Zail da gurean bere eraginetik ihes egiten. Urteko disko gehienak Durangoko Azokaren bezperetan argitaratzen dira, antzera gertatzen da liburuekin ere. Aurtengo edizioaren aurkezpenean iragarri zuten «179 musika produktu» berri izango direla bertan erosgai. «Musika produktu» delako espresio aldrebes hori hautatu izanak badu bere arrazoia: denak ez dira nobedadeak, zenbait berrargitalpenak dira, CD eta binilo formatuan argitaratutako lanak bi bider kontatzen dira… Ondorioz, ez da erraza hertsiki berriak diren zenbat disko ditugun zehaztea. Badok atariak osatutako zerrendan 120 bat daude, nahiz eta kopuru hori ere ez den guztiz behin betikoa. Ez du sobera axola, badugu egoeraren irakurketa azkar baterako nahikoa datu bestela ere.
Geroz eta talde eta bakarlari gehiagok jartzen dute stand propioa: batzuk aspalditik ezagutzen ditugu (Su Ta Gar, Berri Txarrak), arriskua hartu duen gazteagorik ere badago (TOC, Andoni Ollokiegi), baita halako sonarik izan ez eta apustu ekonomikoa egitea erabaki duenik ere (Akeleia, Intza Unanue). Hogeitik gora izango dira salmahaia bakarka jarriko dutenak;Â berrogeitik gora pilatuko dira, aldiz, bakar batean: Musikazuzenean logoaren atzean, alegia. Arestian erabilitako datuak kontuan hartuz gero, nobedadeen laurdenaren eta herenaren artean Koldo Otamendik gidatutako egitasmoaren salmahaian topatuko ditugu.
Garaileek-edo eta azokan existitzeko ere inoren laguntza behar dutenek osatuko dute, beraz, disko berrien erdia, gutxi gorabehera. Tartean, patu horri iskin egiten laguntzen duten zenbait kolektibo eta, oro har, garai batekoekin antz handiegirik ez duten diskoetxe batzuk. Halaxe kontuak.
Orain gutxi lagun musikari batekin hitz egin nuen telefonoz. Huntaz eta hartaz ari ginela, zera bota zidan: «Musikarien klase ertaina desagertzen ari da, noizbait hartu behar dugu kafe bat gaiaz hitz egiteko». Durangon egongo da diskoa aurkezten, igual ez da abagune txarra izango gaiari heltzeko.