Kanon digitala legez kanpokoa dela ebatzi du EBko Justizia Auzitegiak

Kopia pribatuen «konpentsazio gisa» erreproduzitzaile digitalei ezartzen zaien diru saria ez dator bat Europako legediarekin

Juan Luis Zabala
Donostia
2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Egile eskubideen urraketatik sorturiko kalteak konpontze aldera Espainian erreproduzitzaile eta euskarri digital guztiei «modu indiskriminatuan» ezartzen zaien ordainsaria edo kanona Europako Batasuneko legediarekin bat ez datorrela ebatzi du EBko Justizia Auzitegiak. Auzitegi horren arabera, EBko legedia jarraituz, kanon digitala pertsona fisikoei aplika dakieke, partikularrei; baina ez pertsona juridikoei, hots, enpresei eta administrazioei.

Bartzelonako Probintzia Auzitegiak egindako kontsulta bati erantzunez hartu du ebazpen hori EBko Justizia Auzitegiak, SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkartearen eta Padawan SL enpresaren arteko auzia aztertu ondoren. Padawan enpresak CD, DVD eta MP3ak saltzen ditu, eta SGAEk 16.750 euro eskatzen dizkio 2002ko irailetik 2004ko irailera bitartean saldutako euskarri eta erreproduzitzaileei dagokien kanon digital gisa. Padawanek uko egin dio diru hori ordaintzeari, argudiatuz material hori «datu pribatu eta enpresarialen erregistrorako» erabiltzen dela kasu askotan, eta ez soilik egile eskubideen kaltetan, eta Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren esku dago orain auzia. EBko Justizia Auzitegiaren ebazpena aintzat harturik erabakiko du orain auzia Bartzelonako Probintzia Auzitegiak.

Pertsona fisikoen kasuan

Ebazpenaren arabera, eskubideen jabeen eta euskarri digitalen erabiltzaileen arteko «oreka justuarekin» bateragarria da kanona, baldin eta euskarri eta erreproduzitzaile horiek kopia pribatuak egiteko erabiltzen badira, «babestutako obren egileei balizko kalteak eraginez».

Tresnak pertsona fisikoen eskuetara iristen diren unetik, helburu pribatuetarako, ez da beharrezkoa babestutako obren egileen eskubideei kalterik egiten dieten edo ez baieztatzea, EBko Justizia Auzitegiaren arabera. Kasu horietan, tresnek kalte hori egiteko duten ahalmena aski da kopia pribatuari dagokion kanona aplikatzeko. Baina pertsona juridikoen kasuan -profesionalen, enpresen eta administrazioen kasuan- ezin da halako kanonik aplikatu.

Ebazpena ezin daiteke ustekabe handitzat jo, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak Espainiako kanon digitala EBko legediarekin bat ez datorrela adierazi baitzuen iragan maiatzean. Bartzelonako Probintzia Auzitegiak EBko Justizia Auzitegiari kontsulta egin berritan egin zituen adierazpen horiek.

Angeles Gonzalez-Sinde Espainiako Kultura ministroak adierazi du «alternatiba bat» bilatu beharko dela, ebazpen horren eragina jasoko duten gainerako estatuekin batera. «Ebazpenak konpentsazioa profesionalei eta enpresei aplikatzen dien mekanismoa doitu egin behar dela ohartarazten du», Gonzalez-Sinderen ustez, «baina kanon digitalaren legezkotasunari buruzko zalantzak uxatzen ditu».



Argibideak

Zer da kanon digitala? Erabilera zabaleko euskarri eta gailu elektronikoen gainean (sakelako telefonoak, MP3 eta MP4 gailuak, USB memoriak, CDak, DVDak, disko gogorrak...) ezartzen den tasa da, kopia pribatuen ondorioz sortzaileek jasotzen ez dituzten jabetza intelektualeko eskubideak orekatzeko.

Nora doa kanonaren dirua? Egile eskubideen gestio elkarteek kudeatzen dute kanonaren ordainketa. Espainian zortzi elkarte daude. Ezagunenak, SGAE, CEDRO, AIE, AISGE eta DAMA dira.

Zenbat diru biltzen da? 2008. urtean 83,3 milioi euro bildu zuten egile eskubideak kudeatzen dituzten elkarteek. Iaz, kopuru hori 100,2 milioi eurora heldu zen.

Zer herrialdetan aplikatzen da kanon digitala? Europako Batasuneko 22 estatutan ezarri dute tasa, baina bakoitzak euskarri eta portzentaje ezberdinetan aplikatzen du. Luxenburgo, Irlanda, Erresuma Batua, Malta eta Zipren ez dago kanon digitalik.





Jorge Campanillas.Abokatua

«Sistema osoa berriz pentsatu beharko dute»

Jon Eskisabel. Donostia

Iurismatica teknologia berrien zuzenbidean aditu den abokatu taldeko kidea da Jorge Campanillas. Haren iritziz, EBko Auzitegiaren erabakiak agerian utzi du kanonaren egungo sistemak ez duela balio.

Nola baloratzen duzu ebazpena?

Positiboa da, guk zein beste jurista askok esandakoa berresten duelako. Kanonak, modu indiskriminatuan aplikatuta, ez du ez hanka ez buru, ez da onargarria administrazio publikoak edo enpresek erosten diren CD guztiengatik ordaintzea. Ontzat jotzen dugu esatea EBko estatuek berriz pentsatu behar dutela kanonaren aplikazioa.

Zer gertatuko da erabiltzaile pribatuekin? Ordaintzen jarraitu beharko dutela esan nahi du?

Ikusi beharko da, salbuespenak egon daitezke. Orain asko hitz egiten ari da copyleft-az, badira ordainsari hori jaso nahi ez duten artistak, lana partekatzen ari direnak, domeinu publikora pasatzen ari diren obrak... Sententziaren alderdi positiboena da sistema osoa berriz pentsatzea ekarriko duela, denagatik kobratzeak ez duelako balio. Auzitegiak kasu jakin bati buruzko galderari erantzun dio, eta lehen salbuespena ezarri du, baina kontsulta gehiago iristen bazaizkio, seguruenik salbuespen berriak ezarriko ditu.

Hala ere, gestio erakundeek kanonaren legezkotasuna nabarmendu dute, epaia ezagutu eta gero.

Neurri batean kanon digitalari babesa ematen dio epaiak, baina legeak zehazten duen moduan, ez era indiskriminatuan. Normala da ura beren errotara eraman nahi izatea. Beste kontu bat da nola egingo duten kanonaren aplikazio indiskriminatuaren bidez jasotako diru guztia itzultzeko.

Atzeraeragina izan dezake?

Kasu jakin honetan bai. Ate bat irekiko da, eta ea nola konpontzen duten.

Espainiako Gobernuak alternatiba bat bilatuko duela esan du. Zein izan daiteke, zure ustez?

Lehen esan duguna, kanonaren sistema osoa berriz pentsatu behar dute. Salbuespen honetara moldatzeko prozesu bat zabaltzen badute, salbuespen gehiago egiteko aprobetxatu beharko lukete.

Domino efektua eragin dezake Europako beste estatuetan?

Eduki beharko luke. Sententziak esaten du harmonizazioa lortu behar dutela, Europako gainerako araudian bezala. Oinarri komunak adostu behar dituzte, konpentsazio hori zeren arabera ordainduko den erabakitzeko. Horregatik, beste estatu batzuek ere jo zuten prozesu honetara, batzuek alde eta besteek kontra. Denei eragiten dien erabakia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.