Ezustekoa eta etsipena», biak batean sentitu zituen Zuricheko James Joyce fundazioak Ithys Press Irlandako argitaletxe txikiak idazlearen ipuin argitaragabe bat plazaratu zuenean. Duela astebete pasatxoko kontua izan da. Zuricheko fundazioa da The Cats of Copenhagen ipuinaren jabea. Fritz Senn fundazioko zuzendariaren hitzetan, argitaletxeak euren baimenik gabe argitaratu du ipuina. Orain artean plazaratu gabea zen narrazioa. Argitaletxeak 200 kopiako uzta mugatuko eskaintza jarri du bere webgunean (ithyspress.wordpress.com), 300 eta 1.200 euro arteko salneurrian. Horietako zenbait luxuzko edizio moduan, azal eta diseinu bereziz horniturik eta zenbait ilustrazioz jantzirik.
James Joycek aitonduta zegoela Danimarkan egindako egonalditik bere biloba Stephen James Joyceri gutun bidez bidalitako ipuina da The Cats of Copenhagen. Hori eta The Cat and the Devil ipuin bikia dira Joycek haurrentzat idatzitako ipuingintzaren adibide bakarrak. Askorentzat, James Joyce da XX. mendeko ingelesezko idazlerik aipagarriena eta erreferentzialena. James Augustine Aloysius Joyce 1882ko otsailaren 2an jaio zen, Dublinen, eta 1941eko urtarrilaren 1ean zendu zen, Zurichen. Bizitzaren hondarrean idatzi zituen, horrenbestez, bilobari eskainitako ipuinak. Dubliners lanarekin (1914) iragan mendeko gailurretako bat jo zuen nobelagintzan. Irene Aldasororen itzulpenarekin, euskaraz irakur daiteke, Dublindarrak izenburupean (Alberdania). Artistaren gaztetako portreta (A Portrait of the Artists as a Young Man) da euskaraz irakur daitekeen beste nobela, hura ere Irene Aldasorok itzulia, baina Ibaizabalek argitaratua. Haren obra ezagunena eta erreferentzialena, ordea, Ulysses nobela berritzailea (1922), euskaratu gabe dago oraindik.
Bilobari idatzitako testua eskutitzez bidali zion. Anastasia Herbert editorearen hitzetan, Joyceren idatzia «altxor txiki» bat da. «Joyceren alderik argie- na islatzen du, haren umorea, zeina batzuetan izan daitekeen arraro samarra eta absurdoa ere bai».
1936ko hasiera aldera Joycek jostailuzko katu bat igorri zion bilobari, gozokiz betea. Aste batzuk geroago, beste opari bat bidali nahi ziola eta, gutun hura bidali zion, zeina ondorengo hitz hauekin hasten zen: «Ezin dizut Kopenhageko katu bat bidali, Kopenhagen katurik ez dagoelako». Jakina, Kopenhagen baziren katuak, baina ez Joycek bilobari bidali nahi zizkion bezain goxoak ziur asko. Honela jarraitu zuen gutun hark: «Gauzak ez dira diruditen modukoak; hemen ez dago katurik, poliziak baizik». Herbert editorearen hitzetan, «ezarritako sistemaren aurkako» kontakizuna da Kopenhageko katuei buruzkoa. «Haur irakurleak ez ezik, irakurle helduak ere autoritate figuren aurkako mezua jasoko du, katu gizen zenbaitzuk islaturik, eta, horrez gain, sen ona, eta gizabanakoaren askatasunaren aldarritzat har liteke».
Baimenaren harira eztabaidan
Ipuina bidaltzeko erabilitako gutunak 1936ko irailaren 5eko data dauka. Gutun hura, beste dokumentu batzuekin batera, Zuricheko James Joyce fundazioari eman zizkion Hans Jahnkek, Giorgio Joyceren —hau da, idazlearen semearen— bigarren emaztearen semeak. Fundazioa bisitatzen duen edonork ikus ditzake dokumentu horiek. «Edonoren eskura daude»; beraz, edozeinek kopiatu ahal izan zituen, eta ondoren komertzializatu. «Orain ez dugu konfiantzarik izango. Bai testu hori eta bai beste asko eskuragarri daude, bisitariek erabil ditzaten». Joyceren bizitzaren eta literaturaren aztertzaile direnek «testu horien zatiak» kopiatzen dituzte, ikerketak egiteko. Sennek adierazi duenez, oro har dokumentuak eskuratu eta erabiltzen dituztenak «ez dira pertsona anonimoak, baizik eta ohiko gonbidatuak».
James Joyceren obran adituada Fritz Senn, eta oso argi dauka ipuina plazaratu duen argitaletxearen aurka ez dutela salaketarik jarriko eta ez dutela auzitara joko. «Garestiegia litzateke, eta fundazioaren egoera ekonomikoa ez da batere ona».
Ithys Press argitaletxea James Joyce fundazioarekin harremanetan jarri zen duela pare bat aste posta elektronikoz, Sennek jakinarazi duenez. Ipuinaren kopia bat bidaliko zietela eta ordu arte beraiekin harremanetan jarri ez baziren «argitalpenarengatik ez kezkatzeko» izan zela adierazi zuten. «Ipuina jabeari inolako eskaera edo kontsultarik egin gabe argitaratu izanak molestatu gaitu gu. Engainatu egin gaituztela iruditzen zaigu. Gainera, mezu elektroniko horretan kopia bat bidaliko zigutela esaten zuten. Horren inguruan guk ez genuen ezertxo ere esan, eta orain beren webgunean diote muzin egin geniola mezu hori jasotzeari. Hori gezur handi bat da».
Argitaletxearen komunikatua
Bere webgunean plazaratutako komunikatu batean, Ithys Press argitaletxeak azaldu du «legezkoa» dela berak egindakoa, beraien iritzian 2012ko urtarrilaren 1etik «publiko guztiaren eskura» baitaude Joyceren testuak: «The Cats of Copenhagen liburua argitaratzea erabat legezkoa eta baliozkoa da, eta iruditzen zaigu haren zabalpena eragozteko egiten den edozein ahalegin legez kanpokoa izateaz bat moral aldetik arbuiagarria dela». Horrez gain, Ithys Press argitaletxeak salatu du Zuricheko James Joyce fundazioak ez duela Jahnkek emandako dokumentuen inguruko copyright eskubiderik.
Literatura
Joyceren katuek atzamarka egin dute
Idazle irlandarraren ipuin argitaragabe bat plazaratu du Ithys Press argitaletxeak. Ipuina Zuricheko James Joyce fundazioaren eskuetan zegoen, eta hari baimenik eskatu gabe kaleratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu