20.000 euroko saria da Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioak Haur eta Gazte literaturan ematen duena. Estatuko edozein hizkuntza ofizialetan argitaratutako lanei eman dakieke, eta, aurten, Juan Kruz Igerabideren (Aduna, Gipuzkoa, 1956) lana saritu dute. Letren txotxongiloa euskaraz sortu eta argitaratu zuen Igerabidek, eta gero katalanera, galizierara eta gaztelaniara itzuli zuten".
"Hizkuntza poetikoa maisutasunez" erabili duela nabarmendu du epaimahaiak, "oihartzun sinbolistekin, zentzugabekeriazko umorearekin, absurdotasuna baliatuz, fantasia rodariarra erabiliz eta euskal ahozko tradizioaren oihartzunekin".
Igerabidek irakasletza ikasi zuen, eta, gero, doktore egin zen Filologian. EHUko irakaslea da egun, idazlea izateaz gain.
Hainbat lan argitaratu ditu. Hasieran helduentzat idazten bazuen ere, 1995ean haur eta gazte literaturari ekin zion. Haur korapiloak (Pamiela, 1997) argitaratu zuen, Botoi bat bezala (Anaya-Haritza, 1999), Mintzo naiz isilik (Elkar, 2001), Munduko ibaien poemak (Elkar, 2004), Kartapazioko poemak (Ibaizabal, 1998), Hosto gorri, hosto berde (Atenea, 2002), Helena eta arrastiria (Elkar, 1999), Bosniara nahi (Aizkorri, 2003). Gainera, Jonas protagonista hartuta, hogei ipuin ere baditu eginak.