Musika Hamabostaldiak, aurten lehenengo aldiz, Kantu Kontari saioak antolatu ditu Haurren Hamabostaldiaren barruan. Ziklo horrek musika klasikoarekiko zaletasuna txiki-txikitatik landu nahi du, eta, horregatik, haurren gozamenerako, literatura eta musika uztartuko ditu egitasmoak. Abuztuko lau larunbatetan emango dituzte Kantu Kontari saioak, 11:30ean, Kursaaleko Auditoriumeko Foyerren.
Narratzaileek ipuin klasikoak kontatuko dituzte, eta, musikarien presentziari esker, umeek hainbat instrumenturen soinuak ezagutuko dituzte: harpa, biolina, gitarra, eskusoinua eta pianoa. Amaia Fernandez ipuin kontalariak dioenez, haurrei lagundu egiten die musikak: «Errazago murgiltzen dira kontatzen ari zaren istorioan». Gainera, Ane Artetxe harpa jotzailearen ustez, musika tresnak oso deigarriak dira haurrentzat, harpa bereziki, eta horrek erakarri egiten ditu, narrazioan arreta galdu gabe. Pieza atseginak eta ezagunak hautatu dituzte; ipuinaren momentu guztietako giroarekin bat egingo du musikak, eta istorioan gertatzen dena azpimarratuko du, Artetxeren hitzetan. Musika «lagungarria» izango da; izan ere, Artetxek dioenez, erronka handia da umeentzako ikuskizuna egitea: «Berehala igartzen da umeek gustuko duten ala ez».
Bihar egingo da lehenengo Kantu Kontaria, lau eta zortzi urte bitarteko haurrentzat. Artetxeren harparen laguntzarekin, Saioa Aizpuruak hiru ipuin kontatuko ditu: Hiru minutu, Eeeeeeh! eta Ziur haziko dela. Hurrengo larunbatean, hilaren 13an, hiru eta bost urte bitarteko umeek Mailu zopa, Etxe-etxetxo, Nor bizi da hor eta Gaueko liburutegia ipuinak entzun ahal izango dituzte. Amaia Fernandez izango da ipuin kontalaria, eta Elena Setienek biolina joko du. Hirugarren aldian, hilaren 20an, Amaia Fernandezek, bakarka, gitarra eta eskusoinua joko ditu ipuinak kontatzeaz gain. Zaku-gizona, Ipotx saltaria, Juantxo despistatua eta Sorginaren sukaldea ipuinak kontatuko ditu narratzaileak. Azken saioa hilaren 27an izango da, eta umeek, Fernandezen eskutik eta Gaizka Segiren pianoaren doinuek lagunduta, Izei txikia, Izozkizko jauregia, Muxu bat landatu eta Salto-saltoka ipuinak entzungo dituzte.
Lau saioetako ipuin guztiak euskaraz izango dira; sartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, eta hiru euroko sarrera ordaindu.
Haurren eguna
Abuztuaren 30ean, hala ere, umeentzako egun berezia prestatu du Musika Hamabostaldiak, eta ikuskizun bereziak antolatu dituzte egun horretarako.
Ohitura den bezala, Musika bai! emanaldia egingo dute musika udalekuetan parte hartu duten haur eta gazteek, Okendo plazan. Horrez gain, La Maquine ekoiztetxeak Noeren ontziaren mitoaren moldaketa garaikidea egingo du, La casa flotante ikuskizuna; kontaketen, txotxongiloen, keinuzko antzerkiaren eta proiekzioen bitartez. Gainera, ikuskizun horretarako sarrerak eskuratzen dituzten haurrentzat Noeren ontzia tailerra prestatu dute. Elena Odriozolak eskainiko duen beste tailer batean, haurrek Hamabostaldiaren kartelaren bertsio desberdinak sortuko dituzte, eta, Tabakalerako Joklabs tailerrean, musika-tresnak sortuko dituzte, elektronikaren bitartez.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: quincenamusical.eus
Kantatuz, istorioak kontatu
Musika Hamabostaldiko larunbat guztietan 'Kantu Kontari' izeneko saioak egingo dira umeentzat, Kursaalean. Ipuin musikatuez gain, umeentzako tailerrak ere antolatu dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu