“Premia pertsonal batetik” abiatuta idatzi du Ainara Gorostitzu Mujikak (Ataun, Gipuzkoa, 1981) Aldamenekoa liburua, Euskal Herrira kanpotik etorritako 11 lagunen istorioak jasotzen dituen lekukotasun bilduma, haiekin egindako egonaldietan eta elkarrizketetan oinarritua.
“Inguruari begiratzeko premiatik sortu zitzaidan ideia”, azaldu du Gorostitzuk. “Inguruari begiratu eta jabetu nintzen inguru hori gero eta gehiago osatzen zutela kanpoan jaio eta hemen bizi direnek. Orduan neure burua galderaz betetzen hasi zitzaidan: Zenbat etorkin ezagutzen ditugu? Gure lagunen artean zenbat etorkin daude? Zergatik uzten du batek bere herria atzean?...”
Galdera horien erantzunen bila, “aldamenekoengana edo aldamenekoen aldamenekoengana” jo du, heroirik, epikarik edo tragediarik bilatu gabe. Istorio “bereziak” aurkitu ditu hala ere, guztiz pertsonalak, eta gogorrak ere bai kasu batzuetan. Honako hauek osatzen dute liburuko protagonisten zerrenda: Aliona Mocreac (Moldavia), Souad Bricha (Maroko), Anwar El Hag (Palestina), Zuriñe Anzola (Venezuela), Chelo Rincon eta Armando Valbuena (Kolonbia), Claudia Fonseca (Nikaragua), Ana Murcia (El Salvador), Angele Goyeneche (San Franciscon bizi den euskal herritarra), Pedro Nuño (Espainia) eta Omar Sarr (Senegal).
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Tene Mujika historia hurbilaz idazteko beka irabazi zuen Gorostitzuk Aldamenekoa idazteko egitasmoarekin, eta Elkar argitaletxeak argitaratu du liburua, Lekuko sailean. Iaz bi irabazle izan zituen sariak: Gorostitzu batetik; bestetik, Pako Aristi eta Mikel Markez, Plazer bat izan duk, Benito! liburuaren egileak.