Kalakatik urrun

Gontzal Agote.
2008ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Sail Ofiziala

'Tiro bat buruan'

Zuzendari eta gidoigilea:

Jaime Rosales. Aktoreak: Ion Arretxe, IƱigo Royo, Jaione Otxoa. Iraupena: 85 minutu.

Gontzal Agote

Ausardia falta da zinemagile garaikide gehienei leporatzen zaien keria nagusietako bat. Zorionez, badira salbuespenak, Jaime Rosales da bakan horietako bat. Gustatu ala ez, ukaezina da arriskuak hartzea gogoko duela kataluniarrak; lehen film luzetik erakutsi zuen joera hori, eta oraingoan muturrera jo du. Eta, jakina, horren ondorioz, muturreko galantak jasotzeko prest egon beharko du.

Askotarikoa da Tiro bat buruan lanak hartzen duen arriskua, ugariak dira filmak irekitzen dituen galderak, handia zabaltzen duen ezinegona. Aurrez fabrikatutako diskurtso gehienetatik urrun -eta, hala ere, bere ikuspuntuari uko egin gabe-, esperimentu zirraragarria da Rosalesek proposatzen duena. Ikusleari esfortzu handia eskatzen dio, oraingoan erdibide mehar bat. Murgilduz gero, asko da ordainean jasoko duena; bestela, guztiz jokoz kanpo geldituko da.

Bi ertz ditu Tiro bat buruan filmak, etikoa eta zinematografikoa. Biak guztizbereiztezinak dira honetan. Rosalesek ez du tesi bat inposatu nahi; horregatik, formak ezinbesteko garrantzia du: kameraren urruntasuna, dokumental errealistaren itxura eta, bereziki, narrazio mutuaren bitartez. Izan ere, ikusleak bete beharko ditu falta den musika horrek irekitzen dituen hutsuneak. Elkarrizketak (zertaz ari ote dira? Pilotaz edo bonbez?) eta protagonistaren barne munduak osotu beharko ditu lehen zati osoan.

Objektibotasuna ez dela posible argi du Rosalesek, ez du halakorik nahi; horregatik, ikusleak atera beharko ditu bere ondorioak, hausnartu nola uztartzen diren pelikularen lehenengo eta bigarren zatia, normaltasuna eta izugarrikeria. Etengabeko zurrunbilotik kanpo, ia erabateko isiltasunean, ikusleak du hitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.