertan aurkeztu zuen bere azkeneko lana: Ehun ipuin hitz gutxitan haur literaturako liburua, hamabi urtetik gorakoentzat. Bere bizipenetatik ateratako hausnarketa motz baina sakonak eskaintzen ditu lanak. Ilunorduak eta argilaurdenak olerki bilduma plazaratu zuen 2007an, bi urteko etenaren ostean. 1983an aurkeztu zuen bakarkako lehen liburua: Margolin. Esaera zahar, igarkizun edo txisteei buruzko lanak ere atera zituen.
Elkarren hasi eta berehala Pernando Amezketarraren bertsio berria egin zuen, eta ezagun egin zen lana. "Zeuden edizio guztiak jaso, material hura txukundu eta euskara batuan jarri. Izugarizko arrakasta eduki zuen liburu horrek. Kritikarik ere bai! Urte hartan, edo hurrengoan, Donostiako Liburu Feria egin zenean, liburu horrek eta sukaldeko batek atera zuten liburu salduenen sariak, eta batek esan zuen: 'Non gaude? Zer da hau? Liburu salduena, euskaraz, zein eta Pernando Amezketarra!'", zioen Ormazabalek orain dela urtebete elkarrizketa batean.
kulTURA
Joxantonio Ormazabal idazle eta editorea hilda aurkitu dute bart
Zegamakoak iaz hartu zuen Elkarren erretiroa. Mendian aurkitu dute gorpua. Haurrentzako liburuen editore lanean jardun zuen eta liburu asko idatzi zituen. Lehengo ostegunean aurkeztu zuen bere azkeneko lana. Bakarkako aurrena, 1983an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu