Abarlotz Olano. Musikaria

«Kantu batek gauza asko alda ditzake jendearengan»

Ainhoa Sarasola.
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Hamar urte darama musikaren munduan Abarlotz Olanok (Zaldibia, Gipuzkoa, 1980), eta Antilla lehen diskoa kaleratu berri du.

Zaila da egun disko bat ateratzea?

Mendizale bati mendira joateko sena barrutik ateratzen zaion bezala, abeslari bati abestiak egitea ateratzen zaio. Lan handia dago disko baten atzean; gauzak argi eta garbi eduki behar dituzu, eta zer nahi duzun dakizula, egia horrekin aurrera joan behar duzu.

Mixel Ducaurekin elkarlanean aritu zara. Zergatik Ducau?

Mixel moldaketen egilea izan da, produkzioa ere berak eraman du, eta musika tresna asko sartu ditu. Maketa bidali nion, gustatu zaio, eta seme bat bezala hartu nau. Aita-semeak bezala gara.

Musikari handi askok parte hartu dute lanean. Nondik nora lortu duzu horiek denak biltzea?

Mixelek lan handia egin du. Nik aurrez ezagutzen nituen batzuk, berak beste batzuk, eta biok ezagutzen genituenekin egin dugu diskoa.

Antilla izenburua nondik dator?

Antilla zen baserrian nuen behor bat, zuri-zuria, eta ezagutu nuenean lur jota zegoen gaixoa. Gauza handia izan zen niretzat; oraindik pertsona batekin ezagutu ez dudan maitasuna eman zidan.

Naturak presentzia handia du zure kantuetan. Inspirazio iturri duzu?

Bizitzako maisurik handiena natura da, dudarik gabe. Badu ikasi behar genukeen gauza bat: emankorra da. Min asko egiten diogu, eta, hala ere, beti ematen ari zaigu. Pertsonek jokabide hori izan beharko genuke, bizi garen mundu honetan gauza asko daudelako aldatu beharrekoak.

Gai sozialak ere agertzen dira hitzetan. Kantuek gizartea aldatzeko indarra badutela sinisten duzu?

Kanta batek jendearengan eta norberarengan gauza asko alda ditzake, onerako, sentimendua egiazkoa baldin bada.

Zuzenekoak nolakoak izango dira? Zein musikarekin ariko zara?

Mixelekin ari naiz prestatzen, eta harekin eta Erramun Martikorenarekin Irisarrin izan naiz. Aldean ere baditut musikariak, eta lekuaren arabera prestatzen dugu zein tresnarekin jo, edo akustikoan... Gogoz nabil aurrera jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.