Jokin Lasa. Kantugilea

«Kantu hauek liluratzeko ahalmena izatea nahiko nuke»

Txikitik abiatuta handiak izatera irits daitezkeen kontuez mintzo dira, xumeki, 'Zortziko txikia' diskoko ukitu akustikoko zortzi abestiak. Kaki Arkarazok ekoitzi ditu.

Igor Susaeta.
Deba
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mila eta bat musika jaialditan parte zuen Jokin eta Josu bikoteak 70eko hamarkadan, eta Nire herria bezala diskoa (IZ, 1977) ondu. Baina Jokin Lasak (Lazkao, Gipuzkoa, 1954) «nazkatuta» bukatu zuen, eta ez du gogoko garai hura oroitzea, jendeak «disko goxoa» zela esan izan dion arren. «Ez nuke berriro hura egingo. Nire hitz gehienak oso txarrak ziren-eta!», adierazi du, barrez. Euskara irakaslea da, eta aspalditik bizi da Deban (Gipuzkoa). Hain zuzen, aspaldiko partez, ia 30 urteren ondoren, beste disko bat argitaratu zuen 2006an: Zera (Hirusta). Baina «hanka sartze bat» iruditu zitzaion. Zortziko txikia-rekin, ordea, pozik dago. «Polita dela esan didate». Kaki Arkarazo taldekide izandakoak ekoitzi du, eta Mikel Abrego (bateria) eta Pello Ramirezek (biolontxeloa eta akordeoia) parte hartu dute, besteak beste, luxuzko kolaboratzaile gisa. Arkarazoren konpainian eman ditu hiru kontzertu, eta bide beretik segitu nahi du.

Zortziko txikia dauka izena diskoak, baina abestiak mintzo dira gai unibertsaletako batzuez: maitasunaz, heriotzaz, oroitzapenez...

Bi urte pasa daramatzat proiektuarekin. Aurrena hitzak egiten ditut, eta horien gainean doinuak. Hamasei kantu neuzkan guztira, eta 2011n grabatu nituen Kakirekin [Arkarazo] Garate estudioetan. Grabatu ondoren diskoetxe batzuei-eta eman nizkien entzuteko, eta ikusi nuen haiek ez zutela argitaratzeko inolako asmorik. Bestalde, gauzak pausatzen uztearen aldekoa naiz. Konturatu nintzen gero, ba, beharbada, hitz batzuk aldatu behar zirela edo. Urtebete pasatu nuen zer egin jakin gabe, eta aurten, urtearen hasieran, argi bat piztu zitzaidan, eta pentsatu nuen manten zitekeela grabatuta zegoenaren estruktura, eta hitz batzuk orraztu edo zorroztu behar nituela. Orduan, hamasei horietatik zortzi aukeratu genituen, eta zortzi horiek landu.

Diskoa txikia eta laburra izan arren,gai handiez hitz egiten duzu.

Bai... Zahartzaroa-eta presente dago, esaterako, gurasoak zendu berriak nituelako. Gainera, jada ez naiz 20 urteko pertsona bat...

Baina atzera begiratzen da maiz...

Bai... Eta ez zait gehiegi gustatzen atzera begiratzea...

Gehienetan, tonu ilunetan kantatzen da gai horiei buruz, baina zure doinuei umorea eta ikuspegi baikorra darie, behintzat. Erabaki kontzientea al da?

Batzuek justu kontrako iritzia ere eman didate. Esan didate nostalgia handia duten kantuak direla, tristura dariela... Tira, zenbaitetan badago umorea: Atso zoragarriak-en, Trenean-en...

Baina zuk zeuk zer sumatzen duzu?

Saiatzen naiz inguruari ironia puntu batekin begiratzen. Dena den, inkontzienteki bada ere, kantuetan beti islatzen da zu zeu nolakoa zaren. Eta, beharbada, ez naiz pertsona oso alaia. Uste dut badagoela tristezia edo melankolia ukitu bat nire baitan.

