Bertsolaritza

Joxe Lizaso bertsolaria hil da

5{aste aldaka batean ebakuntza egin zioten, etxean zegoen dagoeneko. 1927an jaio zen, Azpeitian, eta 60 urte pasan aritu zen plazan bertsotan. Bihar izango da hileta elizkizuna, 19:30etik aurrera.

2009ko apirilaren 1a
20:14
Entzun
Joxe Lizaso (1927; Azpeitia, Gipuzkoa) bertsolaria hil da gaur. Duela bi aste aldaka batean ebakuntza egin zioten, etxean zen dagoeneko, senideek BERRIA.INFOri jakinarazi diotenez. Aldakako arazoak izan arren, egunero-egunero egiten zuen paseoa herrian, hau eta hura agurtuz. Bihar izango da hileta elizkizuna, Azpeitiko parrokian, 19:30etik aurrera.

82 urte zituen arren, oraindik jarduten zuen bertsotan, jende askoren artean ez bazen ere. 64 urte egin ditu plazaz plaza kantari. 17 urterekin egin zuen lehen plaza Akilino Izagirre Zepai-rekin, Gaintxurizketan (Lezo, Gipuzkoa); Manuel Olaizola Uztapide-ren ordez joan behar izan zuen. Dena den, behin baino ez zen atera txapelketan: 1959an, Eibarren, Gipuzkoako I. Txapelketako finalean.

Sebaxtian Lizaso bertsolariaren aita zen eta Beñat Lizaso bertsolariaren aitona -Xebaxtianen semea da Beñat-. Hirurek batera kantatu izan dute; esaterako, 2005ean Zerainen (Gipuzkoa). BERRIAk duela hiru urte erreportajea egin zuen hirurekin.

Joxek berak, baina, ez zuen bertsolaritzarekiko zaletasuna etxean hartu. "Jaio nintzen lekuan –Enparan kalean– hazteko zortea izango banu, ez nintzateke bertsolaria izango seguru-seguru, etxean eta kalean ez zegoelako bertso girorik. Herrian ez zen saiorik antolatzen, 1936an, bederatzi urte nituela, Euskal Herriko Txapelketako saio bat Azpeitian jokatu bazen ere. Orduan bertsolaritza ez zen, gainera, hain maitea ere. Zeozer zekiena arlotetzat jotzen zen. Bertsolaria ez zegoen ondo ikusita, hortaz", esan zion 2001ean Uztarria Azpeitiko herri aldizkariari.

Azpeitian bertso giro apartekorik eduki izan duen tabernarik egon bada, hori Landeta izan da; eta, hain justu, Joxe Lizasok berak eduki zueneko garaian. 30 urte zituela hartu zuen, 1957an, Juli Iraola andrearekin batera (urte hartan ezkondu ziren). Bereziartua familiari hartu zioten, eta hamabi urtean eduki, 1969ko Santu Guztien egunean taberna dena erre zen arte; hantxe kiskaldu ziren hormatan zeuden argazki handiak. Taberna baino gehiago jatetxea zen hura, jatetxe handia, “egunero ehun lagunetik gora bazkaltzen zutelako”, Joxeren seme Xebaxtianek esan izan duenez. Normalean, ordea, afalostean egoten zen han bertso giroa, hango mahai luzearen inguruan. Eta Imanol Lazkanok dioenez, jendeak titulu bat jarri zion toki hari: 'Landetako Unibertsitatea'. "Gauero mila istorio eta kontu entzuten zituen mahai hark", dio Lazkanok. "Zortzi-hamarreko taldea izaten zen funtzioa ematen zuena eta beste guztiak entzule bezala joaten ziren. Nik neuk eliza baino gehiago ezagutzen nuen, amaren borondatearen kontra, hara joaten nintzelako lanetik irtendakoan".

Joxe Mari Iriondo azpeitiar kazetariak hari buruzko biografia aurkeztu zuen 2001ean, Joxe Lizaso. Nire aldiko kronika izenekoa. Urte berean Baite Azpeitiko Euskara Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.

Nola ikusten zuen bertsolaritza? "Bertso eskolak eta antzeko erakundeak lan handia egiten ari direla uste dut, baina bat-batekoa galtzen ari da. Ikasketa maila igo da eta gutxi gorabehera denek dute bertsoren bat egiteko ahalmena, baina batzuek pentsatzen dute lau liburu irakurri dituztelako bertsolariak direla, baina hori ez da horrela", zioen duela lau urte. "Nik bertso luzea hasi eta buka ondo-ondo betetzen Basarri bakarrik ikusi dut".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.