Musika

Kalean dira jada Fermin Muguruzaren 'Irun Meets New Orleans' diskoa eta 'Nola?' dokumentala

New Orleansko musikariekin grabatu ditu bere zortzi kantu ezagunen eta hango beste bi klasikoren bertsioak; gaur estreinatuko du Katrina hurakanak eragindako hondamendia igaro eta hamar urte geroagoko egoera jasotzen duen filma, Tabakalerako zinema aretoan, Euskadiko Filmategiak antolaturiko zikloan.

Fermin Muguruza, Kortxoenearen aldeko kontzertu batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS
gorka erostarbe leunda
2015eko abenduaren 3a
13:44
Entzun

Fermin Muguruza bera Tabakalerako aretoan egongo da gaur arratsean filma aurkezteko eta ikusi ondoren publikoarekin hartaz hitz egiteko. Euskadiko Filmategiak lau filmez osaturiko zikloa prestatu du datozen asteetarako, eta guztiek ere New Orleans eta Katrina hurakanaren ondorioak izango dituzte mintzagai. Hurrengo filma abenduaren 10ean emango dute, ostegunarekin: Carl Deal eta Tia Lessinen Trouble the Water (2008).

Fermin Muguruzaren proiektu berriak bi adar dauzka, bata musikala eta bestea zinematografikoa. Irun Meets New Orleans izenburuak keinu egiten dio 2003ko Irun Meets Bristol. Komunikazioa lanari. Bere ibilbide luzeko zortzi kantu ezagunek eta hiriarekin lotutako beste bi klasikoren bertsioek osatzen dute diskoa, guztiak ere New Orleansko musika doinuetara egokituak. Honako hauek dira zortzi kantuak: Kolore bizia, Etxerat!,In-komunikazioa, Zugarramurdin aklerarrea, Dub Manifest, After Boltxebike, Gora Herria eta Black Is Beltza. New Orleansko bi kantu klasikoak Mess Around eta When I Die dira. Aurrez ere egona zegoen New Orleansen Muguruza, baina joan den maiatzean berriz itzuli zen, saioak prestatzera, eta albuma irailean grabatu zuen.

Film dokumentalak Nola? du izena —New Orleans, Louisiana-ren akronimoa eta euskarazko nola?-ren arteko hitz jokoa—, eta diskoaren grabaketa prozesua eta Katrina igaro eta hamar urte geroagoko egoera jasotzen ditu. Talka Records & Films etxearekin plazaraturiko lanak Treme telesaileko atal batekin paralelismo handia duela dio zigiluak berak kaleraturiko promozio orriak. "Kantuak oso ongi integratuta daude kontakizunean, eta protagonistek kontatzen dutenarekin estu lotuta. Horrela, musika narrazioaren beste pertsonaia bat bihurtzen da". Dokumentala zuri-beltzeko eta koloreko irudien muntaketa biziarekin hasten da (kotoi sailak, Ku Klux Klan, arraza segregazioa, Katrina-ren hondamendia...

Musikari andana

Diskoaren ekoizle eta moldatzailea Jonathan Freilich izan da, eta hark jo ditu gitarra nagusiak ere. The New Orleans Klezmer All-Stars eta The Naked Orchestra taldeetako burua da, eta hainbat musikari ospetsurekin lan egin izan du, besteak beste, Galactic, Robbie Robertson, Johnny Adams, Kermit Ruffins eta The Wild Magnosliasekin. Talde bi eratu zituen diskoaren grabaketarako: batetik, brass band bat, Muguruzaren kantuak jotzeko gauza izan zitekeena; eta bestetik, rhythm and blueseko talde bat, malguagoa, ska eta punk sentimendua eta New Orleansko soinua bateratu zitzakeena.

Musikarien zerrenda zabala da oso; guztiak aldez edo moldez New Orleansko soinuarekin lotura dutenak, jazz, blues, rhythm and blues edota sustraietatik abiatuta lan egiten dutenak: Ben Jaffek zuzendutako Preservation Hall Jazz Band historikoa; Sunpie Barnes zydeco soinu jotzailea (The Louisiana Sunspotseko burua); Katey Red, bounce-ko lehen queer rap kantaria; Erica Falls abeslaria (Galactic, Dr. John); Derrick Oops Moss perkusionista (The Soul Rebelsen sortzaileetako bat); Dan Oestreicher saxo jotzailea (Trombone Shorty & Orleans Avenue); Helen Gillet biolontxelo jotzailea (Luke Winslow-King, Dr John); James Singleton baxu jotzailea (Astral Projecteko kidea eta Johnny Amas, Coco Robicheaux, Stanton Moore, Jon Cleary eta Irma Thomasen kolaboratzailea); Antonio Grambell tronpeta jotzailea (All That-eko kide ohia), Doug Belote bateria jotzailea (Anders Osborne, Sonny Landreth, Dr. John, Cyril Neville, Jon Cleary, Ricky Lee Jones); Brian Coogan piano eta organo jotzailea (The Iguanas, Bonerama, Stanton Moore); Scott Frock tronpeta jotzailea (Delfeayo Marsalis, Marcia Ball, Gladys Knight); Rick Trolsen tronboi jotzailea (Boneramako kide ohia, eta Luke Winslow-King, Sonny Landreth, Theresa Andersson eta Snooks Eaglinen diskoetan parte hartu duena); Rex Gory saxofoi jotzailea (Irvin Mayfield, Dr. John), eta beste hainbat...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.