Ustez txiki diren, edo oharkabean pasatzen diren elementuen gainean idatzi dituzu hitzak: ezkilak, batel bat, trenean egindako bidaia bat...

Egunero inguruan ditugun gauzei begiratzen diet. Nire asmoa ez da filosofatzea. Gauza txikietatik abiatuta pentsaraztea izan daiteke nire helburuetako bat.

Idazterakoan zergatik erabaki zenuen zortziko txikian egitea, neurri hori erabiltzea?

Errazago ateratzen zaizkit hitzak, errima eta neurri jakin batean idazten hasten naizenean. Joera hori izan dut beti, eta ez dakit zergatik...

Koldo Izagirre izan duzu aholku emaile idazterakoan, eta testu bat ere osatu du [Batela].

Josu eta Jokinen garaian, Koldo Izagirreren poema bat [Ezin bizi eta hil nahi ez] erabili genuen. Ordutik ezagutzen dut. Proiektu honekin hasi nintzenean, testuak bidali nizkion. Oraindik letra guztiak zortziko txikian eginda zeuden orduan, eta esaten zidan azpiegitura hori nolabait hausteko.

Kaki Arkarazok ekoitzi du diskoa. Aspalditik elkar ezagutzen duzue, elkarrekin aritu zineten-eta Jokin eta Josuren garaian. Argi zeneukan harengana jo beharra zeneukala?

Batetik, ezagutzen dut eta nire herrikidea da. Bestetik, badakit teknikari eta ekoizle ona dela. 2006an ere harekin grabatu nuen Zera (Hirusta, 2006). Geroztik, zerbait egiten nuen bakoitzean harengana joaten nintzen, eta grabatzen genuen zerbait. Natural atera zait Kakirengana jotzea. Baina egia da disko bat grabatzea ez dela batere merkea. Ez dut esan nahi Kaki garestia denik, ez; niretzat disko bat modu honetan egitea ez da batere merkea. Gaur egun jende askok etxean grabatzen ditu, baina horrek gainditu egiten nau. Nahita ez estudio batera joan beharra daukat. Halere, horrek segurtasun bat ere ematen dizu.

Zer transmititzen dute diskoko 25 minutuek? Zein sentsazio?

Argi dago indarra ez duela transmititzen. Lasaitasuna, esango nuke. Patxada... Eta nahiko nuke kantuek, nolabait, liluratzeko ahalmena edukitzea.

Countrytik edaten dute pare bat abestik, bals bat ere badago, eta kantugile klasikoen moldea ere jarraitzen duzu. Zein musika entzuten duzu zuk?

Esango banizu... [barre txikia]. Musika pila bat entzuten dut. Garai batean, 70eko hamarkadan-eta, musika amerikarra gorroto nuen. Aditzen nituen protesta kantuak batez ere. Gaur egun, berriz, musika amerikarra pila bat entzuten dut; bakarlariak batez ere. Adibidez, Josh Ritterren azken diskoa ez dakit zenbat bider aditu dudan. Jakob Dylan, Lloyd Cole... Soinu akustikoa duten bakarlariak atsegin ditut. Frantsesak ere hor daude: Benjamin Biolay, Dominique A...

Euskal Herrian eta euskaraz ez da ohikoena 59 urterekin eta ia-ia hasiberri bat moduan plazara ateratzea berriro.

Zortzi abesti ditu disko honek, baina beste hiruzpalau disko osatzeko lain kantu baditut eginak. Daukadan hori azaleratu nahi dut; hori da nire asmoa. Zaila dago, ordea, eta nire kasuan, agian, gehiago. Batetik, adinagatik; bestetik, beste batzuek adina kontaktu ez ditudalako. Zentzu horretan izan daiteke kapritxo bat. Ez dut beharrik disko bat ateratzeko, baina... Ez dakit, zerbaiterako balio badut, kantuak sortzeko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.