Kalapita giroak ez dio giroa histu pastoralari

Jean-Louis Davantek idatzitako testua errefusaturik jatorriz frantsesez idatzitako testu zubererara itzuli bat lehenesteak sortutako polemikak ez du garraztu 'Pierra Lhande'-ren emanaldia, eta lau mila lagunetatik gora bildu dira Zalgizen.

Estreinako emanaldi arrakastatsua izan zuen igandean Pierra Lhande pastoralak. AURORE LUCAS.
Zalgize-Doneztebe
2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pierra Lhande izan zen Zuberoak ukan zuen lehen euskaltzaina... eta haren herriak, Zalgizek, lehendabizi frantsesez izkiribatua izan den pastoral bat eskaini dio! Holakorik...». Hori zen Pierra Lhande tragedia amaitu ostean, zuberotar kultur jardule nagusi batek iritzi ziona. Ez zen ziur asko bakarra izanen gogoeta hau burura zetorkiona. Beste kulturazale bik, berriz, lapurtarra bata eta bizkaitarra bestea, hauxe adierazi zuten: «Oso-oso nabaria geratu da jatorrizko frantses testuak eta zubererazko itzulpenak bi mundu erabat ezberdinak islatzen zituztela, bai erreferentzien aldetik, baita idazkeraren kontutik ere».

Bi esaldi horiek egia salatzen zutenik ezin uka. Gogora ekartzen zuten, halaber, Iruri eta Zalgize herri auzoek aurten paratu duten tragedia honi lotutako kalapita giroa. Jakitekoa baita Zalgize Aphatiako Pierra Lhande apaiz jesuitaren bizi aberatsaz pastorala baterako lehen testu bat Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzain zuberotarrak zuela idatzi. Bi herri horietan pastoral baten agertzeko asmotan zebiltzan lagun batzuei testu hau eskaini eta bizpahiru urteren buru Davantek jakin zuen bere idazlana baztertu zutela eta Aphatia etxea erosi zuen andere frantses hiztun bati eskatu ziotela beste zerbait moldatzea. Frantsesez pentsatua zen pastoral bat eta zubereraz itzuli beharko zena; beraz... ohikoaren guztiz alderantziz!

Haren izenean mintzatzeko asmorik gabe, pentsa daiteke Jean-Louis Davantek onartuko zuela bere lana hartua ez izatea... baina gauzak egin diren moduan ez dela batere bidezkoa eta zintzoa izan. Hara zertarako Zuberoako pastoral eta beste idazlan askoren egilea ez zen azaldu, joan den igandean, Zalgizeko pastoral gunera.

Eguraldia primeran

Hala eta guztiz ere, pastorala honi zatxikion polemika kutsua Zuberoan bertan eta bertatik kanpo ere aski ezagutua izan arren, jendea beste behin trumila etorri zen Zalgizera. Goizetik hala nabaritzen zen, hala pilota plazan eman zen mezara etorritako multzoa nola ondoren egin zen karrika itzulian ibili zen mundua ikusita. Pastoralaren hasierarako, 15:30 baino aise lehen, hiru harmaila guneak lepo beteta zeuden, eta jarleku gehiago behar izan zituzten paratu. Hartaz, Maidalena altzoko soroan lau mila ikusletik gora bilduta zeudela eman ziren sarrera martxako lehen notak. Ondoren eta pastorala honek dituen 21 jelkaldietan zehar, dena ondo pasatu zen. Eguraldia bera ere lagungarria izan zen, aurreko egunetako bero saparik ez baitzen egon, ipar-ekialdeko haize goxo batek ikusleria freskotasun apurtxo batez oparitzen zuela.

Inguruneak berak lilurarik pitz zezakeen, oholtza gibelean eta beraz ikusleen pare-parean hantxe baitzen dotore asko Maidalena mendixka, jendean gibelaldean berriz Arbaila mendigunea, eta hego aldera, ordea, Zuberoa eta Nafarroa arteko gailur ezagunen lerroa: Lakura, Binbaleta, Kartxela, Barazea, Otsogorrigaña, Pistagaine, Betzülagaine eta Orhi punta bera ere, Arbailak apurtxo bat ezkutatua. Pastoraleko ikusgarri denboran, baina, jende gutxi egongo zen bazter miresgarri hauei begira. Ikustekoa oholtza gainean zegoen... edo taulada inguruan ere, hala nola Baionako gotzain Marc Aillet lehen lerroetako jendeen artean eseri zelarik —goizeko meza berak zuen zuzendu... euskaraz hitz eginda!— edo Jean Lassalle diputatua etorri zelarik eta jendearen ohiko txistu eta oihu garrasiei erantzun zielarik bere ordularia erakutsita... garaiz iritsi zela argi uzteko!... Jende artean zeuden beste pertsona ezagunen artean, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Hautetsien Kontseiluko presidentea, Frantxua Maitia Eskualde kontseilaria eta Euskararen Erakunde Publikoko burua, Dominique Boscq Zuberoako herri elkargoko presidentea, Michel Etxebest Maule-Lextarreko auzapeza ikus zitezkeen. Beste asko ere egon zitekeen segurki... baina 4.000 lagunen artean zaila da denez erreparatzea!

Apezpikua irribarrez

Pastoral orotan gertatu ohi diren une xelebrerik jazo zen, halaber, Pierra Lhande tragedia antzezte denboran. Hala, esate baterako, Marc Aillet apezpikua irribarrez ikusi zen 5. jelkaldiko bertset antiklerikalak aditzean... aurpegia eman nahian edo! Ufatzen zuen haizetxoak, berriz, neke batzuk sortzen zizkieten aktoreei, berezi burukoak zeramatzatenei. Alabaina, Pierra Lhanderen pertsonaia antzeztu duen Beñat Larrori sujeta ez zen dudatu bere txapela, behin baino gehiagotan, eskuetan hartzera, bertsetak emate eta taula jokoa egite denboran. Pastoral batean bat-bateko jarduerei eusten jakin behar da... Pasarte dibertigarrietatik izan ziren, aldiz, ainguruetatik bat esku bakarrarekin gurutzearen keinua egiten ikustea edo Jean-Pierra Rekalt errejenta oholtza aurreko aulki batean jarririk egotea azken peredikuaren denbora ia osoan. Hori eginda agerian utzi zuen konfiantza osoa zeukala Maialen Larrori eta Elodie Arrosagarai bi kantariek hitzik ez zutela ahaztuko.

Pastoral batean elkartzen den jendetza itzela ikusita, guztiz ohargarria ehunka lagun horiek erabateko isiltasuna egitea mikrofonoei matxuraldi bat gertatzen zaielarik edo boz moteltxoak dituzten ainguruak kantuz ari direnean. lau mila jende isilik gerarazteko, behar da pastoral bat izan!

Sekulako zalaparta pizten da, pastorala bururatu eta gero egiten diren antxera edo enkanteetan. Pastorala eman den oholtza gainean, muñeiñak eta aitzina pika dantzak emaiteko ohorerako lehiatu ziren Zuberoako zortzi herri eta azkenean Atharratze-Sorholüzek du irabazi, 1.600 euroko diru zama eskainita. Azken urteotan bezala, ez da batere ustekabea izan, herri honek baitu ontsalaz datorren urteko pastorala paratuko, Jean Pitrau atharraztar laborari borrokalariaren bizitza kontakizun izango duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.