«Jerusalemek bere seme-alabengatik galdetzen badu/ esaiozu Xeikh Jarrahn daudela./ Eta Gazak egunsentiagatik galdetzen badu/ esaiozu iluntasuna ez dela betiko». Raj’een (Itzultzen) kantuan, hitz mindu baina itxaropentsuak kantatu zizkion bere herriari Nai Barghutik (Ramallah, Palestina, 1996). Abeslaria, konpositorea eta flauta jotzailea da, eta urteak daramatza atzerrian musikari ibilbidea garatzen, eta bere doinuak hainbat herrialdetan eman ditu zuzenean. Baina sorterria ez du ahazteko. Eta handik sarraskiaren irudiak egunero-egunero heltzen diren honetan, Palestinaren aldeko elkartasun kontzertua emango du Iruñean, larunbatean.
Barghuti hirugarrenez ariko da Baluarten —Sodepaz elkarteak antolatu du emanaldia—. 2019an izan zen azkenengoz, eta orduan BERRIAri eman zion elkarrizketan azaldu zuenez, ez dira gutxi bere ibilbidean gainditu behar izan dituen oztopoak. Jatorriagatik, hasteko: «Palestinan ez dago aukera nahikoa ikasteko eta norbere burua garatzeko. Tel Avivera [Israel] mundu osoko musikariak joaten dira, eta haiengandik ikas dezakete; eskoletara ere joaten dira. Guk ez dugu hori. Kanpora atera naizenean, konturatu naiz nire adineko jendeak goi mailako ikasketak dituela, eta nik baino askoz gehiago dakiela musikaz, nire heziketa oso txikia izan baitzen». Eta gaineratu zuen emakumea izatea ere gehitu behar zaiola horri: «Edonora noala, borroka egin behar dut emakume izanda talde baten buru izateko eta neure buruarekin seguru egoteko. Lan handia egin behar izan dut hori lortzeko».
Hala ere, nazioartean egindako birek sona handia ekarri diote, eta arabiar musikaren ordezkari behinenetako bat dela diote askok egun. Tarab edo musika arabiar tradizionala beste genero batzuekin nahasiz —bereziki, jazzarekin—, estilo propio bat garatu du urteotan. Hain zuzen, azaldu izan du bere musika bizitzan jaso dituen eragin guztien nahasketa bat dela, eta jazz musikan, klasikoan, arabiarrean nahiz afrikarrean topatzen dituela nahasketa horretarako elementuak.
Musika eta itxaropena
Barghuti 7 urterekin hasi zen musika ikasten; musikazaleak zituen gurasoak, eta ahizpa nagusiak biolina jotzen zuen. Flauta aukeratu zuen berak —kurioski, haren izenak horixe esan nahi du arabieraz—, eta Jerusalemgo Edward Said kontserbatorioan ekin zion tresnarekin trebatzeari; kantuan, berriz, amarengandik jaso zituen lehen irakaspenak. 13 urterekin hasi zen oholtzetara igotzen, eta atzerrian segitu zuen ikasten; besteak beste, musika klasikoan eta jazzean sakondu zuen AEBetan eta Herbehereetan.
Haren ustez, erresistentziarako eta salaketarako tresna boteretsua izan daiteke artea, eta okupazioaren inguruan mintzatu izan da bere kantuetan. 2022an bere lehen diskoa plazaratu zuen, Nai 1, eta hala abestu zuen kantuetako batean: «O, ene lurra, ontasunaren lurra/ Erbestearena eta kanpin dendena/ Nire jendea kantari ari da injustizia gorabehera/ O, ene lurra, bakearen lurra/ O, ene herria, eutsi eta ez etsi/ Setiatu zure kateak eta zure minak/ Nire lurra ezkutatzen ez den eguzki bat da/ O, ene lurra, nire egunen hazkurria».
Haren ustez, musikaren bidez «hedabideek ezkutatzen duten horren» berri izan baitaiteke: «Palestina aipatzean, gerraz hitz egiten da; miseriaz, oztopoez. Baina guk musika daukagu, eta maitasuna, talentua, itxaropena. Garrantzitsua da hori ere erakustea». Horretan ariko da Iruñean ere.
kontzertua
Non: Baluarteko Ganbera Aretoan, Iruñean.
Noiz: Azaroaren 30ean, larunbata, 20:00etan.