Judith Jauregiren pianoak akordeak jarri dizkio Antonio Machadori

Poeta espainiarra omenduko dute etzi Donostian musikari donostiarrak eta Jose Sacristan aktoreak

Judith Jauregi piano jotzaileak jarri dio musika Machadoren omenezko ikuskariari. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Ehun urte bete dira aurten Antonio Machado poeta espainiarrak Campos de Castilla poema liburua argitaratu zuela; Espainiako 98ko belaunaldiaren erreferentzietako bat izan zen, hain zuzen ere, obra hori. Mendeurren horrek batu ditu Judith Jauregi piano jotzailea (Donostia, 1985) eta Jose Sacristan aktorea (Madril, 1937). Poeta omentzea zen helburua, eta, horretarako, musika eta poesia uztartzeko erabakia hartu zuten biek ala biek. Sacristanek hartu zuen poesia hautatzeko ardura, eta Jauregik musika hautaketa egitekoa. De los días azules al sol de la infancia izeneko ikuskaria izan da elkar hartze horren emaitza. Etzi Donostiako Kursaaleko Ganbara aretoan erakutsiko dute, 20:00etan. Iaz, Bilbon egin zuten emanaldi bat, eta Bartzelonan ere erakutsi zuten. Ondoren, Sacristanek Argentinara joan behar izan zuen filmaketa bat zela eta, eta hango piano jotzaile batekin alderik alde zeharkatu zuen herrialdea, emanaldi bera han eta hemen erakutsiz.

Poetaren bizitzan eta obran egiten den bidaia bat da ikuskaria, atzekoz aurrera egin ere, azken urteetako bertso mistikoagoetatik hasita, gaztaroko amodiozkoetara, tartean politikoak ere txertatuta. Bidaia oniriko bat da, «Machado ahalik eta ondoen erretratatu» nahi duena, Jauregik azaldu duenez. «Emozioetan oinarrituta egindako lana da, eta emozioetara iristea nahi duena. Jendea hunkitu egiten da».

Sacristanek egilearen aro bakoitzeko poema esanguratsuenen zatiak irakurriko ditu, eta Jauregik hautatu eta interpretaturiko musika (erromantizismotik inpresionismora, Brahms, Schuman, Debussy, Liszt, Mompou...). Antzezlea poeta eta pianistaren alter ego bihurtzen da agertokian, bizitzako ibilbidean barna gidatzen duen arima bide-erakusle moduko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.