Musika

Juicy Baek ez du sekreturik

Juicy Bae musikari espainiarrak estudioko bigarren albuma kaleratu du: ‘El Secreto’. Bere burua «beldurrik gabe» biluztu du, trap, rhythm and blues eta pop doinuak nahastuta.

Juicy Bae. JARA GARCIA
Juicy Bae. JARA GARCIA
edurne begiristain
2025eko irailaren 28a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotan egin dioten galderari eman izan dion erantzunean aurki daiteke Juicy Bae musikariak (Sevilla, Espainia, 1998) bere azken diskoari jarritako izenburuaren azalpena. «Nola lortu duzu honaino iristea?», galdetu diote maiz elkarrizketetan, eta hark beti erantzuten du prozesu hori ezin duela hitzekin esplikatu, «sentitu» egiten duelako, «energiaren eta artearen» bidez azaldu ahal duelako bakarrik.

Aurten eman du argitara El Secreto; estudioko bigarren lana da, eta artistaren norabide berri baten hasiera. Diskoaren izenburuak lotura zuzena du Juicy Baek bere ibilbide artistikoan egin duen bilaketa pertsonalarekin: autotunetik urrundu da, estilo organikoetara jo du, eta bere ahotsa natural erakutsi, artifizio askorik gabe. Barruko behar eta desio batetik abiatuta ondu du diskoa, hain justu: bere burua «beldurrik gabe» erakusteko beharretik eta entzuleari emozioekin konektatzeko desiotik. 

Orain arte egindako lanik pertsonalena eta benetakoena da. Kantariak berak aitortu izan du «mugarria» dela bere ibilbidean. «Nire ahotsa eta identitatea argi erakusteko unea da; ez dut mozorrorik behar». Metamorfosi baten antzekoa izan da azken diskorako bidea, ahots propiorako bilaketa bat, eta, batez ere, egia bilatzeko bidaia bat.

Artistak hainbatetan kontatu du izen artistikoaren jatorria bere erreferentzia kultural eta musikaletan dagoela. Juicy du izena 1990eko hamarkadako hip-hoparen klasikoetako bat den The Notorius B.I.G. rap kantari estatubatuarraren kanta ospetsuak, eta haren zale handia da abeslari sevillarra. Ingelesezko hitz horrek freskoa, erakargarria edo goxoa esan nahi du, eta bere estiloarekin bat datorrela esandakoa da musikaria. Bae, berriz, ingelesezko jargoi edo hizkeran babe edo baby hitzen laburdura da, eta maitea edo kutuna esan nahi du. 

Beraz, Juicy Bae maite goxoa edo fresko kutuna gisako hitz joko bat dela esan liteke. Baina, batez ere, hip-hop eta rhythm and blues doinuen omenaldi antzeko bat da, eta musikariaren estiloa —soul eta trap ukitu leun baina indartsua— iradokitzeko modu bat.

Etxean, jolas modura

Juicy Baek —Cristina Vela du izena sortzez— oso gaztetan eman zituen lehen pausoak musikan: jolas eta esperimentazio modura hasi zen etxean sortutako kantak grabatzen eta haiek Youtube, Soundcloud eta gisako plataformen bidez zabaltzen. 2010eko hamarkadaren amaieran, ingelesez abestutako rhythm and blues eta soul kutsuko kantak ekoitzi zituen etxeko lau hormen artean, baina baliabide eskas horiek ez zuten estali artista gazte haren talentu handia.

2019. urtean kaleratu zuen On My First Shifts EPa, eta ezagun egin zituen AEBetako trap estiloko Fish Tank edo Pikete bezalako kantuak. Handik gutxira, eta Pikete abestiak izandako arrakasta baliatuta, No More Tearz 2 Cry EPa eman zuenMarmot edo Bexnil bezalako ekoizle ospetsuekin elkarlanean. 2020. urtean iritsi zitzaion ospea; hasieran, Llámame abestiarekin, eta, batez ere, Sticky M.A. rap kantariarekin Mami Dónde Estás? kantan egindako kolaborazioarekin. Benetako arrakasta, ordea, pandemian lortu zuen, berrogeialdi betean: La Noche Ke Me Muera izeneko zazpi abestiko EPa eman zuen argitara, eta, besteak beste, Blackthoven eta Aleesha ekoizleekin eginiko kolaborazioak sartu zituen hartan.

Estudioko bere lehen lana 2022an kaleratu zuen, PTSD izenburupean. Trap-rap urbanoa, rhythm and blues, afrobeat eta flamenko ukituak dituzten hamahiru kantarekin, Juicy Baek bere barruko emozioak azaleratu zituen, maitasunak, desamodioak eta harreman toxikoek utzitako arrastoei erreparatuz. Doinuetan zein kantuen mezuetan norabide berberari jarraituz kaleratu zuen hurrengo urtean Antes de conocerte (Parte I: Premonición) EPa ere.

Etiketarik gabe

Artistak berak kostata definitzen du zein den bere musika estiloa. «Ez nuke inoiz neure burua etiketatuko, uste dudalako horrek mugatu egingo nindukeela; hala ere, uste dut esan dezakedala gaur egun latin trap soul egiten ari naizela, nire azentu andaluziarrarekin, of course».

Aurreko lanekin alderatuta, pop doinuak nabarmenagoak dira El Secreto lanean. Eta bada bestelako aldaketarik ere: Juicy Baek ia erabat baztertu du autotunea, bateria akustikoek pisu handiagoa hartu dute, eta bere ahotsa lehen lerroan jarri du, garbi, indartsu eta ñabarduraz beterik. Hamabost abesti dira, eta elkarrekin bizi dira trap gihartsua, rhythm and blues eta pop garaikideko distirak. Pasarte intimo —ia akustikoak— indartsuekin nahastu ditu, oreka batean.

Hainbat abesti beste musikari batzuekin grabatutako kolaborazioak dira: Bitch kanta Hokerekin abestu du; Trap Star La Zowirekin, Heridas L’hainerekin, eta IDGaF kantan Villano Antillano izan du aldamenean, besteak beste.

Minari, sendaketa emozionalari, adiskidetasunari, autodefentsari, itxaropenari eta gisako gaiei kantatu die Juicy Baek, bai eta berdintasunari ere. Hala dio Bitch kantak, ironikoki: «Cuando soy asertiva, soy un bitch/ Cuando un hombre es asertivo, es un boss» (Asertiboa naizenean, puta bat naiz/ Gizonezko bat asertiboa denean, sekulako tipoa da).

Euskal Herrian izango da aurki: urriaren 3an Donostiako Dabadaban ―sarrera guztiak salduta daude―, eta azaroaren 6an Bilboko BBK aretoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.