Bere kantu bat lehiaketa batera bidali, lehiaketa irabazi, eta saria diskoa zela osatu zuen bere lehen diskoa. Ustekabean eta aldi berean gogo handiz, ordu arte erabili a capella kantuan eta gitarra akustikoan oinarritu estilotik urrundu, eta poparen mundura hurbiltzeko balio izan zion. Orain, bigarrena du atera Amaia Riouspeyrousek (Anhauze, Nafarroa Behera, 1984): Milaka (Agorila), ibiltzeko era seguruago batekin osatua. Lau urte dira proiektua abiatu zutenetik. Urte horietan, garai gogor zein zoriontsuek bete dute artista, eta horren adierazle ere bada emaitza. Ama eritasun luze baten ondorioz zendu zen, eta Kamila alaba sortu, biak epe motzean: «Sei hilabetez zure ama galtzea eta zu ama bilakatzea... Eta, aldi berean, zure amaren etsenplua ez hor izatea... dira bi memento... Emozio aldetik, ez dira batere berdinak, baina lotuak ere badira. Kamila sortu delarik, herioak aurpegira jo du berriz...». Diskoan bi kantu ditu bi gertakariak aipatzen dituenak, berak idatziak. Gauzen errateko beharretik abiatuak: «Gauzen errateak laguntzen zaitu. Nik badut ere nahikeria bat, hau da, Kamilak entzutea idatzi dudala hori momentu horrentzat, harentzat. Eta amarentzat ere, berdin. Amarentzat ez dut testu luzea idatzi. Sinple-sinplea da, beharbada zailagoa baita. Baina inportanta zen; den tokira igortzen diot kantu hori». Diskoko azaleko argazkian agertzen den sorgin belarra ere badu horri lotu sinboloa: «Lorea horia da hasieran, eta zuritzen delarik, ufatzen duzularik zerura doa. Maite nuen lore horren istorio hori, sinbolo hori. Hori da diskoaren haria».
Oro har, diskoko testu gehienak berak idatziak ditu. Estilo aldetik, pop rockaren estiloan segitzen du, nahiz eta soinu aldetik aniztuna izan diskoa. Batzuetan elektronikoago, besteetan rockago, eta balada erromantikoak ere tarteko. Eraginen artean, Brian Adams, Olivier Dagerre eta Shaka Ponk aipatzen ditu.
Itxaro Bordaren hitzak
Badu, aitzineko diskoan bezala, Itxaro Bordak idatzi kantu bat. Aldi honetakoak Driving du izena. Lanetik landa, autoan sartu, leihoak ireki eta bidea hartzean, laneko gorabeherak kanpoan utzi eta pizten zaion sentimenduz josia, Bordak idatzi dio, hark eman ideietatik. Gizarte laguntzailea da kantari anhauztarra, eta konplikazioak dakartzaten haurdunaldiei aterabideak aurkitzen aritzen da egunero Baionako ospitalean. Egunero «miseria» handi bat ikustekoa ematen dio lanak, laguntzea ez dena beti erraza. Hortaz, dela lanean edo bizi pribatuan, ororen buru, kantuak «hatsa» ematen diola ere esplikatzen du artistak. Egunak beteak izanik ere, horrek ematen diola segitzeko indarra.
Kantua «hats» delarik
Amaia Riouspeyrousek azkenaldian bizi drama eta zorionei hitzak eta musika jarri dizkie 'Milaka' diskoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu