Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Kahn: «Intimotasun sakonenera iristea da zinemaren bertutea»

'Vie sauvage' aurkeztu du zuzendari frantsesak, sistematik at eta Poliziatik ihesi bizi diren aita-semeen inguruko filma.Benetako istorio bat hartu du oinarri pelikula sortzeko

Cedric Kahn (erdian), alboetara Romain Depret eta Jules Ritmanic aktoreak, eta Okwari zein Shahi Yena Fortin anaiak (bi muturretan) dituela, atzo. J. MANTEROLA / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Familia baten haustura, bestelako bizi eredu bat eta horren inguruan sortzen ahal diren kontraesanak erakutsi ditu Cedric Kahn zinemagile frantsesak Vie sauvage filmaren bidez. Benetako istorio bat hartu du oinarri, «galdera asko» sorrarazi zizkiolako «horren txikiak diren haurren erabakitzeko ahalmenaz, eta haien aitak eta mutikoek aukeratutako ohiz kanpoko bizimoduaz».

Frantzian bizimodu erdi-nomada daraman familia baten benetako istorioa du oinarri pelikulak —Okwari eta Shahi Yena Fortin anaien eta haien gurasoena—. Sistematik kanpo bizi nahian, hirigunetik at bizi da familia, karabana batean, abereak eta baratzea inguruan dituztela. Gurasoak arduratzen dira haurren heziketaz, eskolara eraman beharrean. Baina bizimodu horrekin nekatuta, amak haurrak hartuta alde egingo du, eta gurasoen etxera berarekin eramango ditu, aitarengandik urrun. Urtebete inguru emango dute etxebizitza arrunt batean, eskolara joanez... ordura artekoaren oso bestelako bizimodua eginez. Aita haien zaintza lortzeko borrokatuko da bitartean. Justiziak beste biderik uzten ez diola argudiatuta, sei-zazpi urteko semeak berarekin eramango ditu, amarengandik urrun; haurrek ere aitarekin joatea erabakiko dute. 11 urte emango dituzte mendian, hirurak bakarrik edo etxalde komunaletan, eta Poliziarengandik ihesean bizi beharko dute.

«Ihesa bera oso elementu zinematografikoa iruditu zitzaidan. Frantzia bezalako herrialde txiki batean, nola egiten duzu bi umerekin desagertzeko? Nola, haiei hezkuntza eta osasuna eman eta uneoro ihes egiteko?». Hori kontatzen du filmak: haurtzaroan eta nerabezaroan aitarekin eramandako bizimodu askea, beren kontraesanak ere azaleratuz.

«Guztia berrinterpretatua izan da, baina errealitatean oinarritu gara, eta, pixkanaka, zinemarantz eta fikziorantz egin du kontakizunak», dio zuzendariak. «Interpretazioa %40 izan da, eta errealitatea %60». Kahnek esandakoa baieztatu dute istorioaren benetako protagonistek, Okwari eta Shahi Yena Fortin anaiek; zuzendariaren alboan izan dira Donostian, baita haien rolak jokatu dituzten Romain Depret eta Jules Ritmanic aktore gazteak ere. «Oraingoan, interpretatzeko askatasuna hartu dut. Nik hala aurkeztu nien proiektua: haien istorioaren nire interpretazioa da».

Ihesean, elkartasuna

Filmak erakusten duen moduan, jende askoren laguntza jaso zuten aita-semeek ihesean zirela. «Batzuk aitaren ideologiarekin bat zetozelako, beste batzuek aita hau injustizia baten biktima zela uste zutelako... Hainbat motibaziozituzten lagundu zietenek, baina atentzioa eman zidan asko emakumeak zirela eta ez zirela amaren borrokarekin identifikatu», Kahnek esatera. «Elkartasun asko jaso genuen, zio justua zelako, gure aukera zela ulertzen zutelako», esan du Okwarik. Anaiak haren hitzak berretsi ditu: «Esperientzia indartsua izan zen; 11 urtez gauza asko bizi izan genituen. Ongi ginen, eta hala bizitzea erabaki genuen». Erabakia hartu zutenean ondorioez kontziente ez zirela, baina amarekin itzultzeko aske baziren ere ez zirela itzuli azaldu du. «Ez gara sekula damutu».

Ezezaguna den mundu bat pertsonaien ibilbide intimoa erakutsi nahi izan du Kahnek, «hori baita zinemaren bertutea, intimotasun sakonenera iristea, pertsonen barne gatazkak ukitzea. Hori interesatzen zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.