Kantu zalantzati eta zintzoak

Txuma Murugarrenek 'B aldeko kantuak' plazaratu du, 60ko hamarkadako singleen izpiritu eta soinura jotzen duen diskoa

Jon Eskisabel.
Donostia
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Txuma Murugarrenek (Errenteria, 1964) disko berria jarri du kalean, baina ez du hari buruz asko hitz egiteko gogorik. «Diskoak entzuteko egiten dira, eta haiei buruz hitz egiten dugunean topikoak besterik ez ditugu esaten, futbol jokalariek partidei buruz hitz egiten dutenean bezala». Badu horretarako beste arrazoi bat: grabazio prozesuak ez dio oroitzapen onik ekartzen. «Kantuak egiteko sasoia kenduta, oso gaizki pasa dut disko hau egiten. Ez dut batere disfrutatu. Ez da ekoizpena neure gain hartzen dudan lehen aldia, baina oraingo honetan zama handiago bihurtu da. Arduratuta ibili naiz soinuarekin, eta beti bezala, aho zapore gazi-gozoa utzi dit. Oso nekatuta amaitu dut, ahitua».

B aldeko kantuak (Gaztelupeko Hotsak) Murugarrenen bakarkako seigarren diskoa da. Aurretik beste hiru argitaratu zituen Sasoi Ilunak taldearekin, 90eko hamarkadan. Singleetako kantu arrakastatsuak laguntzen dituzten abestiak izan ohi dira B aldekoak, diskoan sartzeko aukeraketan baztertutakoak eta entzule gutxi batzuengana bakarrik iristen direnak. Murugarrenen iritziz, «kantu zalantzati eta zintzoak dira B aldekoak, eta aldiz, A aldekoak kantu biribilak eta distiratsuak, gizarteak onartutako edertasuna dutenak». Lehenengoak nahiago ditu kantariak, eta bereak multzo horretan sartzen ditu. «Musika egiten hasten denean bide bat hartzen da, nire kasuan nahigabe, eta bide horrek eramaten zaitu A aldera edo B aldera. Niri gizakion baldarkeria eta akats multzoa asko gustatzen zait, sentsibilitate hori daukat eta horrek eraman nau nagoen lekura».

Mindutako kantuak

Diskoari izenburua ematen dion kantuak honako hau dio: «jendeak ez gaitu maite, eta minduta gaude, min egiten dugu kantatzean / B aldeko kanta hauek, irratian entzuten ez direnak». Bere kantuez ez ezik, euskarazko kantu ororen patuaz ari dela Murugarren, uler lezake norbaitek. «Bai, zerikusia izan dezake horrekin ere. Nik uste dut zenbaitengan badagoela nolabaiteko dezepzio bat. Batzuetan zaila da zure lana serio hartzea herri honetan. Bueno, ez nuke herri honetan esango, zirkunstantzia honetan baizik. Zuzenekoetan gorabehera handiak daude, leku batean 200 lagun bil daitezke eta hurrengoan hamar. Horrelakoetan zaila da indarrak ateratzea eta hamar horiek berdin tratatzea. Diskoek izaten duten zabalkunde eskasak ere amildu egiten zaitu, zalantzan jarrarazten du zure lana. Nire kasuan, egiten dudanaren inguruko zalantzak ditut beti, eta behar dut norbaitek zerbait esatea, nire lana onartzea edo ez onartzea, baina zerbait».

Ohi bezala, Murugarrenek berak sortu ditu kantu guztiak, hitzak barne. Hotelek, autoek, maleta beteek, hiriek, gauak... osatzen dute beste behin kantuen iruditeria. Murugarren ohartu da horretaz, eta modu ironikoan aipatzen du Kantu xalo bat abestian («Xalo kanta dezaket, kantu xalo bat egin, ez delako egokia zamatzen zaituztenak behin eta berriro aireratzea»). Irribarre txikia atera zaio. «Kondenatuta gaude geure burua behin eta berriro errepikatzera, eta ezer gutxi egin dezakegu naturaren kontra. Baina batzuetan hobe da ez hitz egitea, behin eta berriro gauza bera ez errepikatzearren».

Bestelakoa da jantzia. 60-70eko hamarkadetako musika beltzera jotzen du diskoak hainbat momentutan -azalak, beltz eta urdin koloretan eta musikarien izenak erakutsiz, Blue Note jazz diskoetxearenak ekartzen ditu gogora-, gehienbat haize instrumentuen moldaketen eraginez. «Hain zuzen, neure burua 60ko hamarkadan jarri dut eta remake antzeko zerbait egiteko asmorik gabe, garai hartako zenbait elementu erabili ditut, ez bakarrik haize instrumentuak, baterian eta gitarretan ere gaur egun asko erabiltzen ez diren efektuak sartu ditugu». Murugarrenek berak sortu ditu haize moldaketak, etxean, saxofoi digital batekin. Ondoren, Asier Ituartek haize hirukotea zuzendu, eta bere ekarpenak egin ditu.

Hitzetan iluna bada ere, Murugarrenen diskorik argitsuena da B aldeko kantuak, eta, paradoxa bada ere, irratietan jartzeko aproposa. Barre algara egin du. «B aldeko kantuen kontu honekin hasi nintzenean, hit-ak ez diren hit-ak egitea nuen buruan. Kantu batzuk atera dira, bai, irratirako modukoak; kantu argitsuak dira, hala sentitzen dut nik ere. Baina hitzetan dagoen ironia beltzak ainguratu egiten du beste sentsazio hori. Ur bietan dabil diskoa».

B aldeko kantuen izaerari jarraikiz, abesti beraren bi bertsio grabatu ditu zenbait kasutan. Horietako batean, Irratia gauean (B), Audience taldearen laguntza izan du. «Maketa pasatu nien, eta nahierara moldatu dute, askatasun osoz. Zerbait berezia nahi nuen sartu, bakarka hasi nintzenetik 10 urte pasatu direla gogoratzeko». Bada Sasoi Ilunaken kantu baten moldaketa ere. Bizitza garratza da taldearen azken diskoan agertu zen, Harakina-n (Oihuka, 1998), baina disko honetarako soul balada bihurtu du Murugarrenek.

Azken urteetan diskoetan zein emanaldietan lagundu duten musikariekin grabatu du B aldeko kantuak: Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua), Miguel Ramirez (gitarra), Rafa Rueda (gitarra) eta Rafa Aceves (teklatuak). «Gustura gaude elkarrekin, eta uste dut urte askotarako dugula oraindik». Abenduan hasiko da kontzertuak ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.