MUSIKA

Kalean da Mikel Urdangarinen lehendabiziko zuzenekoa

Orain urtebete eskas ehunka jarraitzailek goraino bete zuten Bilboko Kafe Antzokia eta kontzertu horretatik jaio da 'Zuzenean 2010/12/30' diska. Bingen Mendizabalak, Nika Bitchiasvilik, Rafa Ruedak, Sahiela Gazmaierek, Koldo Uriartek eta gonbidatu berezi gisa, Josu Zabalak euren ukitua eman diote diskari. 

2011ko azaroaren 17a
13:35
Entzun

Gaur aurkeztu du Mikel Urdangarinek bere lehendabiziko zuzenekoa, Bilboko Kafe Antzokian. Bertan jaio zen azkeneko diska hau orain urtebete eskas. 2010eko abenduaren 30ean; 600 lagunek goraino bete zuten Bilboko Kafe Antzokia.

Duela hamabost urtetik hona Euskal Herriko folklorea marrazten aritu da Urdangarin eta ilusioz aurkeztu du proiektu berri hau. Aspalditik omen zuen zuzeneko diska bat egiteko gogoa eta pozik dago lortutako emaitzarekin: Hogeita zortzi musika-lan eta bi ordutik gorako CD bikoitza. Bingen Mendizabalak, Nika Bitchiasvilik, Rafa Ruedak, Sahiela Gazmaierek, Koldo Uriartek eta gonbidatu berezi gisa, Josu Zabalak euren ukitua eman diote diskari. 

“Zuzenean 2010.12.30” diskan Urdangarinek hainbat abestiren errepasoa egiten du; "etxeko leihotik apaltzen ari den eguzkiarekin batera sortuak gehienak". Ostegun gau hartako kontzertuaren esentzia da diska; hasperenetik aztoramendura, melankoliatik menderatu guztien irribarre leun eta konplizera, Auñamendiko basoetatik “Wonderful life” lanaren bertsio koloristara (Black musikari britainiarraren 87. urteko arrakasta), Lekandako 1.300 metroetatik Kafe Antzokiaren 25 metroetara... gau hartan sentimendu denak bat ziren eta lanak halaxe jaso du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.