Artea

Juan Luis Goenagak jaso du dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria

Miguel Zugazak, Beatriz Herraezek, Frantxis Lopez de Landatxek eta Sonia Ruedak osatutako epaimahaiak «munduaren irudikapenaren alde egindako apustu erradikala» aitortu dio artistari

Miguel Zugaza, Juan Luis Goenaga eta Sonia Rueda, gaur, Bilbon. MIGUEL SAN CRISTOBAL
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 27a
15:42
Entzun

Xabier Saenz de Gorbea (Getxo, Bizkaia, 1951-Bilbo, 2015) historialari, kritikari eta ikertzailearen figura gogorarazteko eta hark artearen munduari egindako ekarpenak betikotzeko, 2020an haren izena daraman lehiaketa jarri zuten abian Saenz de Gorbearen lankide Sonia Ruedak eta Bilboko Arte Ederren Museoak. Lehiaketa horren helburua da arte bisualen edozein arlotan (sorkuntza, azterketa, ikerketa, promozioa, hedapena) izandako dedikazioa aitortzea,eta 10.000 euroko saria du. Lehenengo edizioan, 2020-2022koan, Marta Cardenas margolariak jaso zuen (Donostia, 1944).

Bigarren deialdia da aurtengoa (2022-2024 urteei dagokiena), eta Juan Luis Goenaga margolariari ematea erabaki dute epaimahaikideek, hau da, Miguel Zugaza Arte Ederren Museoko zuzendariak, Beatriz Herraez Gasteizko Artium museoko zuzendariak, Frantxis Lopez de Landatxe Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendari ohiak eta Ruedak. «Euskal Herriko eta Espainiako arte garaikidearen testuinguruan oso ibilbide berezia» egin duelako erabaki dute saria Goenagari ematea: «1970eko hamarkadan hasita, land art deritzonaren barruko praktika artistiko baten bidez, estatu osoan aurretik ezagutu gabekoa, munduaren irudikapenaren alde egindako apustu erradikala, funtsezkoenetik hasi eta garaikidetasun hertsira arte, laster eta behin betiko finkatu zen pinturan, zeina bost hamarkadatik gorako etengabeko lanean haren obraren adierazpide nagusia izan den».

Ibilbide luzeko artista, Goenagari buruzko atzera begirakoa antolatu zuen 2020an Donostiako Kubo Kutxa aretoak. Erakusketa hura prestatzen igaro zituen aurreko hilabeteak, eta erreportaje batean jaso zuen BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.