Kaleak artez blaitzeko garaia

Lekeitioko 33. Kaleka kale antzerkiaren jaialdia egingo dute aurten, bihartik igandera bitartean. 11 konpainiak hartuko dute parte, eta horietatik lau Euskal Herrikoak dira

Xa Teatre konpainiaren Grands ikuskizuna aurtengo Kalekan izango da. KALEKA.
Nagore Garmendia Artano
2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
«Kale arteak bizirik daude, eta urtetik urtera indar handiagoa dute. Habiatik ateratzeko ordua helduta, hegan egin eta erakusleiho berrietara heltzeko unea da». Halaxe azaldu dute Kaleka kale antzerkiaren jaialdiko antolatzaileek urtero ospatzen duten egitasmo berezi horren zergatia. Bueltan da Kaleka kale antzerkiaren jaialdia, eta bueltan da Lekeitioko (Bizkaia) kaleak artez blaitzeko garaia. Jaialdiaren 33. aldia da aurtengoa, eta 11 ikuskizunek beteko dituzte kaleak festaz eta antzerkiz. Bihartik hasita eta igandera bitarte, Euskal Herriko nahiz Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Portugalgo hainbat konpainiak euren azken obrak aurkeztuko dituzte Lekeitioko kaleetan barrena.

2017az geroztik izan ohi den bezala, hiru sail izango ditu jaialdiak: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai. Ofiziala da sekzio nagusia, ikuskizun gehien biltzen duena. Sail horren parte dira erabat bukatuta dauden lanak, edota askotariko formatuak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen obrak. Aurten, esaterako, David Cebrian aktore espainiarraren WC ikuskizuna izango da horietako bat. Obra horretan, 48 urteko gizon batek etxe bat erostea lortuko du, eta bainugela da etxe horretako onena eta okerrena. Horrekin batera, honako hauek ere emango dituzte sail ofizialean: Euskal Herritik, Lekittoko Deabruak & Zozongo, Haatik eta Trapu Zaharra konpainiak egongo dira: Lekittoko Deabruek Mingorri aurkeztuko dute, Haatikek Ur, eta Trapu Zaharrak Mesede bat egitearren. Portugaletik, Projectos de Intervençao Artistica (PIA) konpainia izango da bertan, (O2) Oxigeno lana aurkezten. Espainiatik, 7 Burbujas konpainia, Menina ikuskizunarekin. Herrialde Katalanetatik, berriz, Xa Teatre, La Tel eta Holoque konpainiak egongo dira: Xa Teatrek Grands aurkeztuko du, La Telek Carillo, eta Holoquek La Caixeta. Bederatzi konpainia arituko dira guztira sail ofizialean, eta horietatik hiru Euskal Herrikoak dira.

Scratch sailean, sortze edo garapen prozesuan dagoen lan bat aurkeztuko da, ikuskizun bakarra izan ohi baita sail horretan. Aurten, Euskal Herriko Trotamundos zirku konpainiaren Finito. Infinit@ ikuskizuna egongo da ikusgai. Zirkulartasuna hartzen du aztergai lan horrek. «Monotonia apurtu daiteke, eta gauzen norabidea aldatu. Garrantzitsuena zer den baloratu, eta jakin zerk bultzatzen gaituen gauzak egitera». Horrela deskribatu dute Trotamundos konpainiakoek euren azken lana.

Kalekaz Blai sailean, esperimentazioa eta ikusleen parte hartzea uztartzen dituzten obrak ikus daitezke. Sail horretan ere, ikuskizun bakarra du jaialdiak. Aurten, Espainiako Baychimo Teatro konpainiaren Versos que anidan ikuskizuna izango da sail horretan emango dena. Poesia du ardatz obrak, konpainiak berak lanaren sinopsian adierazi dutenez: «Poemak ibiltariaren pausoan ateratzen dira esperientzia iragankor bat eskaintzeko, eta poesia deitzen diogun testuingurutik harago doan lurralde batean murgiltzera gonbidatzeko».

Kaleka ez da antzerki jaialdi arrunt bat. Izenak berak dioen moduan, kalean ospatzen den jai bat da, eta horrek herria ere haren parte izatea egiten du. Lekeitioko herria artez eta pirotekniaz jantziko da asteburuan. Herria ezberdintzen duen jaialdi bat da, eta ezberdin izate horrek egiten du berezi bertan ospatzen den guztia.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.kaleka.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.