Pantxoa Karrere. Musikaria

«Kantuaren eragina izugarria izan da herri kontzientziazioan»

'Anaitasuna' bakarkako diskoa kaleratu du Karrerek, Peio Ospital luzaroan bere bikotekide izan dena gabe. Kantuek mezuak transmititzeko duten indarrean sinesten du. Bihar kontzertua emango du Donostian.

ISABELLE MIQUELESTORENA / JOURNAL.
Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Pantxoa eta Peio bikotea erreferente da euskalmusikan, eta luzaroan izanen da, besteak beste, haien kantuak gaur egun ere abesten direlako. Bikoteak, ordea, bere ibilbidea etetea erabaki, eta bide propioari ekin dio Pantxoa Karrerek (Azkaine, Lapurdi, 1948). Anaitasuna diskoa kaleratu berri du, eta kantaldiak emateko gogotsu dago. Donostiako Antzoki Zaharrean eginen du bihar emanaldi bat, 19:00etan.

Donostiako emanaldia garrantzitsua da zuretzat?

Bai, berezia da niretzat Gipuzkoako hiriburuan abestea. Jendea hara joatea nahiko nuke; niretzat inportantea da. Bertan, musikari guztiak izanen dira, diskoan parte hartu duten guztiak. Semea eta alaba ere egonen dira.

Lau hamarkada baino gehiagoz abestu duzue elkarrekin Peio Ospitalek eta zuk. Arraroa egiten al zaizu hura gabe kantatzea?

Badira hiru edo lau urte jada geldituak garenak. Bikotean aritzetik, bistan da bitxi egiten zaidala, nahi ala ez. Baina jada barneratu dut egoera, beldurrik gabe. Hogei urteko gazte bat bezala, gogoz abiatu naiz diskoarekin. Peiorekin izan gabe ere, musikari denak lagunak ditut. Musikari onak eta lagun onak aldi berean. Ez da bakarkako lan bat, taldekoa baizik. Azken hogei urteak haiekin egin ditugu. Iñaki Dieguez gurekin dago duela urte asko. Harekin nahi genuen hautsi bikotearen itxura hori, gauza berri bat egiten. Hori ezin nuen nik bakarrik egin. Diskoan ahotsa eta pianoa dira kantuen oinarria: diskoa horren inguruan artikulatzen da. Nik biziki maite ditut Iñakik egin dituen moldaketak. Oso gustura egon naiz, izugarrizko gustua baitu Iñakik.

Euskal olerkari ospetsuen letrak hartu dituzue disko berrirako berriz ere. Zeren arabera hautua?

Nik, normalean, olerkiak irakurtzen ditut. Daniel Landarten bi eman ditut, adibidez. Lagun mina dut, eta kasik hamabost egunean behin kafea hartzen dugu elkarrekin. Olerki batzuk eman zizkidan behin, eta musikatu ditut. Emanen dizkidan beste batzuk ere eginen ditut. Baina nik, irakurtzearekin, gustuko ditudan olerkiak hautatzen ditut. Gustuko dut biziki Manex Erdozainzi Etxart, adibidez. Diskoko kantu hori grabatua nuen Peiorekin, baina Iñaki Dieguezek beste moldaketa bat egin du, biziki polita. Ederrak atzematen ditut hitzak.

Disko honetan, zure kantuak idazten ausartu zara. Zer moduz sentitu zara?

Lehen aldia izanik, uste dut ez direla beste munduko hitzak, baina esanahi handia dutela. Eman eskua elkarri egin nuen Durangotik Iruñera eskuz esku sortu zen giza kate erraldoi horren egunean. Hain liluratua sartu nintzen egun horretatik... Norbaitek nahi duelarik zerbait lortu, ez da posible hainbeste oztopo bidean topatzea. Katalunian zer pasatzen ari den ikus dezakegu. Kantuan erraten dut: «Aurrera doan herri bat ezin liteke geldi». Denak batera lotzen baikara, eta denok eman behar diogu eskua elkarri, lortu ahal izateko amesten dugun Euskal Herria.

