'Europa bat-batean'

Kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketa izango da Donostian, uztailean

Goizez jardunaldi akademikoak izango dira, eta arratsaldez, berriz, emanaldiak. Zazpi herrialdetako kantu inprobisatzaileak entzun ahalko dira uztailaren 11tik 16ra. Kursaalean jaialdia izango da azken egunean, topaketari amaiera emateko.

Iragan apirilean Iruñean egindako saioa. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ainhoa Sarasola.
2016ko ekainaren 16a
12:20
Entzun

Europa Bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa hartuko du Donostiak uztailaren 11tik 16ra. Goizez jardunaldi akademikoak egingo dituzte, eta arratsaldez, berriz, emanaldiak izango dira. Zazpi herrialdetako kantu inprobisatzaileak bilduko ditu topaketak: Austria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko eta Zipreko ordezkariak ariko dira Donostian, Euskal Herriko bertsolariekin batera. Azken egunean, topaketari amaiera emateko, jaialdia egingo dute Kursaalean; aste osoan topaketan parte hartu duten inprobisatzaileak izango dira ekitaldian.

Donostiako hainbat txokotan izango dira arratsaldeko emanaldiak: portuan, Tabakaleran, Parte Zaharrean... Horietan itzulpen zerbitzua eskainiko da, eta atzerriko ordezkariekin batera, bertsolariak ariko dira, tartean, Manex Agirre, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Andoni Egaña, besteak beste. Arratsaldeko emanaldiak "modu xeheagoan ulertzeko gakoak", berriz, goizeko jardunaldi akademikoetan emango dituzte. Miramar jauregian egingo dituzte saiook, goizero. Horietan izen emateko epea irekia dute, eta uztailaren 6ra bitarte egongo da zabalik.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak antolatu dute egitasmoa. Iazko udazkenean lehen bi topaketak egin zituzten Leonen (Espainia) eta Bartzelonan, eta aurtengo udaberrian, berriz, Euskal Herriko, Kurdistango, Herrialde Katalanetako eta Sardiniako inprobisatzaileek zazpi ikuskizun eskaini zituzten Euskal Herrian. Uztailean, beraz, hirugarren geltokia izango du egitasmoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.