«Horrela segitzen dugu aurrera, etengabe iraganerantz arrastan garamatzan korrontearen kontra goazen txalupak». Francis Scott Fitzgeraldek Gatsby Handia nobelan jasotako esaldi hori Iragan atergabea ipuin liburuaren lehen orrialdera eraman du Julen Belamuno idazleak. Hain zuzen, iragana da liburuko zazpi kontakizunak lotzen dituen leitmotiva. Narrazio independenteak badira ere, pertsonaia guztiei etortzen zaie gogora aspaldiko gertaeraren bat. «Bada beste esaldi bat asko gustatzen zaidana, [William] Faulknerrena: ‘Iragana ez da inoiz hiltzen, eta igaro ere ez da egiten’. Beti hor dago; azken batean, iraganaren emaitza gara, gertatu zaigun eta egin dugun guztiaren produktua». Hirugarren ipuin liburua du Belamunok —nobela bat ere badu idatzia—, eta Elkarrekin argitaratu du.
«Iraganaren itzulerak» zeharkatzen ditu, beraz, liburuko narrazio guztiak. «Ipuin guztietan dago aspaldiko kontu baten itzulera, oso aspaldikoa askotan, eta, itzulera horrekin batera, baita iragan horrek oraindik bizirik segitzen duen sentipen moduko bat ere. Nik uste dut hori dela gai nagusia eta ipuin guztiak batzen dituena», azaldu du idazleak. Pertsonaiek elkarren artean zerikusirik ez badute ere, denak adin batetik gorakoak direla zehaztu du —«gazteenak 58 bat urte izango ditu, eta zaharrenak, 88; gazte-gazterik ez dago batere»—, eta, hala, zahartzearen gaia ere ageri da ipuinetan, baita gaixotasuna eta heriotza ere zazpi kontakizunetatik lautan.
Pertsonaia bakoitza, halere, «mundu bat» dela gehitu du idazleak, eta haietan jarri du azpimarra. «Kontakizunetan elementu asko daude: gertaerak, tramak, giroak... Baina niri gehien interesatzen zaidana pertsonaiak dira». Horregatik, haietatik abiatuta laburtu du ipuin bakoitzak kontatzen duena.
«Ipuin guztietan dago aspaldiko kontu baten itzulera, eta, itzulera horrekin batera, baita iragan horrek oraindik bizirik segitzen duen sentipen moduko bat ere»JULEN BELAMUNOIdazlea
Lehenak, Itsas hilerria izenekoak, kostako herri batean lan egiten duen laurogeitaka urteko lur emaile bat du protagonista; irla batean dago hilerria, eta hilkutxak hileta-ontzian eramaten ditu hara. Ikasle batzuk galdezka etorri zaizkiola eta, 40 urte atzera herriko jonki batekin gertatutakoak kontatuko dizkie. Seinale-mutilaren balada ipuineko gizonak, aldiz, obretan egin zuen lan aspaldi, seinale bat eskuetan hartu, eta autoei gelditzeko edo pasatzeko txanda ematen; bere aurretik maiz igarotzen zen emakumearekin berriro egingo du topo urteetara. Bainuetxe batean dago girotua Uraren dohainak, eta 80 urtetik gorako bi gizonen arteko gatazka bat du ardatzean.
Laugarren ipuinak Ezaxola sendabide du izenburu, eta emakume zahar bat du narratzailea. Bere tabernako leihotik kondesa baten jauregia ikusten zuen, baita bertan bizi zen anakoretak inguruan biltzen zuen jendetza ere. Emakume gazteago bat da protagonista Sasoi gordinak gogora kontakizunean; gazterik haurdun geratu zen, arazoak izan zituen drogekin, eta bilobarekin topo egingo du orain.
Ahalguztidunaren ezinak da seigarren narrazioa, eta, bertan, apaiz erretiratu bat koaderno zahar bat berreskuratzen saiatuko da; jainkoaren ezintasunei buruzko gogoetak idatzi zituen bertan. Eta zazpigarren eta azken ipuinean —Finalistak—, herriko kintoen artetik bizirik geratzen diren azken bi gizonen arteko lehia burugabea kontatzen da.
«Kontaera lasaia»
Belamunok azken urteetan idatzi ditu liburuko ipuinak, baina gai bera lantzen zuten eta aspaldi idatzi zituen zenbait ere berreskuratu ditu libururako; 2009koa da zaharrena, eta 2023koa berriena. Edonola ere, iraganari buruz idaztea ez dela izan aurrez hartutako erabaki bat zehaztu du. «Nik ez dakit aurretik egindako planteamenduekin funtzionatzen, eta istorioak asmatzerakoan ere ez. Nik funtzionatzen dut momentuan sortzen zaidanarekin, eta ez dakit nondik sortuko zaidan».
Pertsonaietan azpimarra jarri badu ere, ez dira beti haiek izan ipuina idazten jartzeko abiapuntua. «Askotan pertsonaia bat izan da, beste batzuetan egoera bat, inoiz nik egindako amets bat ere bai... Abiapuntua beti izaten dut garbi, baina argumentua askotan ez. Beste batzuetan ez; beste batzuetan hasiera eta bukaera dituzu, eta erdikoa falta zaizu, baina errematea ikusten duzu. Nire kasuan behintzat, uste dut ipuin guztiak desberdinak direla».
Pertsonaiek atzera begiratzen duten neurrian, «nostalgia ez, baina iragana oso presente» dago liburuko istorioetan. Horri lotuta, tonu «nahiko iluna» dute ipuin batzuek, baina umorea eta ironia ere ageri dira beste batzuetan.
«Ipuin hauetan ez dira gauza asko gertatzen, beharbada inportanteena niretzat pertsonaiak direlako; pertsonaiek sentitzen eta pentsatzen dutena, eta, kasu honetan, gogoratzen dutena»JULEN BELAMUNOIdazlea
Kontatzeko moduari buruz, berriz, iritzi dio «nahiko kontaera lasaia eta patxadatsua» dela narrazioetakoa. «Ipuin hauetan ez dira gauza asko gertatzen, beharbada inportanteena niretzat pertsonaiak direlako; pertsonaiek sentitzen eta pentsatzen dutena, eta, kasu honetan, gogoratzen dutena». Horiek horrela, uste du ipuinok «irakurle lasaia, presarik gabekoa» eskatzen dutela. «Gaur egun badago joera bat ekintza askoko literatura egiteko, baina hau ez da horrelakoa. Abiadura handiko literatura bat badago, eta nik liburu hau justu beste lerro batean ikusiko nuke, slow kultura batetik gertuago».