Beste kantuan denoi gertatzen zaigun egoera bat aipatzen dut. Konpainia onean garelarik, momentu hori ez bukatzea nahi dugu. Giro onean zaudelarik, lagunekin parrandan, dantzan, eta tenorea heltzen denean joateko, pena duzu lagunak uzteko. Zentzu horretan idatzi dut. Anaitasunean gozatzen dugu, eta bat-batean joan egin behar.

Helbururen batekin sortu al duzu diskoa? Edo kantatzeko gogoa zeneukalako soilik?

Kantatzeko gogoa nuen. Asko gozatu dut diskoa sortzen; umore onean iragan da prozesua. Helburua da eskaintza partekatzea, gure xedea da disko honekin kantaldietan ibiltzea. Momentu on bat partekatzea, mezu batzuk ere pasaraztea jendeari.

Beraz, kantuaren bidez ere mezuak pasarazi nahi dituzu? Uste duzu lortzen duzula?

Bai, kantuaren indarra ikaragarria dela uste dut. Peio eta taldearekin jotzen, gure garaian sortu ziren kantaldiak. Beharbada ez gure merituagatik, gu momentu egokian hasi ginelako baizik. Hemezortzi urte genituen, eta kantuz hasiak ginen. Ostatuetan kantatzen zen, etxean, familietan. Gero hasi ziren etortzen Ez dok Amairukoak. Iparraldean ez zen deus abertzaletasunaz. Nork daki diskurtsoak heltzen ziren edo ez. Baina musikarekin, kantuaren bidez, mezu batzuk pasatzen dira. Kantuaren eragina, ni segur naiz, ikaragarria izan da herri kontzientziazio horretan. Dudarik gabe. Lehen, Iparraldean kantariak ziren Luis Mariano, koroak edota abesbatza batzuk. Gogoan dut ere Elkar argitaletxea sortu genuenean, Peio eta biok horren sorreran izan baikinen. Carrefourrek eta halako saltokiek ez zituzten gure diskoak jarri nahi beren dendetan. Nahiago zituzten Luis Mariano eta gainontzekoak. Jendea, orduan, hasi zen diskoak erosten, eta saltoki handietan gure diskoak eskatzen zituzten. Beraz, komertzioagatik deitzen hasi zitzaizkigun.

Diozunez, merituagatik baino gehiago, garai egokian abesten hasi zinetelako lortu zenuten arrakasta.

Peio eta biok 7 urtetik egon gara elkarrekin: eskola guztia egin dugu batera. Kantatzen hasi ginen 18 edo 19 urterekin, Manex Pagolaren kantuekin. Gero, [Telesforo] Monzon ezagutu genuen. Peio eta biok talde batean geunden. Horretan Euskal Herriko historia ikasten eta hausnartzen genuen, ez baikenekien gauza askorik. Abertzaletzen ari ginen. Monzon etorri zen kontatzera 36ko gerra eta historia, hau eta beste. Guk kantatu genuen, eta bertan zen Mikel Laboa ere. Bukaeran, Monzon etorri zen, eta erran zigun gustuko zuela gure kantatzeko manera. Erran zigun bazituela kantu batzuk idatziak, inork ezagutzen ez zituenak, eta plazerez emanen zizkigunak. Dena zortea izan dela pentsatzen dut.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean lehenetarikoak izan zarete zubiak sortzen, zuen lurraldeko sorkuntza Hegoaldekoekin konpartitzen?

Pentsatzen dut gu garela lehenak Hegoaldean kantatu genuenak. Gero, Etxahun, Larralde hasi ziren, Errobi taldea, Anje Duhalde eta Mixel Ducau. Pixka bat geroago, Niko Etxart, bere taldearekin. Ondoren, Erramun Martikorena, nahiz eta hura gu baino zaharragoa izan. Berandu hasi zen kantatzen. Eta guretzat biziki garrantzitsua zen hara joatea, eta hango kantariak hona etortzea. Iraultza bat izan zen. Ni oroitzen naiz: lehenbiziko kantaldietan, [Benito] Lertxundi edo [Xabier] Lete heldu zirenean, espainolak deitzen zituzten batzuek. Ez du inork erranen horrelakorik orain: izugarrizko aitzinamendua izan da hor. Orain, bi aldeetako abeslariak nahasten dira. Ez da erranen Benito espainola denik. Hegoaldekoentzat gu ez gara Iparraldeko kantari frantsesak.

