Obra oparoa utzi zuen Eduardo Txillidak; 1.300 eskulturatik gora sortu zituen, egun, mundu osoko museo, galeria, plaza eta bilduma pribatutan zehar barreiatuta daudenak. Lehenengo aldiz, obra horiek katalogo arrazoitu batean bildu eta aztertu dituzte, Txillida-Belzunze familiaren ekimenez. Katalogoaren lehen liburukia kaleratu berri dute, Nerea argitaletxearen eskutik eta Kutxak babestuta. Artistaren obra osoa kronologikoki jasoko da katalogoan. Hala, bost liburukitan biltzea da asmoa, eta urtero bat argitaratzea. Jada kalean den lehen alean, artistak 1948-1973 urteen artean sortutako 274 eskultura aztertu dituzte.
Ikerketa eta dokumentazio lan handia dago katalogoaren atzean, Ignacio Txillida eta Alberto Cobo lanaren zuzendariek azaldu dutenez. Parisko Maeght galeriaren artxiboa lehenik, eta artistaren fundazioaren zein Txillida-Leku museoaren erregistroak baliatu dituzte, batez ere, baina obren egungo jabeengana ere jo dute informazio bila.
Hala, lehen liburukian, 274 eskuturetako bakoitza aztertu dute, eta obra bakoitzaren zenbakia, titulua, materiala, neurriak, jabetza, egon den erakusketen zerrenda, hari loturiko bibliografia eta irudi bat jaso dituzte.
Katalogoaren lehen alea euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratu dute, nazioartean zabaltze aldera. Heldu den urtean bigarren liburukia argitaratzea da sustatzaileen asmoa.