Juliette Binochek Zinemaldiaren Donostia saria jasoko du aurten

Kartel ofizialeko protagonista da aktore frantziarra. Irailaren 16tik 24ra egingo da zinema jaialdia

Jose Luis Rebordinos zuzendaria, atzo, kartel ofizialari begira. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
mikel lizarralde
Donostia
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Orain dela aste batzuk emandako elkarrizketa batean, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak adierazi zuenez, aurten, zinema jaialdiaren 70. ekitaldia izanik, lau edo bost Donostia sari emateko nahia dute antolatzaileek. Bada, horietako lehenengoak badu dagoeneko izena. Juliette Binoche (Paris, 1964) aktore frantziarraren ibilbidea aintzatetsiko du aurten zinemaldiak, eta, gainera, Binoche bera izango da jaialdiaren kartel ofizialeko protagonista. Claire Deniseren Avec amour et achanement filma aurkezteko galan jasoko du Donostia saria aktoreak.

Juliette Binoche azken lau hamarkadetako aktore frantziarrik ospetsuenetakoa bilakatu da, eta, sorterrian ez ezik, handik kanpo ere lan ugari egin ditu. 1980ko hamarkadaren hasieran hasi zuen bere ibilbidea zinema munduan, eta, orduz geroztik, 70etik gora filmetan parte hartu du, besteak beste, Les amants du Pont-Neuf (1991), Damage (1992), Trois couleurs: Bleu (1993), The English Patient (1996), Chocolat (2000), Cosmopolis (2012) eta Clouds of Sils Maria-n (2014).

Saria emateko ekitaldia Kursaaleko auditoriumean izango da. Bertan Avec amour et achanement filma emango dute, Claire Denisek zuzendutakoa eta azkeneko Berlinalen zuzendaririk onenarentzako Zilarrezko Hartza irabazi zuena. Film horretan, Binochez gain, Vincent Lindonek eta Gregoire Colinek hartu dute parte, beste batzuen artean.

Lehen urratsak antzerkian egin eta aktore gisa Frantziako Arte Dramatikoko Kontserbatorio Nazionalean trebatu ondoren, Binochek zineman debutatu zuen Liberty Belle (Pascal Kane, 1983) filmarekin. Ondoren, zenbait rol jokatu zituen, besteak beste, Jean-Luc Godard (Je vous salue, Marie, 1985), Jacques Doillon (La vie de famille, 1985) eta Andre Techine (Rendez-vous, 1985) zinemagileen filmetan. Mauvais sang (1986) ikonikoan, lehen aldiz kolaboratu zuen Leos Caraxekin. Haren agindupean aritu zen, halaber, Les amants du Pont-Neuf (1991) filmean.

Bere ibilbidearen hasieratik, frantsesez filmatutako pelikulak eta ingelesez egindako beste asko tartekatu ditu; tartean, hauek: The Unbearable Lightness of Being (Philip Kaufman, 1988), Wuthering Heights (Peter Kosminsky, 1992) eta Damage (Louis Malle, 1992).

Binochek doluz dagoen emakume baten rola jokatu zuen Krzysztof Kieslowskiren Trois couleurs: Bleu (1994) filmean, zeinak inauguratu baitzuen zuzendari horren trilogia ezaguna. Lan horrengatik, aktorerik onenaren saria eskuratu zuen Veneziako zinema jaialdian, baita Cesar sari bat jaso ere —beste bederatzitan ere sari horietarako hautagai izan da, gainera—. Nazioarteko aitortza, berriz, The English Patient (1996) filmean jokatu zuen erizainaren rolari esker etorri zitzaion. Taldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria eta Berlingo zinema jaialdiko aktorerik onenaren saria irabazi zituen lan horrekin.

Europako zinemagileen esanetara lan egin du; besteak beste, hauekin: Jean-Paul Rappeneau (Le hussard sur le toit, 1995), Chantal Akerman (Un divan à New York, 1996), Patrice Leconte (La veuve de Saint-Pierre, 2000) eta Michael Haneke. Azken horrekin, bi lan entzutetsu filmatu ditu: Code inconnu: Récit incomplet de divers voyages (2000) eta Caché (2005). 2002an, Décalage horaire (Daniele Thompson) filmeko protagonista izan zen, eta, harekin, Donostian izan zen lehen aldiz, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo ixteko.

2018an, aktorea berriz itzuli zen Donostiara Sail Ofizialean lehiatu ziren bi film aurkeztera: Vision, Naomi Kawaserena, eta High Life, Claire Denisekin egin zuen beste kolaborazio bat. Zientzia fikzioko generokoa da, eta Fipresci saria lortu zuen.

Bere azken lanen artean ditu, era berean, Hirokazu Koreedaren La vérité (2019) harekin izan zen aktorea Donostian hirugarren aldiz eta Ouistreham (Emmanuel Carrere, 2021). Azken horrek, iaz, Perlak sailean parte hartu zuen, eta Europako Filmik Onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria jaso zuen.

Karteleko protagonista

Donostia saria jasoko du Binochek, eta Donostiako Zinemaldiaren kartel ofizialeko protagonista ere izango da. Donostiako Dimension enpresa arduratu da aurtengo kartelak egiteaz, eta Brigitte Lacombe argazkilariak Juliette Binocheri egindako erretratu bat erabili du 70. edizioko poster ofiziala egiteko. Lacombek mundu osoko artista ezagunen, politikarien eta intelektualen erretratu ikoniko eta intimoak egin ditu eta, aldi berean, Wes Anderson, Sofia Coppola, Federico Fellini, Michael Haneke, Lynne Ramsay, Martin Scorsese, Quentin Tarantino, Steven Spielberg eta beste zinemagile batzuen filmaketak dokumentatu ditu.

Sail Ofizialekoaz gain, gainerako sailen afixak ere egin ditu Dimensionek. Hain zuzen ere, Zinemirak, euskal zinemari buruzko sailak, kartel propioa izango du lehen aldiz aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.