Tentsio handiko garaietan abestu duzue. Nola bizi izan zenuten hori?

Momentu gogorrak izan dira, baina guk ez dugu fisikoki sufritu. Baina egia da kantaldiak antolatzeko zentsura zegoela 1976. urtera arte. Tentsio handiko uneak ere pasatu ditugu. Pentsatzen dut: izan bagina militante politikoak, zer gertatu izanen zen gurekin? Guk zortea genuen paper frantsesak genituelako. Garai hartan oraindik bazen nolabaiteko sinpatia bat. Enpatiarik ez, baina sinpatia euskal gudariekiko. Gero dena aldatu zen, François Mitterand eta Felipe Gonzalez gobernuetara heldu zirelarik, GALena gertatu zelarik.

Nola ikusten duzu euskal musikaren sorkuntza egun? Zuen musikari lekukoa hartuko dionik al dago?

Nik ongi atzematen dut musika mota guztiak egotea Euskal Herrian. Nik rocka biziki gustuko dut, nahiz eta ez dudan musika hori egiten. Ez rock gogorra, rock melodikoa erran nezake, biziki gustuko ditut Pink Floyd eta Phil Collins, adibidez. Edozein moldez ongi emana bada, egoki atzematen dut. Gero, gure estiloko musikarik dagoen ez dakit; ez dut sobera so egiten.

Kantatu dituzuen abestien mezuak gaurko errealitatera moldatzen dira?

Gure kantuetan badira oraingo mezuak ere. Batzuetan kantatzen denean, esaterako, «abertzale izanez gero, gaur, gauden denok alai». Kantuen mezuak, uste dut, heldu direla luzarora. Ez nuke nahi, adibidez, Itziarren semea abestiak errealitate bat irudikatzerik hemendik aurrera. Gaiak nahiko unibertsalak dira, iraunkorrak, eta iraunen dutela pentsatzen dut.

Anaitasuna izenburua, zergatik?

Atzematen dudalako anaitasun eskasa. Immigranteei buruzko gauza anitz entzuten ditut. Irudiek jende normala ukitzen dute; izugarrizko irudiak dira. Haien kontra mintzatzen entzuten dut jende asko. Frantses telebistan erraten etorkinak lotsagarriak direla, egon daitezela bere herrian, eta egin dezatela gerra han. Jende horiek ihes egiten badute beren bizia arriskatuz, erran nahi du zinez gaizki direla, eta guk anaitasunez nahi ditugu errezibitu horiek. Gure artean anaitasuna beharrezkoa da, eta anaitasunean eraiki behar dugu herri hau, bakoitzak bere ideiekin. Izan ahal ditugu ideia diferenteak, baina, aldi berean, anaitasunean bizi gaitezke.

Asmoa duzu kantuak idazten jarraitzeko?

Bai, gustuko dut, eta erretreta hartu dudan aldetik denbora gehiago dut. Lanean zarenean ez zara arrunt libre, eta erretiratua zarelarik baduzu denbora guztia. Gogoz nago kantaldietan ibiltzeko ere. Nahiko nuke Euskal Herriko zazpi puntetan ibili kantatzen ene musikariekin; momentu onak pasatu eta kantatzen segitu.

Donezteben lehena, bihar Donostian, eta hurrengo kontzertua non eginen duzu?

Badira beste batzuk, baina oraindik zehaztu gabe. Iparraldeko hainbat herritan eginen ditut kontzertuak, besteak beste. Disko osoa emanen dut kontzertuan, eta beste hamar bat kanta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.